Eztabaida irekitzeko

  • ETAk behin betirako utzi du ekintza armatua eta, oro har, ihardukitzeak baikorrak izan dira. Ahots batzuk ez dira entzun, hain segur baikortasun orokorraren erdian kezkati agertzea itsusia delako. Puntu eztabaidatsuen berri eman nahi dut, nire arabera.

Idatziak idatzi, aipatzeke gelditu zait
Idatziak idatzi, aipatzeke gelditu zait "bortizkeria" kondenatzeko gurutzada. Kapitalismoak hondamendira eramaten gaituenean, ezetz insurrekzio eskubideari! Estalinismo autoritarioaren egitate ezkorrak iraultzaren fruitu bakarrak balira, ahantz eta arbuia askatasunaren historian ugari diren esperientzia libertario eta demokratikoak! Ez, begira gazte horiek, hiri handi bateko goiz ilunean, fusila lepoan eta begitartean irri zabal magnifikoa, iraultzaren irria. Gureak dira. Bai, gure oraingo egoera ez da insurrekziorako, baina ez lotsa, desobedientziarako eskubideei mugarik jarri gabe lan egin daiteke demokrazian, iraultza helburu.

1. Borroka armatua utzi. Ondo egina, eta bazen garaia. Azken urteetako borroka armatuak on baino kalte gehiago egiten zuela gauza jakina zen. Batzuk atzo konturatu dira; beste batzuk duela hogei urte. Batzuek Estatuak egin manipulazioari eta ezker abertzalearen aurkako desmasiei lehentasuna eman diete; beste batzuk kezkatuak ziren gure gazteen kontzientzia librea ahultzen ari zelako, edozer egiteko diziplina itsuaren faborez. Batzuek edozein errebolta armatu kondenatu dute; beste batzuek zioten zapalkuntzaren aurkako borroka armatua zilegi bada ere, orain egiten zena desegoki eta aldrebesa zela. Bakoitzari berea eta, finean, denak ados: ETA, entzun, ontsa egina dunk!

2. Euskal Herriko jende abertzaleak burua jaso du. Hori atsedena! Azken denboretan jende anitz kikildu edo lotsatua zen; beste anitz bortxaz legez kanpo emanak. Ondorioz, Jaurlaritza espainolisten eskuetan, nazionalismo atzerritar erasokorra oilartua eta Euskal Herriko espainol anitz, borroka armatuaren biktima posible bezala beren burua ikusi edo imajinatuta, proiektu abertzalean integratzeko inongo gogorik gabe. Etsigarria zen eta askok bukaerarik ez genion ikusten. Engoitik, parada gehiago badugu EAJri alternatiba independentzia zalea edota antikapitalista osatzeko; instituzioetan euskalduntasuna defendatzeko posibilitateak ugaldu dira; abertzale ez diren euskaldun eta herritarrak proiektu komunean integratzeko bidea, zabaldu. Ez da gutxi.

3. Prozesuaren errelatoa: Garaileak? Galtzaileak? Errelato ederrenak ez du errealitatea aldatuko, ez baita klase sozialen eta multzo nazionalen arteko indar harremanen gainetik pasatuko. Errelatoaren manipulazioaren eraginkortasunaz sinestea menskeria da. Hobe gertatu dena ahal den eta zintzokien azaldu. Berrogeita hamar urteko historia ezin da garaian garaiko parametroak kontutan hartu gabe aitatu. Nazionalismo iraultzaileen denboretan, Europan marxismoa ideologia nagusia zenean, sortu zen ETA, eta haren orduko pentsaera eta ekintzak garaiko ingurunean eman behar dira; oraingoak, oraingo parametroetan. Irizpide anakronikoak erabiltzea ez da metodo ona. Bestalde, ETAren historia ez da koskarik gabeko lerro zuzena: terrorismoa onartzeko erabakia haustura handi bat izan zen. Estatua makurtzeko jende zibilen aurkako atentatuak dira terrorismoa (300 biktima baino gehiago…) eta larrutik ordaindu da: herriaren konfiantza galdu, etsaiei jokoa eman, estrategia politiko-militarraren porrota areagotu, jendartean ikaragarrizko zauriak ireki… Alta, independentziaren alde eta frankismoaren aurka eginak, trantsizio kapitalistari borroka, ez dira ahantziak izan; errepresioak, torturak eta kartzelen injustiziek elikatu dute ETAri sostengua, gaur egun arte iraun duena. Errelatoa nahasia da. Egin dezagun osoa eta zintzoa.

4. Biktimen arazoa. Biktima zibilei mugatu, otoi. Akzioan erori gerlariak ez dira biktimak; bando bakoitzak bereak ohora ditzan, hoberenean beste bandoaren errespetuarekin. Gerlak, gogorra izanik, baditu bere legeak. Berriz, jende eskubideen aurkako ekintzek, horiek bai merezi dituzte azalpenak eta barkamen eskea, elkarbizitza bideratzearren.

5. Estrategia politiko-militarraren ondoan, zer? Ezker abertzalean, “ofizialtasunaren” barnetik nola kanpotik, ETAren behin-betiko gelditzea proposatua zen disidentzia independentistari bide berriak, erradikalak eta iraultzaileak irekitzeko. Orain, oro da demokrazia, eta bide bakarrak, demokratikoak. Omen, horrela lor daitezke azken helburuak. Langile mugimenduan gauza bera errana zen XIX. mendeko bukaeran; estrategia horri sozialdemokrazia deitzen zaio, eta eman dituen ondorioak ezagunak: sozialdemokratak, iraultzen ehorzleak eta kapitalismoaren gestoreak. Usu, joera berdinek ondorio berak ematen dituzte, bultzatzaileen ilusioen gainetik.

6. Ezker abertzalearen birsortzea. Hautesleek Batasuna saritu dute: estrategia politiko-militarraren derrota garaipen elektoral bilakatu du eta indarrean dago Batasuna. Baina estrategia zaharra luzatu duten berberak dira prozesu berritzailearen eramaileak, salbuespenak salbuespen: ezker abertzale iraultzaile eta demokratikoa nahi duten askorentzat, gogortxoa da politika sozialdemokrata aldarrikatzen duten aspaldiko leninisten nagusitza onartzea. Bestalde, Aralarren eta Abertzaleen Batasunean nahikoa jendek konfiantza egiten dio Euskal Herria Bai bezalako formulei. Bada elkarri zer frogatzeko beharra.

7. Autokritika. Nire ustez, egin behar da. Zergatik ez, borroka armatua hautatu dutenen motiboen errespetuari atxikia eta amodiozko istorioen kontari, baina onartuz lerratze estrategiko terroristaren hutsa: horrela bidea irekiko litzaieke ETArengandik berezitu ziren “traidoreen” estimuari eta biktima zibilen errekonozimenduari. Beti gogoan ditut 2001 eta 2002ko ETAk Abertzaleen Batasuneko militanteei erranak: “Torturatzaileekin kolaboratzen duten traidoreak”… Gauza batzuk ez dira aipatu gabe sendatzen.

8. Aurrera beti. Aldebakartasuna zen ETAri gelditzen zitzaion posibilitate bakarra, eta urratsa eman du. Badirudi estatuen urratsak ez direla segurtatuak: haien behartzeko, presoen askatasuna eta aukera guztien legalizazioa lortzeko, eta halaber ezker abertzalea independentzia, sozialismoa eta duintasunaren inguruan biltzeko, fin eta gogor jokatu behar da. Krisi sozial eta ekonomiko handi baten erdian jokatu. Demokrazian lan egin, baina desobedientzia eta insurrekziorako eskubideei mugarik jarri gabe.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude