Astekaria

 Ttakun(h)Errenka 

Miseria bilatzaileak

Beņat Sarasola

Beņat Sarasola


2298. alea
2011-11-13
alde 31    kontra 0

Baiki, Jose Luis, nork esango zigun ETAren akaberak prentsan idazten harrapatuko gintuela, eta noiz eta orain, kontuaz dagoeneko milioika hizki idatzi diren honetan. Zer idatzi? Gelditu al da ezer esateke?

Sentimendu kontrajarriak aipatu dituzu, eta aski esanguratsua da jendeak izan dituen erreakzioak zeinen ezberdinak izan diren. Kontu honek dituen ertz ugarien testigu nolabait, zeren, afera batzuk dioten bezain erraza balira garbi legoke nortzuk egongo ziratekeen pozik, zeintzuk goibel. Alta, denetarik ikusi dugu. ETAren kontrako borrokan engaiatutako batzuk triste “terroristen xantaiari men egin zaiolako”, beste zenbait pozik “demokrazia eta zuzenbide estatuak garaitu dituelako”. ETAren jarraitzaileen artean, antzera. Batzuk pozik borroka militarra uzteko momentu perfektua dela sinetsirik, borroka politikoan garaile izateko. Beste zenbait triste, armak horrela uztea porrotaren eta errenditzearen seinale delakoan. Indiferentziaz, akiturik, hartu dute albistea ez gutxik halaber. Neroni dagokidanez, aitor dut, espero baino entusiasmo handiagoz jaso nuen.

Ez naiz batere originala, nik ere urte asko alferrik igaro direla irizten duten horietakoa naiz, borroka armatuan tematzeak onura baino askoz kalte handiagoa eragin duela pentsatzen dutenetakoa. Erraza da hori orain esatea, bai, eta kontrakoa adieraztea, besteak beste, ilegala; bakarrizketa huts batean ez erortzearren, ez naiz luzatuko. Gainera, inguruotan oraindik dauden bidegabekeria saldoa ikusita, pentsatzen nuen asko kostatuko zitzaidala gogo-beroturik ipintzea. Kontent jarri nintzen ordea, aski kontent.

Urte guztiotan argudio ezin finagoak landu ditugu, zer eta gure miseria albokoarena baino hagitzez dorpeagoa zela frogatzen ahalegintzeko. Esango didazue nola arraio bizi daitekeen horrela

Gerora, aldarte horren zergatia aurkitu nahian, ohartu naiz, nagusiki, arrazoi batengatik ipini naizela hain alai: miseria bilatzaileak izateari utziko diogulako. Izan ere, gauza bakarrera mugatu ohi ziren, eskuarki, berehala pipertzen ziren indarkeriaren inguruko diskusio amaiezin horiek: nork miseria gehiago zenbatuko bere inguruan. Batek 1.000 hildako aipatzen bazituen, bere aurkariak Estatu espainiarrak frankismoaz geroztik eragindako biktimak ekarriko zituen hizpidera, lehenengoak egunero bizkartzainekin ibili beharra gogorarazten bazuen, besteak “eta tortura kasuak zer?” esango zuen. Batek Miguel Angel Blanco izena ahoskatuko zuen hots handiz, besteak Lasa eta Zabalarenak. Batek mehatxuengatik ihes egin behar izan dutenak mahai gaineratuko zituen, besteak dispertsioaren kariaz hildako senideak. Halaxe pilatzen ziren bakoitzaren aldamenean miseriaren zabortegiak, norberaren zabortegia hurkoarena baino handiagoa ei zelako harro. Ahaztua zenuen biktima edo bidegabekeriaren bat gogoratuz gero, pozarren ipiniko zinen, aurkariak atzera bota ezingo zizun argudio bat topatu zenuelakoan. Eztabaida irabaziko zenuelako segurtasunaz jaurtiko zenion aurkikuntza, behazunez hordi, baina orduan hark ere beste biktima bat aterako zizun sakelatik oharkabean. Urte guztiotan argudio ezin finagoak landu ditugu, zer eta gure miseria albokoarena baino hagitzez dorpeagoa zela frogatzen ahalegintzeko. Esango didazue nola arraio bizi daitekeen horrela.

Zerbaitengatik akituta baldin banengoen, horrela ibili beharragatik zen. Zabortegi handiegia pilatu zait aspaldi handitik eta ez dut miseria txapelketa honetan jarraitzeko batere gogorik. Kontrakoa pasatzen bada oraindik miseria gehiago pilatu ahal izango dute anitzek, baina arren, aska ditzatela behingoz, hala-nola, Jarrai-Haika-Segi, 19/98 eta Bateragune auzietan zigortutako lagunak. Aska ditzatela orain.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 5# | Markos Zapiain | 2011-11-19 10:36:29

    Animo, Beņat. Izugarria da nola errepikatzen ditugun taldexka ustez kritikoetan agintekeriazko tik eta hizkerak. Egia esan, nazkagarriak ez diren giza harremanak komando matxinoetan eta edonon dituzu urriak, eta zure eta nire artekoari babestu beharreko eskas horietakoa deritzot, beharbada ez dugulako elkar ikusi behin baizik. Besarkada handi bat.

  • 4# | Joni Ubeda | 2011-11-15 20:03:46

    Zuk uste Beņat #2ri erantzuteak merezi duela? Aritu naiz pentsatzen erantzun dotore batean, baina ez du merezi. Nire ustez #2a idatzi duenak baldar jokatu du. Pentsatzen jarrita, zein da bere helburua? Zu gutxiestea. Ez da iritziaren muinera sartzen, ez zaiolako interesatzen. Ez buelta gehiegi eman, segi idazten!

  • 3# | Beņat Sarasola | 2011-11-15 14:27:56

    Marka da gero bere izen abizenaz sinatzen ez duenak neutraltasuna leporatzea besteri.

  • 2# | unai | 2011-11-15 11:01:37

    Hara gure Beņat, politikoki ez dago ez alde batean eta ez bestean. Denen gainetik dago apika. Eta beste guziak (posizio politiko bat hartzen dutenak alegia) gogaikarri tonto batzuk dira. Zu bai listoa.
    Artikuluaren bukaera ere mundiala, askatu ditzatela bateragune, jarrai..., 18/98koak (besteak ez dakigu zergatik ez) zeren hori salatzen dutenak Beņat gogaitu egiten dute. Beraz askatu ez justizia dela eta, ez. Askatu berorri gogaitu egiten dutelako. Beņaten ustezko neutraltasunaren pulpitutik idatziriko beste artikulu bat. Zenbat mandarin.

  • 1# | Goņi | 2011-11-10 22:24:10

    Oso ond, gizon...Ematen du bezegoela zer idatzi, ez?
    Ados esaten duzun guztiarekin. Guzti-guztiarekin bat. Are gehiago, egin duzun amaieran idatzitako horrexekin ados banago ere, ez diot aurretik esan duzunarekiko loturarik ikusten. Je, je,je...bazegoen zer kritikatu...

Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza