Astekaria

 Bestelakoak 

Iritziaren leihoa

Irakaskuntzaren kontra

Xabier Etxaniz Erle

Xabier Etxaniz Erle


2295. alea
2011-10-23
alde 0    kontra 0

Duela gutxi egunkari batzuetan argitaraturiko inkesta baten arabera politikariena da Espainiako Estatuan konfiantza gutxien ematen duen erakundea edo giza taldea. Albiste kezkagarria beharko luke, baina ez dirudi inor harritu denik, ezta ezer aldatuko duenik. Ematen du olioa eta ura bezala bizi garela, ondoan baina bi mundu ezberdinetan, eta baten eta bestearen interesak eta beharrak oso ezberdinak direla.

Espainiako politikarien aldetik azken garaian jasotzen ari garen mezuen artean bada bat guztiz kezkatzen nauena, irakaskuntzaren ingurukoa. Urteak, hamarkadak, daramatzagu entzuten irakaskuntza guztiz beharrezkoa dela gizarteak aurrera egin dezan; aurrera ideietan –gizarte demokratikoagoa, parte-hartzaileagoa eta heziagoa–, eta aurrera bizi kalitatean eta garapen ekonomikoan. Irakaskuntzaren bidez lortuko omen dugu pobrezia (ekonomikoa eta kulturala) murriztea, bizi baldintzak hobetzea eta gizon-emakumeen arteko ezberdintasun ekonomiko eta sozialak txikitzen joatea.

« Irakasleen lana mespretxatuz, gizarte mailan gero eta prestigio gutxiago duen sektore bati lagundu beharrean haren kontrako irainak entzuten ari gara politikari batzuen aldetik »

Finlandia izan dugu, eta Europa iparraldeko herrialdeak, adibide irakaskuntzaren garapen horretan. Zerbitzu sozialak oso garatuak daude, laguntzak dituzte umeak izateko (eta izan ondoren), irakaskuntza sistema oso onartuta dago, kalitatezkoa eta familiatik hurbil. Nahiko zaila da irakasle izatea, eta pertsona horiek gizartearen onarpen handia dute –beren seme-alaben prestakuntzaren arduradunak dira–.

Urtetan, diot, horixe esan digute, irakaskuntza oso garrantzitsua dela. Eskolarizazioan gastaturiko dirua ez dela gastua, inbertsioa baizik; gizarte gero eta heziago batean bizi kalitatea handiagoa dela.

Eta horren guztiaren ondoan, orain, etengabe eta inolako disimulurik gabe irakaskuntzaren kontrako eraso bortitza datorkigu. Irakasleen lana mespretxatuz, gizarte mailan gero eta prestigio gutxiago duen sektore bati lagundu beharrean, haren kontrako irainak entzuten ari gara politikari batzuen aldetik. Ikaragarria da, eta, nire ustez, interpretazio bakarra du: gizartearen demokratizazioaren kontrako asmoa, besterik ez.

Ez zaie interesatzen jendeak pentsatzea, klase ezberdintasunak murriztea, beheko mailakoen bizi baldintzak hobetzea. Ez dute, hainbestetan aldarrikatzen duten demokrazian sinesten... Eta hala ere, herritarren botoa izango dute horrelako politikak bultzatzen dituztenak Espainian eta baita Euskal Herrian ere.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza