Astekaria

 Denboraren makina 

Lehen bonba-autoa gurdi bat izan zen

New York (AEB), 1920ko irailaren 16a. Mario Buda anarkistak bonba-auto bat jarri zuen Wall Streetetik gertu, Bartolomeo Vanzetti eta Nicola Sacco kideak atxilotu izana mendekatzeko. Italiarrak 45 kilo dinamita eta 230 kilo metraila prestatu zituen eta autoa eguerdian leherrarazi zuen. 38 hildako eta 400dik gora zauritu eragin zituen. Henry Ford hamar urte lehenago hasi zen autoak sailean ekoizten; beraz, autoa kontsumogai gisa zabaltzen hasi eta berehala bonba-autoa asmatu zela esan daiteke. Teknikoki, Budarena izan baitzen historiako lehen bonba-autoa. Kontzeptua, ordea, zaharragoa da, 120 urte zaharragoa hain zuzen.

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2300. alea
2011-11-27
alde 1    kontra 0
Ezkerrean, 1920an, Wall Streeten, Mario Buda italiarrak egindako atentatua, bonba-auto bidezko lehena. Ezkerrean, Napoleon Bonaparteren kontrako atentatua, 1800ean; autoa asmatu gabe zegoen artean, eta gurdia erabili zuten.
Ezkerrean, 1920an, Wall Streeten, Mario Buda italiarrak egindako atentatua, bonba-auto bidezko lehena. Ezkerrean, Napoleon Bonaparteren kontrako atentatua, 1800ean; autoa asmatu gabe zegoen artean, eta gurdia erabili zuten.

1800eko Eguberri bezperan, Napoleon Bonaparte lehen kontsula Parisko Saint-Nicaise kaletik pasa zen, eta hantxe aparkatutako kabriolet batek eztanda egin zuen. Bonba-gurdiak bolbora upel bat zuen lotuta. Bonaparte ez zuen ukitu ere egin, baina hildako eta kalte material ugari eragin zituen eztandak.

Georges Lenôtrek gordin deskribatu zuen atentatua La petite histoire lanean: “Haragi zati biluzi bat arroilan: neskatoa da, aurpegiko azala erauzita, garezurra txikituta, besorik gabe. Gizon bat handik 30 metrora dago; bestea, pareko etxeko erlaitzaren gainean. Bere kargura zuen zaldiari burua baino ez zaio geratu; gurdiari ezertxo ere ez, uztai bat eta aurrerago Longueville hoteleko teilatuan aurkitu zuten ardatz zati bat besterik ez”.

Bonaparte kontsulak jakobinoak jo zituen erreduntzat. Baina Joseph Fouché polizia ministroak zantzuetan oinarritutako dedukzio metodo berritzailea jarri zuen abian, eta erasoaren errudunak beste muturrean zeudela ondorioztatu zuen: erregezaleek prestatu eta leherrarazi zuten gurdi-autoa.

Fouchéren metodoak garrantzi handia izango zuen gerora, batez ere Arthur Conan Doyleren Sherlock Holmes fikziozko detektibeak bultzatuta. Eta esan beharrik ez dago Mario Buda anarkista ez zela izan Frantziako monarkiazaleek asmatutakoaren jarraitzaile bakarra.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza