Astekaria

 Bestelakoak 

Iritziaren leihoa

“Mundulogia” ulertzeko

Gorka Moreno Márquez

Gorka Moreno Márquez


2295. alea
2011-10-23
alde 0    kontra 0

Soziologian kontuan hartu beharreko hainbat baldintza daude gizarte-errealitatearen azterketa eta ulermen egokia gauzatzeko. Baldintza hauek hasieratik kontuan hartu behar dira –beti izaten dugu-eta interpretazio desegokiak eta okerrak egiteko parada; askotan gertatu legez–. Kasu honetan nik hiru baino ez ditut aipatuko:

1. Nire ideologia, nire nahiak edota errealitatea nahastea. Maizegi gertatzen da, eta sarritan soziologoak ez du lortzen begietatik bere desioak kentzea. Hortaz, betaurreko gaizki fokatuak erabili ostean zer gertatzen den eta zer gertatzea nahiko lukeen askotan ez dira ondo bereizten. Adibide bat aipatzearren: zenbatetan esan dute soziologoek eta antzeko askok kapitalismoa bukatzear eta hiltzear dagoela? Marxengandik abiatuta gaur egun arte, hamaika lagunek. Niri akaso kapitalismoa desagertzea gustatuko litzaidake, ez dudana hain garbi da hori ikusteko kapaz izango naizen.

«Zenbatetan esan dute soziologoek eta antzeko askok kapitalismoa bukatzear eta hiltzear dagoela? Marxengandik gaur egun arte, hamaika lagunek»

2. Gizarte errealitate zabala eta nire errealitate mugatua nahastea. Egia da batzuetan etxeko soziologia egitea ona, positiboa eta beharrezkoa izaten dela. Baina honen mugak argi eduki behar dira lehenengo momentutik eta gure ingurune hertsiak errealitateari buruzko informazioa ematen badigu ere, honen baldintzak ere kontuan hartu behar dira. Gure herrian adibide anitz daukagu, eta gehiago ez dut esango…

3. Errealitatea ulertzeko faktore aske eta menpekoen arteko nahastearen ondoren gertaera baten interpretazio okerra egitea. Hau gertatzen da ondorio bat aztertzeko zergatien artean eraginik ez duen faktore bat sartzen denean. Halaber, oilarrak egunsentian egunero kanta egiten duenez eta egunsentian ere egunero eguzkia ateratzen denez, eguzkia ateratzearen zergatia oilarra da. Hortaz, zaindu ditzagun ondo munduko oilar guztiak bestela akabo eguzkia.

Honaino artikulu handinahi hau, eta agian, aspergarria ere. Orain soziologia jartzen duen tokian jarri mundulogia, unibertsitate-eremua ahaztu, hasi taberna edo kalean pentsatzen –gizarte-errealitatea alboratu– eta familia eta gertuko harremanen gainean argia ipini. Akaso artikulu interesgarriagoa izango da. Zenbat aldiz ez ditugu akats hauek guk geuk egin, gure ingurukoekin eta gure eguneroko bizitzan?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza