Astekaria

 Diskoak 

Tematia izateak ordaina du

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2299. alea
2011-11-20
alde 0    kontra 0

XARMA :: Karenka

Autoekoizpena

Iraupena :: 50´06

8€

Ondarroa, Donostia, Berriz eta Beizamako kideak dituen talde hau gero eta indartsuagoa da bai musika estiloetan, baita jarreran ere. Bidegabakeria eta oztopoei karenka, aurrez aurre, irmo egiten ikasi eta hori plazaratu dute bigarren disko honetan. Jauko Barik, Keike eta beste hainbat taldetan trebatutako musikariek Danbaka Musika Lehiaketaren laugarren edizioa irabazi ostean grabatu dute diskoa. Metalaren erritmo eta hardcorea ageri badira ere, jomuga punk-rockean jarri dute eta gitarra hard-rockeroak nabarmendu dira. Hala ere, taldearen marka den melodiak protagonismo handia du eta Jon Kirrurekin batera gitarra eta ahotsean aritzen den Itsasok melodiak gehiago aberastu ditu. Ondarroako aspaldiko RSK taldea bertsionatzeaz gain, Ikasle Abertzaleen kanta idatzi eta Gerra Zibilari ere abestu diote.

"Autoekoizpena lan handia da, baina pertsona eta talde bezala indartzen zaitu"

Bizitzan aurrera egiteko Karenka jarri beharra dago?

Bai. Ni oso idealista izan naiz eta luzaroan ametsak irudikatu ditut. Eta, burugogorra ere banaizenez, askotan norbaitekin edo zerbaitekin aurrez aurre topatzen duzu zeure burua. Ikasitakoek indartuta, sinisten duzunagatik borrokatzeak merezi du.

Oso melodikoa eta indartsua. Hala definitu dezakegu Xarma?

Bai. Gainera, hau Amaraunak [aurreko diskoa] baino indartsuagoa da. Horren bila joan gara. Barne haserrea askatzeko baliabide ezin hobea da Xarma.

IAren kanta egin eta Gerra Zibileko testuak ere musikatu dituzue. Aurrera begira zaudete, iragana presente duzuela.

Iragana eta etorkizunaren arteko muga da oraina. Bizi beharrekoa. Ezin iraganari ezta etorkizunari so egin gabe bizi. Iraganeko bizipenek orainaren pertzepzioa baldintzatzen digute, eta sentitu ditugunak etorkizunean aurrekari gisa erabiliko ditugu. Halere, egunean egunekoak bizi eta sentitzea da gure erronka.

Disko honetan punk-rock gitarreroak duen presentziak harritu nau.

Kantak barnetik ateratzen diren bezala adierazten ditu Xarmak. Barnetik ateratzen zaiguna egiten dugu. Egiten dugun musikak guk bizi izandako eraldaketa bera jasaten du.

Autoekoizpena zuen habitat naturala da?

Autoekoizpena lan handia den arren, oso aberatsa da, eta pertsona eta talde bezala indartzen zaitu. Gure printzipioetara gehiago hurbiltzen delako hautatu dugu.

Nolako esperientzia izan da Danbaka lehiaketan parte hartzea?

Oso ona. Ate asko ireki dizkigu. Jende oso jatorra ezagutzeko aukera eman digu. Eta Xarmaren ibilbidea aberastu du.

Zer ematen dizue musikak, luzaroan horretan aritzeko?

Banakako ekintzetatik ekintza sozialera pasatzen den jarduera da musika. Kantak bakardadean sortzen dituzu, eta gero lokalean taldekideekin konpartitu. Azkenik, ezezagunen aurrean plazaratu. Barne poz ikaragarria ematen du

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza