Astekaria

 Landareak 

Amudaren hegala

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2297. alea
2011-11-06
alde 0    kontra 0

Arrantzan, hegaluzetan eta hegalaburretan, artaburuaren zurikinarekin aritzen ziren garaietan, artoak (Zea mays) zuen sona egun duenaren bi halako behintzat izango zen, bikaina. Erritu berezienetakoa omen zen baserrietan artazuriketa. Koka gaitezen: negu beltza gorrienean, hur intxaur babarrun kui eta abarrez ganbara bete arto, txerri hil berriarekin gazikutxa ederki hornitua eta sendi osoa suaren inguruan, artazuriketan gozo, giza-gozo. Artazuriketan artaburua zuritu eta aletu egiten zen. Lan horretatik gai bat, artalea, eta bi hondakin, zurikina eta lokotxa, sortzen ziren. Hobeto esan, hiru gai, hirurak baliatzen baitziren. Baita zurikina ere. Artalea jasotzen zen bezalaxe gordetzen zen zurikina. Hortik baserri barruko zurikineta tokiaren izena; barrika eta bukoiena pitarreta zen bezala, zurikinena zurikineta. Artoa Ameriketatik ekarri eta hemen lantzen hasi zirenean, bere ekoizpenak behar bezala lehortu eta jaso ahal izateko, ordura arteko dolare-baserriak handitu beste aukerarik ez zuten izan: zurikinak, lokotxak, aleak, zuztarrak... Baterako ez bazen besterako artoaren emari guztiak probetxuzko gaiak ziren.

Oihalak eta hostoak bezala, zurikina bilgarri gisa erabili izan da papera eta plastikoaren aurretik. Lo gozo gosea asetzeko zurikinez betetzen ziren lastairak. Arrantzaleek zurikin berarekin bildutako amuarekin egiten zuten atuneta. Zurikin zapian bildutako amu horri amuda deitzen zioten. Bitxia izena.

Bitxiagoak baditu, baita xelebreak ere, zurikinak berak: maluta, kapaxa, kaloka, artamaluta, txurikin, xurikin, arto-zurikin, xuriondo, kapatxa, artazorro, mokol, borruztu, maillazto, mallasto, masalasto, kordotxa, espata, artakapela, kapula, mokotsa, xuritondo... Polit askoak bai tartean, baina nik gogokoen dudana beste bat da, artagona.

Artaburuaren zurikinarentzat zenbat hitz. Eta artaburu esateko?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza