Astekaria

 Bestelakoak 

Antzerki biluzia

Joxemari Carrere Zabala

Joxemari Carrere Zabala


2302. alea
2011-12-11
alde 1    kontra 0

Edozein espazio soil har dezaket eta eszenatoki biluzia dei dezaket. Gizon bat dabil espazio huts horretan beste batek begiratzen duen bitartean, eta hauxe da behar den guztia antzerki ekintza bat egiteko. Baina antzerkiaz ari garenean, ez dugu zehatz-mehatz hori esan nahi”. Hitz horiekin hasten du Peter Brook-ek Espazio hutsa bere lan ezaguna. Jakina, hau hasiera besterik ez da, hortik aurrera antzerkigintzaz lezio ederra garatzen du. Orain ordea, gera gaitezen kezka horrekin, alegia, zertaz ari gara antzerkiaz ari garenean? Abia gaitezen soiltasunetik, antzerkigintzaren hutsetik, Xabier Letek eta Eugenio Arozenak Intxixu antzerki taldearentzat idatzitako Antzerkia deuseztik izatera hartan hasi ziren gisan. Lan honetan kobazuloetatik egungo gizakiarenganako bidaia egiten da, antzerki adierazpen ezberdinak bidelagun.

«Eraikinak hor daude, euren leihatilekin, besaulki tolesgarriekin, oihal eta dekoratuekin, baina platearen erdian jartzen bazara ez duzu taula zeharkatzen ari den gizonaren pausorik entzungo»

Brookek duen antzerki ekintza soil hori agian lotu daiteke kobazuloetako garai haiekin, ezdeus horrekin gizabanakoaren izatearen eta munduaren gaineko gogoetak eta kezkak azaltzeko nahikoa zutenean. Historiaren garapenarekin batera antzerkia garatuz joan zen ordea. Espazio huts hura betetzen. Eszenatokia eraikin batez estali zen. Antzokia eraikin dotore bihurtu zen. Eta, horrekin batera, eszenatokiaren gaineko gizon hark garrantzia galdu zuen edukinontziaren alde. Antzerkira joatea espazio batera joatea bihurtu zen. Espazio bete batera, gauzez betea: “Esan ohi dugu, zinemak antzerkia hiltzen duela, eta esaldi horrekin zinema sortu zeneko antzerkiaz ari gara. Leihatiladun antzerkia, egongeladuna, ikusleak trabarik gabe ilara artean pasa dadin besaulki tolesgarriak dituen antzerkia, kandilejak, dekoratu aldaketak, ekitaldi tarteak, musika, definizioz antzerkia hori eta zerbait gehixeago izango balitz bezala”.

Badira urte batzuk idazle ingelesak lan ezagun hori argitara eman zuela. Badira urteak ere Lete-Arozena bikoteak ez-deusetik irteteko bidaia eszenikoa proposatu zuenetik. Krisiaren aurrekontuak osatzen ari diren honetan atzerako bidaia egiten ari dira ere, hutsera, alegia. Antzerkia eszenatoki huts bihurtzen ari da. Eraikinak hor daude, euren leihatilekin, besaulki tolesgarriekin, oihal eta dekoratuekin, baina platearen erdian jartzen bazara ez duzu taula zeharkatzen ari den gizonaren pausorik entzungo. Ezta Xelemon antzez-jokoa. Antzerkia biluzik sumatuko duzu, antzezlariak kalean baitaude, eraikinetik kanpo hutsaren hurrengoa antzezten.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza