Astekaria

 Liburuak 

Maiakovskiren musak

Igor Estankona

Igor Estankona


2297. alea
2011-11-06
alde 1    kontra 1
Scanner
Scanner

Leire Bilbao :: Scanner

Susa

84 orrialde

12.20 €

Titulu futurista gora-behera, ez da liburu hotza Leire Bilbaorena. Scannerra pasatzen die ohiturei eta harremanei, eta heroi izan nahi ez dutenen poesia xamurra dakar: zati bat berea da, beste bat edozeinek sentitu dituen gauzen gainekoa. Horregatik Ondarroan hasi eta unibertsaltasunera egiten du Scanner-ek, ia konturatu barik. Errealismo zikinarekin batzuetan, minimalismoaren bidetik beste batzuetan, liburuak txikitako arora garamatza, eta gero infernu helduetara, azkenik berriro eguneroko gauza txikien balorea gogorarazteko: “Gauza gutxi dira azken finean ezinbestekoak/ azalaren lehen mintzean gordetako beldurra bezala/ begiak zabalik edukitzea/ edo salbatuko garela pentsatzea”.

Salbaziorik nahi ez baina kontsolazioa bilatzen duen literaturaren bidetik –Otamendi, Meabe, Benito…–, Leire Bilbaok familiaren korapiloak askatzen ditu lehen orrialdeetan. Oihanera itzultzen da estreinako poemetan, hitzik ez zegoen garaira, gizakirik ere ez zegoen mantisaren eta emozioen historiaurrera. Aitaren figuraren absentziaz eta amaren eskuaz hitz egiten diguten piezak gordinak eta ederrak dira: “egun batean Amak/ Aita garbitu/ eta atseden unerik hartu gabe/ arrautza zaharra erruten/ eseriko da”.

Tristura barruntatzen da Scanner-en, maitasuna dago, bizitza dario. Zentzumenen mundutik idazten du Leirek errealitatearen gainean, eta horregatik ematen du gogoetak metafisikoak direla, taxi batean edo trenari begira idatzi arren. Esanahi sakonaren bila egindako bidaia eta gauza arruntak interesgarri bihurtzeko ahalegina txalogarria da. Horretan Ezkatak (Susa, 2006) poemarioaren jarraipena iruditu zait hau. Hizkuntza poetikoa doitu egin du beharbada, baina esentzia berbera da. Bukatua dago, perfekzionatua, bere tonua: leuna da eta, era berean, egonezin arraro bat sortzen du.

Aitzakiaren bat jarri behar banio Scanner-i, esango nuke uneka galdu egiten duela nerbioa, bizitzaren alderdi ilunean guztiz sartu barik egiten dituela zenbait itzulinguru, eta poema indartsuen ondoan gatz bakoak irakurri behar izateak penatu nauela. Zuria, biguna, bustia edo Desertua edo Oinen arteko hutsunea edo Inventarium poema liburuaren alderdi makalenaren adibide dira. Trazu fin eta sinpledun zatietan gauza asko kontatzen ditu Leire Bilbaok. Sinpletasunari uko egin eta sinbolo eta konplikazioetan galtzen denean, ostera, gozo sartu bai, baina ez da ailegatzen.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza