Astekaria

 Landareak 

Bular-belarra

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2292. alea
2011-10-02
alde 2    kontra 0

XVI. mendean, Europa ekialdea izupean zutenean, Istanbulen lasai ederrean paseatzen ziren otomanoak, zein baino zein harroago, urrutieneko bitxikeria nork erakutsiko... Etxean ere ezagutarazteko modukoak bazituzten. Durbantearen tolesetan kateatuta, idi-bihotz (Tulipa sp.) berexiena eta deigarriena nork azaldu, hor ibiltzen ziren esamesa eta marmarra sortuko zuten bazterretan.

Geurean kapela, txapela edota zapela lorez jantzia ikustea zaila da, okasioren batean ez bada. Ez ordea loreak soinean itsatsita ibiltzea. Nork ez du inoren papar aldeko begiteren batean trabatuta arrosaren (Rosa sp.) bat sekula ikusi? Ia erabat galdutako ohitura hau berreskuratu beharko genuke. Ikurrina edo diru-kirol talderen bateko ikurra eramatea adinakoa bada. Gure herriko txerri-hiltzaile famatuenak, Gaztañagako Demetrio zerri-k, arotzak arkatza bezala, krabelina (Dianthus caryophyllus) belarri gainean eraman ohi zuen, dotore asko. Usain ederrez inguratua ibiliko zen... Ahoan alde batetik bestera zarabilen tabako xehatuarena gainzuritzeko egokia. Demetriorena gaur berritzeko, lan handiena taxuzko usaina duen krabelina topatzea.

Ni berbena limoiusain edo Luisa-belar zalea naiz, Lippia triphylla. Zalea ez, amorratua! Usainen sarobean, gustukoena ere bai. Izan ere, bakarra gutxitxo eta bi ditu: bata loretxo ziruñoarena, fina eta sotila. Bestea hostoarena, hostoa marruskatutakoan zidra, limoia eta beste, zitrikoak gogora ekartzen dituen usain bizia eta sendoa du. Bizi luzeko usaina: hostoa lehortuagatik, denboratara ere, eskuan hartu eta kraskatzea nahikoa da usaina berritzeko. Garai batean, lurrinak urrutiko kontuak zirenean, soinekoaren paparreko begitea baino handixeagoko txoko batean egiten zitzaion habia berbena limoiusainari, bularreko erretenean. Dantzan eta zirrietan titiak harrotuz elkar igurztean, hostoak estutu eta usain gozoa gora. Sudurzulotik barrena gora, garunera. Buruaren zerura. Usain hau gustatzen ez zaion gizaseme edo emakumerik ez dut ezagutzen... Etxearen hego-ekialdeko kantoian, txoko goxoenean, ale eder bat bizi da, adiskidea...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza