Astekaria

 Landareak 

Apeta eta kasketa

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2294. alea
2011-10-16
alde 0    kontra 0

Ez gara, nolanahi ere, garai batean bezala idi-bihotzekin (Tulipa sp.) erotzen. Ezta gutxiagorik ere!

Urte sasoi honetan aldatzen diren aieta edo erraboilek idi-bihotzak emango dituzte hemendik bost bat hilabetera: udaberriaren atarian, zamarrak eta zirak gogaikarri direnean, egun-argiaren luza-zabaltzea nabaria denean, gorputzaren barrunbeetako borborraren oldeak irribarrea eta burua arintzen dizkigun aroan. Idi-bihotza bihotzeko izatea ez da harritzekoa. Tenore horretan tamaina horretako kolore festa izatea luxua da. Baita gaur egun ere; baita ia edozer gauza eskuera izan dezakegulako txepelean bizi garenean ere. Luxua. Liluraldia izango dena orain landatzen ari gara.

Goaztean orain, laurehun urte atzera. Flandrian, ezagutu gabeko kolore nahasturak dituzten idi-bihotz itxurako lore izugarri handiak eman zaleak diren landareak ekarri omen zituzten estraperloan Konstantinoplatik. Urte gutxiren buruan zoramena piztu zen eta lore haiek ez zituena ez zen ez jauntxo ez anderetxo. Orduan, garaiko margolari sonatuenak beren erretratua pinta zezan joaten ziren hara gure armadoreak, dirua jario. Handikeria han eta hemen.  

Barra-barrako dirutzak itsututa, idi-bihotz berrienak, deigarrienak, bakanenak, urrea baino estimu handiagoa zuen. Ur-aparretan bizi zirenek bitsa horietara eraman zuten idi-bihotzaren balorea. Eta eromena iritsi zen. Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoa gauzek (etxeek, diruek, zorrek…) balio dutena baino askoz gehiago balioztatzetik datorren eran, XVII. mendean gauza bera gertatu zen idi-bihotzekin. Lore haiek eromena sortu zuten eta bera ematen zuten erraboilak ekoitzi aurretik salduta zituzten. Etorkizuneko balorea zirelakoan dirutza ordaintzen zuten trukean. “Tulipmania”-ri nederlanderaz Tulpenwoede, idi-bihotz mania deitu zitzaion. Lore ezezaguna gutiziatutako luxu bihurtua zen. Lore bakarra emango zuen erraboil bat eskuratzeko dirutza asarreak, ikaragarriak ordaintzen ziren enkanteetan. Apeta eta kasketa. Haarlemgo P. Cos muintegiko 1637ko katalogoaren arabera, “Viseroij” motako erraboil bat artisau iaio batek hogei urtean irabazten zuen diruarekin ezin erosi zen, adibidez.    

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza