Euskararen trenen talka

Eusko Legebiltzarrak abian jarri berri duen Kontsumitzaileen Legea aldatzeko ekimenak erabat berresten du, tamalez, Bat Soziolinguistika aldizkarian (76. zk.) plazaratzen genuen gogoeta. Alegia, euskara antzemateko eta ulertzeko bi modu nagusi daudela (Frame Aldarrikatzaile eta Frame Herabe), biak elkarren aurkakoak direla eta bigarrena lehenengoari lekua jaten ari zaiola. Legebiltzarraren aldaketa horren ondorioz euskaldunok ez dugu euskaraz artatuak izan beharko saltoki handietan. Alegia, Frame Herabearen beste urrats bat gehiago da, Frame Aldarrikatzailearen euskararen aldeko pauso hori ezerezteko. Euskararen trenen talka.

Funtsean dagoena hauxe da: euskara antzemateko eta ulertzeko bi modu (frame) horietako batek lortzen duena, besteak deuseztatzen ahalegintzea. Hori da, hain zuzen, edozein aurkariren arteko ohiko jokoa eta, askotan, protagonistak eurak hondamendira daramatzana.

Zer egin ataka gaizto horretatik ateratzeko? Euskaltzaleen Frame Aldarrikatzaileak beste ikuspuntu horri aurre egin eta mendean hartzea ezinezkoa da, gaur egun. Gainera, une batez posible balitz ere, euskararen etorkizuna ezingo litzateke eraiki aurkarien joko horren gainean. Funts hori ezegonkorra da; alegia, botere-guneen indar-korrelazioaren arabera hizkuntza politika eta plangintza aplikatzen eta indargabetzen txandaka ibiliko lirateke, behin eta berriz. Hori ez da euskarak behar duen funts sendoa etorkizun duina bermatzeko. Joko-baldintza horiekin, euskara galbidera daramagu.

Egungo egoeraz jabetuta, irtenbide bat baino ez dut ikusten: gehiengo zabal batek partekatuko duen euskara antzemateko eta ulertzeko ikuspegi (frame) berri bat sortzea eta gizarteratzea. Bide horretatik aurreratu ahal izateko baldintza bat hauxe litzateke: gehiengo zabalak euskararen etorkizuna bermatu nahi izatea, zinez eta minez.

Ondoren egin beharreko urratsak hauek lirateke:

a) ezinbestekoak diren hizkuntza-politikak negoziatu eta adostea;
b) politika horien emaitzen balioztapen zintzoa burutzea;
c) ebaluazio horren araberako neurri zuzentzaileak diseinatu eta ezartzea.

Egia, planteamendu hori gauzatzea ez da erraza. Baina, gakoa ez da zailtasuna, borondatea baizik. Borondatea bizirauteko, aukerari eutsi ezean amaiera iluneko egoera gatazkatsuan murgil gintezkeelako.

Gainera, proposatutako irtenbide horrek badu aurrekari historiko garbia, Finlandiakoa, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik Bat Soziolinguistika aldizkarian (30. zk.) kontatu duen bezala: “Iparralde aurreratu eta baketsu hartan, azkeneko ehun urte honetantsu, hizkuntza borroka gogorra” eta “bost hilabeteko gerla zibila” (1918an) gertatu ziren. Gatazka hori suediera eta suomi (edo finlandiera) hiztunen artekoa izan zen. Nola bideratu zuten egoera? Hori ez dugu zertan zehatz-mehatz jakin, hango eta hemengo nahiz garai hartako eta egungo egoeren arteko aldeak handiak direlako. Dakiguna da hizkuntza horiek bi-biak ofizialtzat jo eta, lekuan lekuko hiztun-proportzioen arabera, eskubideak eta neurriak finkatu zituztela. Hori ez ezik, urteak pasa ahala, neurri horiek egoera berrietara egokitzeko ere gauza izan ziren. Horretara iristeko emango zuten lehenbiziko pausoaz ez dago duda handirik: egoeraz hausnartu, negoziatu eta adostea. Hori dena posible dugu guk geuk ere, baldin eta euskararen etorkizuna bermatzeko batzuen eta besteen gogoa benetakoa bada.


Azkenak
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude