Andoni Agirregomezkorta
Barkua erabat hondoratu baino lehen jaitsi da kapitaina.
Aizu...
Gauzatxo bat: ez nintzen kapitaina, baina jaitsarazi naute, bai, ni eta beste lagun asko. Barkuaren popatik gainera. Eta barkua hondoratzear dagoen ikusteko dago oraindik.
Zazpi urte luzez Vaya Semanita-ko burua izan zarela esango dut hortaz.
Burua bai, baina ez ikuspegi hierarkiko edo anatomiko batetik: estetikotik baizik. Nire irudia saioaren markarekin lotua zegoen nolabait. Inongo aginterik gabe, ordea.
Arraroa egiten zait: dekapitazio bat saioaren birmoldaketa hutsagatik...
Baita niri ere, ez zara arraroa egiten zaion bakarra. Are gehiago, ez dut ulertzen eta ez nator bat hartutako erabakiarekin.
Presioak izan dira azken garaiotan, umore zuriagoa egiteko, adibidez?
Ez nik dakidala. Benetako kapitainei galdetu beharko genieke agian. Gainera, saioaren ezinbesteko baldintza izan da mundu guztia zirikatzea hasieratik. Oreka galduz gero, akabo.
Transgresioa deitu dio norbaitek horri...
Zalantzarik gabe, baina ez gara ez bakarrak, ez lehenak. Izan dira beste batzuk, beste neurri batean horretan aritu direnak. Eta datozela gehiago!
ETA inaktibo dagoenetik saioari audientziak apaldu egin zaizkio nabarmen...
Ez dut uste erlaziorik duenik. Hori bai, pena eman dit Vaya Semanita-n ez egoteak ETAk bere ekintzak bertan behera uzteko erabakia hartu zuenean.
Akaso izango da politikariak barregarri uzteko politikariak baino hoberik ez dagoela...
Beste egia borobil bat. Baina askotan ez gara horretaz konturatzen eta eskertzekoa izaten da errealitate hori umorez erakusten saiatzea.
Antzarak metro batzuk egiten ditu bururik gabe. Iraungo al du saio berrituak?
Batek daki. Erronka handia dute: audientzia baxua, aktore gehienen aldaketa, saioaren estrukturaren aldaketa osoa, emisio egun aldaketa... Gauzak dauden bezala, ia hobeto etxetik ikustea!
ETB2 inoizko daturik eskasenetan dabil.
Eta garai oparo batetik zetorrenez jauzia handiagoa izaten ari da. Audientzia txikia duenez, diru gutxi jasotzen du, eta dirurik ez duenez, telebista inguruan lan egiten duten asko langabezian daude...
ETB publiko, lehiakor eta kalitatezkoa nahi badugu, zer egin?
Hasteko, ez legoke gaizki gu kalera botatzeko izan duten begirune eskasa, okerreko erabakiak hartzen dituztenak botatzeko erabiliko balute.
2# | gurutz | 2011-11-30 22:28:59
Ezin det <ukin adosago egon Derzu,a ze kakamokordoa bihurtu dan/zen.
1# | derzu | 2011-11-30 16:31:13
ez nuke zirikatzaileegia izan nahi, baina Vaya Semanitak umore beltza egiten d/zuela, transgresorea d/zela, politikari guztiak zirikatzen d/zituela... barkatu, baina... Vaya Semanita berdinari buruz ari gara? Vaya Semanitak (lehen denboraldiak izan ezik, agian) topikoz beteriko umore oso zuria egiten duela iruditzen zait, merke xamarra eta satira politika ia sekula egin gabe. Alde horretatik, TV3eko Polònia saioak sekulako errepasoa ematen dio Vaya Semanitari, baita hizkuntzari dagokionean ere, saio elebiduna izatean hizkuntzaren situazio (a)normala umorearen jo puntu baita maiz. Umorea egiten zuela ezin uka, baina umore inteligentea edo beltza edo politikoa edo transgresorea... inondik inora.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa