Astekaria

 Deabruaren abokatua 

Gari

"Promozioa? Beti izan naiz desastre bat eta nire asmoa are desastre handiagoa izatea da"

Eguzki berritan dago.

Sustrai Colina

Sustrai Colina


2301. alea
2011-12-04
alde 34    kontra 1
Gari, abeslari mitiko ohia.
Gari, abeslari mitiko ohia. (Iñigo Azkona)

Ez dira betiko garai onenak, salda bukatu da... Eta orain zer?

Krisiari esker berriro gaude bizirik. Akabo aburgesamendu orokorra. Hemen denak izan gara burgesak, eskuinekoak eta ezkerrekoak, artistak eta ez-artistak... Pelikula honek suspensea behar zuen, eta orain espabilatzea tokatzen da.

Ez zara esaten hasiko disko batentzat hogei euro dirutza dela, ezta?

Jakina! Digitala merkeagoa izan arren, binilotik digitalerako saltoan prezioak bikoiztu egin ziren industriak patrikak betetzea erabaki zuelako. Baina galdera da: diskoak merkeagoak balira jendeak erosiko lituzke?

Zureak bai... Zu Gari mitikoa zara, garai mitiko bateko banda mitiko baten abeslari mitikoa.

Ni ez naiz hura. Iraganera begiratzeak ez dit indarrik ematen, ez dit interesik pizten. Nahiago dut beste ilusio batzuk bizi, beste bide batzuk urratu. Ez daukat gaurkotasuna besterik.

Ez al daude ba talde jainkotuen itzulerak modan?

Iragana eta hildakoak hilda daude. Hertzainak-en despedidako kontzertuen aurreko bolo-etara ez zen jendetzarik biltzen. Ez gaitezen engaina, taldearen oihartzunak pisu gehiago dauka orain orduan baino.

Hori promozio kanpaina on batekin berehala konpontzen da!

Promozioa? Beti izan naiz desastre bat eta nire asmoa are desastre handiagoa izatea da.

Desastreek onarpen sozial izugarria dute gurean.

Orain rockak prestigio soziala ematen du, BBK Live-n egon zarela esatea gizartean kokatzeko modu bihurtu da. Hori bai, rockaren instituzionalizazioak ez du errealitatea aldatu. Makro-jaialdiak espejismoak dira, moda pasarelak.

Esperantzara kondenatuak egon arren Euskadin rock and rollak ez duela inoiz dirurik emanen, alegia.

Ibilbide artistiko bat fondoko lasterketa bat da, eta zorionez, aspaldi isildu ziren sirenen kantuak. Garrantzitsuena nortasun propioko proiektu bereziak sortzeko gai garela da. Hortik aurrera, oihartzuna, erantzuna, medioak... Noren eskuetan gaude?

Kazetariei izugarri gustatzen zaie beraien esku zaudetela sinestea.

Egunkarietan ez dut musikarik ikusten, ez dago kritikarik. Tira, ez diozue kritika esango promozio orria hartu eta pare bat ideia txertatzeari, ezta?

Kontuz, e, erdaraz kantatzeagatik epelak bota zizkizuten eta!

Zer dira hizkuntzak? Erremintak. Zertarako dira? Elkarrekin kodeak adosteko, komunikatzeko. Zer gertatzen da? Nik oso garbi daukadala zer naizen baina hizkuntza bati modu interesatuan atxiki nahi zaizkion ideologiak ez datozela bat nirekin.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza