Ezkontzaren aitzakiaz

Munich, 1810eko urriaren 12a. Luis I.a Bavariako printzea eta Teresa Saxonia-Altenburgeko printzesa ezkondu ziren. Besteak beste, zaldi lasterketa antolatu zuten hiriko harresien alboko zelai batean, handik aurrera Theresienwiese izenez ezagun egingo zen eremuan. Ezkontzaren ospakizunak urriaren 17ra arte luzatu ziren urte hartan.

1825ean, Maximiliano I.a hil zenean, Luis I.a izendatu zuten Bavariako errege. 1848ko Iraultzaren ondoren, bere seme Maximiliano II.aren mesedetan abdikatu zuen. Teresa emaztea 1854an hil zen, eta Luis, 1868an. Bederatzi seme-alaba izan zituzten. Baina ezkontza hark askoz ondorengo gehiago izan zituen.

1810eko ospakizunak izan zuen arrakastak bultzatuta, hurrengo urtean nekazaritza azoka antolatu zuten zelai horretan –egun oraindik eutsi egiten diote tradizio horri–, sektorea sustatzeko asmoz. 1819an Municheko agintariek euren gain hartu zuten jaialdia antolatzeko ardura, eta Oktoberfest urtero antolatzeko erabaki ofiziala hartu zuten. Aurrerago, ospakizunak luzatzea –gaur egun 16-18 egun irauten du jaialdiak– eta aurreratzea erabaki zuten, egunak luzeagoak eta epelagoak baitira irailean.

1880an 400dik gora postu osatzen zuten azoka, gehienek garagardoa saltzen zuten eta, lehenengoz, argindarrak argitu zuen jaialdia. Hurrengo urtean bratwurst saltxitxen saltokiak jarri zituzten, eta garagardoa kristalezko litroko pitxerretan banatzen hasi ziren 1892an. 1910ean, Oktoberfestek 100 urte bete zituenean, 120.000 litro garagardo kontsumitu zituzten.

Baina jaialdia ez zen etenik gabe hazi. 1854an utzi zuten lehenengoz bertan behera, kolerak hiriko 3.000 biztanle hil ondoren. 1866an Austriaren eta Prusiaren arteko gerrak eten zuen festa, eta 1870ean, Frantzia eta Prusiaren artekoak. Hiru urte geroago berriro ere kolerak galarazi zuen. Lehen Mundu Gerrak iraun artean ere ez zen burutu, eta 1924 eta 1924 urteetan inflazioak eragin zuen etenaldia. Hitlerrek hauteskundeak irabazi zituenean, 1933an, Bavariako bandera zuri-urdina esbastikak ordezkatu zuen Oktoberfesten. Eta Bigarren Mundu Gerran ez zen ez banderarik ez festarik izan. Guztira, 24 urtetan huts egin du.

Oktoberfestek, gaur egun, sei milioi eta erdi bisitari inguru biltzen ditu urtero, eta zazpi milioi litro garagardo baino gehiago kontsumitzen dituzte 42 hektareako eremuan.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude