"Nik afizio mota guztiak izan ditut beti"

  • Data zehatzak bata bestearen atzean, bertso zaharrak, haurrentzako jostetak, pasadizo xelebreak, karlisten abenturak, Luzaideko olen gorabeherak, eiherak, kontrabandoa, bertso gehiago, pilotariak, mugak, Luzaideko xuka mintzaira, ilargiaren eragina, Ameriketarako migrazioa, beste kantu zahar bat, auzo eta etxeen izenak, Bordel bertsolaria, Manezaundi idazlea, karakotxak edo bolanteak… Gai batetik bestera eramaten gaitu Angelek kasik arnasarik hartu gabe. Angel Aintziburu, urre bete buru.

Egun Aintziburu etxean bizi zara baina ez da zure sortetxea.

Ez, hau guk egina da 1964an. Airezko bideetan edo hari xuxenean hemendik kilometro batera sortua naiz ni. “Airezko bideetan” edo “hari xuxenean” euskaldun hitz hauek orain ez ditugu erabiltzen. Nik Bordeleren bertsoetan atzeman ditut. Ene sortetxearen izena Buruxuri zen. Hori ere aspaldikoa dela atzematen da, zeren eta Buruxuri izeneko borda eta pentzea badira Ondarrolako aldean. Mugak hori egin zuen aunitz gauzetan: muga zuzenean marraztu zuten eta haren ondorioz etxe batzuk Espainiako alderdian izanik, lurrak Frantzian zituzten, eta alderantziz ere bai.

Nola gogoratzen duzu zure haur denbora?

Zortzi senidetan hirugarrena naiz ni. Urte terribleak. 36an gerla izan zen. 35ean etxea erre zitzaigun guri. Doi-doi atera ginen. Lehenago etxeen gaineko estaian bazka eta belarra atxikitzen ziren eta han lotu zen sua. Aita eta ama ohartu ziren sutan zela eta gu atera eta berehala erori omen zen gaineko estaia. Ez dakigu zer gertatu zen. Ke-zilotik, tximiniatik, handik lotu zen edo, ez dakigu. Lau senide sortuak ginen orduan. Bi anaia gazteenak, aita eta ama aitaren sortetxerat joan ginen eta bi zaharrenak amaren sortetxerat. Urte berean egin zuten etxean eta elkartu ginen. Ez da gure haurtzaroa biziki alegera izan, ez, ez. Gerla ondoren aunitz karabinero, guardia zibil, izan zen herrian. Horiek ez zuten bizi onik uzten hemen. Behar ziren gauzak ez zituzten uzten. Guk ez dugu arazorik izan gauzen atzemateko, jende onak baitziren Bankako aldean, Arnegin eta Ondarrolako alderdian ere, eta guk beti bildu dugu ogia, artoa, azukrea, txokolatea eta horietakorik. Txokolate ola bat bazen hemen berean, Espainiako alderdian. Jabeak Arnegikoak ziren. Txokolatea egiten zuten biziki ona eta saltzen ziguten nahi genuen guztia, baina ez ginen menturatzen aunitz hartzen, bidean kentzen baitziguten. Ogiarekin berdin egiten zuten. Hemen ez zegoen eta ezin egin, eta gainera handik ekartzen bagenuen aunitzetan kentzen ziguten. Luzaiden izan dira hiru gizon karabineroen tiroek hilak. Bat gerlan eta gerla pasatu ondoren biga.

Zertan aritu izan zara lanean?

Aunitz gisatara jokatu naiz: ardiekin, behiekin… eta oihanean zura erosi eta saldu egiten nuen. Aizkorarekin eta trenka-segarekin zuhaitzak botatzen ere ibilia naiz. Kontrabandoan ere bai, dudarik gabe. Hemen kontrabandoa ezinbestekoa zen zeren eta lur eremu ttipiak dira, eta azienda mendi aldean egoten da udan, baina negua hor da berriz eta bazkendako eta aterpeendako belarra behar da. Denetarik pasatzen genuen. Gerla garaian handik ekartzen genuen jateko aunitz gauza eta hemendik eramaten genituen espartinak, oihalak eta galtzak, hemengo gerla bukatu eta instantean hasi baitzen hangoa eta han ere gauzak eskastu ziren. Ogia hemen baino lehenago han zuten ausarki eta handik ekartzen genuen. Ehierak bazituzten eta izugarri irin ona egiten zuten. Elkarren laguntzaile izan gara hemen eta gerla aurretik ere gisa berean. Azken urteetan kamioizalea izan naiz.

Luzaideko jende aunitz Ameriketara joan izan da.

Lehen Argentinara joaten ziren. Aunitz karlista ere gerla galdu zutelarik, Argentinara joan ziren, baina gero hango diruak balioa galdu zuen eta gero Ipar Ameriketara joan ziren aunitz. Aita, hiru anaia eta arreba egon ziren. Anaiak hilak dira, baina arreba han bizi da. Han lurrak irauli eta zerradurak egin zituzten eta aziendendako bazkak eta oihana landatu zituzten. Dirurik ez zegoenez, sekulako lur eremuak ematen zizkieten lanaren truke eta aberasten ziren instantean. Gero diruak balioa galtzeak moda hori hautsi zuen. Batzuk berant joan ziren eta ez zuten dirurik egin.

Zu ez zinen joan?

Ez. Ni ez naiz aski ernea izan hara joateko. Ez dakit nik. Herria ez nuen utzi nahi. Egoten naiz aunitz aldiz pentsaketan hango jendeak zer sufritu zuten, honat ezin jina (etorri) egin. Ikustekoa da nola hemengo dantzak eta abestiak segitzen dituzten hor. Herriminak sortzen du hori. Nik moralki sufrituko nuen. Dirua eginen nuen menturaz, baina sufrituko nuen. Hemen ere ongi bizitzen da, aski saiatuz gero. Badakizu bizian zer den gauza interesantea? Ekonomikoki bizitzen ikastea. Erran zaharrak dio badirela pobreak dirurik baizik ez dutenak. Beti sosa, beti dirua. Dirua behar den gauza da baina moralak balio handia du. Morala galtzen bada ez da diruarekin ordaintzen. Anekdota bat migrazio kontu hauen inguruan. Izan dira truku politak: aldi batez baziren Luzaidetik hogei bat gazte Ameriketara joan beharrak, baina behar zuten idazten eta irakurtzen jakin. Hemengo sekretario Marcos Flores izeneko batek ezarri omen zien idazten zekiten hamarrei ez zekitela eta ez zekitenei aldiz, bazekitela. Horrela hauei ez zieten ezer exijitu, eta besteei bai, baina orduan erakutsi zuten idazten zekitela eta denek pasatu zuten.

Kontakizun hauetako anitz ahoz aho transmititu izan dira urtetan. Zuk ere hala jaso dituzu?

Lehen bazen ohitura arratsetan, supazterrean egoteko, batez ere neguan gaua luzea zelarik eta hor hasten ziren bal-bal-bal gauzak erraten. Belaunaldiz belaunaldi hantxe egoten ziren. Haurren jostagarri baziren aunitz istorio. Orduan ez zen oraingo panpinarik eta halakorik. Haurrak ginela xirulak egiten genituen. Laira bat hartu izerditan zelarik, larrua atera eta horrekin xirula egiten zen. Edo istorio kontan hasten ziren. Haur txikiei eskuko erien izenak erraten zizkieten, adibidez: “Eri ttikia, haren mutila, lanpero, lanpetit eta zorri hiltzailea”. Edo beste hau: “Honek xori bat ekarri, honek bipildu, honek saltseatu, honek dastatu eta tripa handi horrek dena jan”. Beste bat kantatzen genuen: “Kukurruku/ Zer du oilarrak?/ Buruan min/ Zerk egin?/ Axerikok/ Non da axeriko?/ Sasipean/ Non da sasia?/ Suak erre/ Non da sua?/ Urak itzali/ Non da ura?/ Idiak edan/ Non da idia?/ Alorrean/ Zer ari da?/ Artoa ereiten/ Zerendako da artoa?/ Oiloendako/ Zerendako dira oiloak?/ Arrautza egiteko/ Zerendako dira arrautzak?/ Apezendako/ Zerendako dira apezak?/ Meza emateko/ Zerendako dira mezak?/ Gu eta mundu guztia salbatzeko!”. Gure haur garaian oparirik ez zen egiten. Bazen morrodua. Amatxik morrodua igortzen zidan eguberri guztiz. Morrodua ogi mota bat zen. Ogi berezia. Aitatxik, aldiz, diru pixka bat edo zenbait jostagailu oparitzen zigun.

Nondik heldu zaizu historiarekiko zaletasuna?

Nik afizio mota guztiak izan ditut beti, baina ez nintzen heltzen denak betetzera. Banuen dantzarako, pilotarako afizioa… Karakotxekin, bolanteekin, hasi nintzen dantzan 15 urterekin. Eskolan historiarako zaletasun guttiena nuen, baina gero gustatu zait jakitea lehenagoko historiak. Historia zaharrak nahiago ditut. Ahal dudan denbora guztia ematen dut irakurtzen eta gauzak bilatzen. Orain ez dut ongi ikusten, baina honetan pasatuko nuke denbora guztia. Luzaideko etxe guztien kontakizuna bildua dut, zutik diren etxeak eta azken mende hauetan desagertu direnak ere bai.

Kantu saio anitzetan parte hartzen duzu, eta bertso zahar pila dakizu buruz. Bertsotan ere saiatu zara?

Nik bat-batean aritzeko ez dut prestasunik izan. Horretarako behar da gaztetik hasi eta nik banituen beste buruhauste batzuk gazte denboran.

Zer da euskara?

Aunitz da. Euskara da hizkuntzarik zaharrena. Beste hizkuntzen beharrik izan ez duena. Harribitxia da, altxatu beharko luketena eta begiratu beste bitxiak begiratzen diren bezala. Baditu aunitz gauza beste mintzamolde batzuk ez dituztenak. Soizu, adibidez, zenbat hitz dagoen gaztelaniazko “celo” adierazteko, animalia bakoitzak berea du: ardia arkara, ahuntza ahunzkara, behorra giri, behia susara, zerria irausi, oiloa koroka, katua ohara… Ea zer hizkuntzek dituzten gauza horiek! Enetako mintzamolderik politena xuka da. Goxoa da. Zuka errespetua da, toka ausartzea da eta politena xuka. Haur bati xukaz aritzea oso polita da. Beste gauza bat: zer da Nabarra? Hizkuntzako hitzik zaharrenetarikoa da. Zerengatik? Egun guztiz iluntzen duelakotz. Eta iluntzerakoan ilunabarra da. Ez da argia ez iluna. Eta Nabarrari izen hori jarri diote lurraren kolorearengatik. Nabarrako lurrak baditu kolore guztiak, sasoi desberdinetan, nahi baduzu, baina guztiak.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Euskal Herriko etorkizuna kontzientzian da. Ari da aunitz jende lanean horretan. Bagenu kontzientzia euskaraz egiteko, euskara salbatzea litzateke. Badira milaka haur euskaraz dakitenak baina hor dago arriskurik handiena: euskaraz ikasita ere erdaraz hitz egiten dute. Denek zerbait egin behar dugu. Nik uste dut behar dela inarrosi zerbait gisa. Iratzarri sentimenduak. Baina ez da harritzekoa. Euskara egona da zoko batean bezala mendeak eta mendeak, baina orain egunkariekin eta diskoekin zabaltzen ari da gehiago. Ez dut uste galduko denik. Behar da kontzientzia hori sarrarazi, euskara dakitenak mintza daitezen. Duela 40, 50 urte zegoena eta orain dagoena, Iruñean adibidez, ezin da konparatu. Zenbat haur euskaldun dagoen orain!

Naturatik gertu bizi izan zara beti.

Erranahi handia du naturak. Beste gauza batzuetan hausten dugu orain burua eta hori uzten dugu bazterrerat. Begira ilargiaren gorabeherak. Ez diogu kontu handia ematen baina ilargiak ikaragarriko erranahia du gure bizitzan. Haurrak ttipiak direlarik zizareak ukaiten dituzte eta ilargi aldaketan ageri dira. Arbola mozten baduzu neguan beherapenarekin lairak gutxi haziko dira, baina mozten baduzu gorapenarekin aterako dira gora berehala. Aunitz gauzetan naturatik ikaragarri urrun bizi gara orain. Lehenago burdina oletan urtzeko aunitz su behar izaten zuten eta oihanak soiltzen zituzten horretarako. Eugiko armaola bertze toki batera eraman behar izan zuten egurra finitu zelakotz. Baina bazekiten, bere heinean, egurra nola ekarrarazi lasterrago. Arbolak ez zituzten sekula azpitik mozten baizik eta bi, hiru metroetarik eta gorapenarekin adarrak botatzen zituzten, lehenbailehen goiti joan zitezen. Horrelakoak badira aunitz adibide.

Nortasun agiria

Angel Aintziburu Luzaideko Buruxuri etxean sortu zen 1930eko uztailaren 3an. Gurasoak ere luzaidearrak zituen eta beti Luzaiden bizi izan da. Ezkondua, bost seme-alaben aita eta hainbat semetxi-alabatxiren aitatxi. Aintziburuk euskara eta Luzaideko aspaldiko istorioak maite ditu. Duela hamalau bat urte Nafarroa Behereko Irulegi Irratiko berriemailea da. Aezkoako Irati Irratian mintzo ohi da eta Iruñeko Euskalerria Irratian ere maiz egin izan ditu kolaborazioak. Ezin konta ahala ordu eman ditu artxiboetako paper eta liburu zaharretan informazio bila eta horien emaitza dira berak idatzitako bi liburuak: Jean-Baptiste Etxarrenekin batera Luzaiden gaindi (Elkar 2002) eta Luzaiden gaindi II, (Elkar 2009). Luzaideko etxeen izenak eta haien istorio txikiak ditu ordenagailuan bildurik, argia noiz ikusiko zain.

Off the record
Pasadizoak

Euskarabidearen http://mediateka.fo-noteka.com webgunean entzun daitezke Angel Aintzibururi eginiko hainbat elkarrizketa. Horietan bere ahotik Bordel bertsolariaren pasadizoak eta bertsoak, karlisten garaiko istorioak, haurrentzako josteta eta kantuak, sendabide naturalak, pilotari zaharren anekdotak eta hamaika kontu gehiago aditu ahal izanen ditugu.

Euskaraz

 “1854an egin zen Arnegirako burdin bidea. Begira garai hartan zeinen euskaldunak ziren herria eta baita Iruñea ere: herriko etxetik laguntza eta bidea zabaltzeko eskubidea galdegin zuten Iruñean. Galdera egina zen euskaraz eta handik erantzuna eta onarpena euskaraz bidali zituzten eta enkantea ere euskaraz egin zen, dena euskaraz”.

San Kristobaleko ihesaldia

 “1938ko maiatzaren 22an Iruñeko San Kristobaleko presondegitik eskapatu ziren ia 800 preso eta harrapatu edo hil zituzten hiru salbu besteak. Hiru horietarik bigak hemendik pasa zuten muga. Hemengo batzuk anitz lagundu zieten eta Arnegitik zaldiz eraman omen zituzten Donibanerat. Han ostatu hoberenean ezarri omen zituzten eta handik Argentinako alderat, uste dut, pasatu zirela”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude