Astekaria

 Ttakun(h)Errenka 

Sarrionandiaren (literaturaren) alde

Beñat Sarasola

Beñat Sarasola


2295. alea
2011-10-23
alde 21    kontra 0

Asko idatzi da dagoeneko Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuari emandako saiakera Euskadi Sariaren karietara. Neurrigabekeriak ugariak izan dira, baina denetan asaldagarriena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren jarrera iruditu zait. Izan ere, bietako bat, edo Sarrionandiaren obra eta ibilbide intelektualaren ezjakin erabatekoak dira bertako arduradunak, edo jakitun izanik ere, politikakerien ondorioz fede txarrez jokatu dute. Ez dakit zein den bi aukeretan arbuiagarriena.

Sarrionandiak saria jasotzeko eskubidea duela defendatu dutenek antzeko bideetatik jo dute: gaizkile krudelenak ere literatura ona egin dezakeela, sariketaren oinarriak betez gero dirua eskuratzeko eskubide guztia duela, eta abar. Horiek guztiak oso ongi daude, eta arrazoi guztia dute, baina ia inori ez diot entzun Sarrionandiaren obraz edo pentsamenduaz ezer.

Bada garaia, denon artean sortu dugun Sarrionandiaren gudari irudi mitikoa –terrorista batzuentzat, heroia beste zenbaitentzat– hankaz gora ipintzeko; Sarrionandia ping-pongeko pilota bat bailitzan erabiltzeari uzteko

Kontua baita kalapita hau guztia, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren oharraren arabera, Sarrionandia “bere militantziaz sekula damutu ez den pertsona bat” delako sortu dela. Jakina da damuaren diskurtso hau zeinen tranpati eta makurra den. Ez dakit, esaterako, egungo Jaurlaritzaren erreferente intelektual nagusienetakoak diren Mario Onaindia eta Kepa Aulestia damutu ziren bere garaian ETAn militatu izateagatik, baina garbi dudana zera da, beren idazkiak ez direla Sarrionandiaren idazkien zangosagarrera ere iristen indarkeria eta autoritarismoaren kritikaren sakontasun intelektual eta soslai demokratikoari dagokionean. Izatez, bere obra taxuz irakurtzea besterik ez dago, Lagun izoztua laudatua abilezia minimo batekin irakurtzea, bere poesia ugaria irakurtzea, zer esanik ez bere saiakera liburuak, ohartzeko nekez aurkitu daitekeela gure inguruetan Sarrionandia bezalako pentsalari aurrerazale, kritiko eta demokratikorik –demokraziaren zentzu original eta zintzoenean–. Bada garaia, denon artean sortu dugun Sarrionandiaren gudari irudi mitikoa –terrorista batzuentzat, heroia beste zenbaitentzat– hankaz gora ipintzeko; Sarrionandia ping-pongeko pilota bat bailitzan erabiltzeari uzteko, Sarrionandiaren irudia duten poltsak zakarretara botatzeko. Eta bere liburuak irakurtzeko. Zorionez, berak idatzitakoak baititu bere alde; zoritxarrez, inor gutxiri interesatzen zaizkio eta inor gutxik egiten die jaramon.

Sarrionandiaren liburuetatik landa, hari egindako elkarrizketak irakurtzen ahal dira halaber. Pentsa, euskal politikaren gainean zientzia fikzioa egiten espezialista den Jose Luis Barbería kazetariak berak ere hartu du lur iurretarrak Hausnart aldizkariari egindako adierazpen “harrigarriak” irakurri ostean. Ez da salbuespena, Les Inrockuptiblesen ere gauza esanguratsu askoak esan ditu berrikitan. “Armak, izatez, hondamendia iruditzen zaizkit (...) teknika autoritarioen barnean daude, botere-tresnak dira”. Halakoak esaten dituen norbait terrorista bihozgabe eta amoral gisa aurkeztea iritzi publikoaren aurrean difamazio kanpaina bidegabea antolatzea da. Baina oraindik larriagoa dena zera da, kanpaina lotsagarri hori botere publikoetatik abiatua izatea, euskal kulturaz arduratu eta bertako kideak zaintzea egokitu zaion departamentutik bertatik.

Presio politikoen ondorioz hau guztia egitera behartu badituzte duintasunez dimititzea zuten aurrez; esan eta idatzi dituztenak benetan uste badituzte arazo larria dute, euskal idazle gorenetako baten obraren ignorante absolutuak direla erakusten dute-eta.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 2# | Joseba Andoni | 2011-10-30 12:43:22

    Nik ere baditut inpresio berak: Kultura Sailekoek ez dutela Sarrionandiaren lan saritua irakurri (ezta aurreko lanak ere), ping-pongeko pilota legez erabili nahi dutela euren joko politikoan, eta difamazio kanpaina hau lotsagabea eta injustoa dela. Are gehiago, ez dut ulertzen Kultura Sailburuaren jarrera, eta dimisioa eskatu beharko litzateke kontu honengatik. Bestalde, uste dut ez garela gutxi Sarrionandiaren lanak irakurtzen ditugunak, nahiz eta prentsan ez agertu.

  • 1# | lima | 2011-10-21 22:29:49

    Jakin barik ere, saria kendu diotenean arrazoia eman diote: euskaldunak egungo moroak gara Europa "zibilizatuan"

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza