Otegi kanpainan: barrutik ala kanpotik?

  • ETAren amaierak hartu du euskal politikaren ardatza, normala den moduan eta, apurka, borroka armatuaren ondorengo lerro nagusiak marrazten hasi dira.

Ezker abertzaleko eta EAJko kideen arteko bilera
Ezker abertzaleko eta EAJko kideen arteko bileraGari Garaialde / Argazki Press

Elkarrizketak publikoki egiten ari dira, bai Patxi Lopez lehendakariak bideratuta eta baita alderdiek eurek ere, EAJ eta ezker abertzalearen artekoak adibide. Lopez saiatzen ari da lider baten gisara jarduten baina nekeza du, ez baitu lidergorik bere alderditik at, eta bere alderdian ere ikusi egin behar. ETAren agiriak AEBetako tren batean harrapatu izana bizitza osorako bizkarrean izango du dagoeneko. Hori edozein lehendakariri gerta zekion, aurretik Donostiako Aieteko Konferentzia egon ez balitz, baina Kofi Annan eta enparauen bisitarekin zetorrena iragartzen ari zen, eta hala ere ospa egin zuen.

Baina bestelako keinu batzuekin ere oso kontuz ibili beharko du Lopez lehendakariak, aurrera begira aintzat hartua izan nahi badu bederen. ETAren amaierako balizko ekitaldia dela-eta nabarmen geratu da berriz ere, eta horrek ez dio mesede egiten bere figura instituzionalari, noiz eta lehendakariaren zeregina oso garrantzitsua izan beharko lukeen unean.

EZKER ABERTZALEKO kide den Haxier Arraizek idatzi zuen Gara-n ETAren agiriaren ondorenean, ustezko garaileak haserre zirela, eta ustezko galtzaileak pozik eta esperantzaz ikusten zituela. Eta emanda gisa horretako zerbait ETAren agiriaren ondoren. PP eta PSE-EEk argi adierazi dute beren poza, batez ere gainetik kentzen duten mehatxuagatik; baita alor politikoan “demokraziak ETA garaitu duelako”. Baina ez dira erabat pozik, eta batzuetan haserre agertzen dira, euskal gizarteak, oro har, ez duelako irensten garaitu eta garaileen diskurtsorik; mendekurik ere ez (berau legearekin mozorrotzen bada ere); sumatzen dutelako ezker abertzalearen norabide aldaketan ikuspegi pragmatikoa erabakigarria izan dela –eta ez hainbeste demokratiko edo etikoa, adibidez–, ustezko garaituak pozik ikusten dituztelako...

Eta ETAren amaierak poza nonahi barreiatu badu ere, familia politiko bakoitzean izango da pozik eta haserre egoteko arrazoirik. Horiek dira, elkarrizketaren bidez, aurrera begira baretu beharko liratekeenak. Bildu eta Patxi Lopezen artekoaren ondoren, hurrengo urratsa ezker abertzalea eta PSE-EEren artekoa izango da seguruenik eta azkena ezker abertzalea eta PPren artekoa. Erakundeetan hitz egiten dutenek zergez, krisiaz, autobus geltokiez, zaborrez... nola ez dute ba hitz egingo bakeaz eta normalizazio prozesuaz?

Eta nola hitz egin? Aieteko Adierazpenaren ordena eta edukiak oso argiak dira eta gero eta gehiago dira orden horren alde hitz egiten dutenak. Zorionez, garrantzitsuena ez da Aieteko bidetik edo Legebiltzarren bidetik, bidea litzateke gutxiena Aieten finkatutako urrats guztiak beteko balira, eta Euskal Herri guztian hitz eginda balitz hobeto. Hara etxeko lana: Aieteko agendako 2. puntua ondorioena da, gaur eta hemen horrek presoak esan nahi du.

PRESIOAREKIN kontuz ibili behar da, batzuetan presioak zerbait ireki baino blokeatu egin dezake eta. Eta ahal bada presioa kontrolatu egin behar da, baina presoen gaian presioa berez joango da metatzen, inolako mugimendurik ez bada bederen. Nondik hasi oso erraza da, hainbeste aukera daude zarata handi barik mugimendu eraginkorrak egiteko!

Beste kasu batzuetan, presioa gobernuen gainean metatzen ari da dagoeneko eta hobe hori lehenbailehen gainetik kentzea. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozemaileak berak galdetu zuen Arnaldo Otegik espetxean jarraitzea justua eta arrazoizkoa ote den bere epaia oraindik irmoa ez bada.

Bai, Otegi eta Bateragunekoa eskandaluzkoena da akaso –haien jardunak ETAren amaiera ekarri duelako–, baina izaera berekoak dira beren jardun politiko hutsagatik espetxean diren Segikoak, Askatasuna edota 18/98 auzikoak.

Kontua da Otegirena bereziki pikantea dela gobernuentzat eta, zorionez, Espainiako Justiziak oraindik baduela auzia emendatzeko aukerarik, Justizia ataka estu horretatik atereaz. Bestela lider sendo bat gizentzen jarraituko dute. Funtsean zera erabaki behar dute, ea zer den hobea Otegik Amaiurren aldeko kanpaina espetxe barrutik edo kanpotik egitea.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude