Astekaria

 Liburuak 

Euskal gatazkak

Aritz Galarraga

Aritz Galarraga


2291. alea
2011-09-25
alde 5    kontra 0

Jose Luis Otamendi::Euri kontuak

Susa

orrialdeak ::168

prezioa ::10,82€

Jose Luis Otamendi entzun eta poeta erantzun, egingo luke lehiakideak. Saria eskuratzeko gainera, besteren gainetik genero lirikoa landu baitu Otamendik. Bilduma gogoangarriak idatzi ere, Lur bat zure minari, adibidez, azkena bera, Erlojuen mekanika. Ez alferrik, hala definitu zuen Xabier Mendiguren editoreak aldizkari honetantxe: herri-saminaren poeta fina. Bego.

Baina, ekoizpen poetikoen artean, 1999an egin zuen narraziogintzan sartu-irtena, eta ipuin liburu bat badu geroztik, Euri kontuak. Tira, orain baten batek oroitaraziko dit poesia eta ipuina ez daudela hain urrun, Sergi Pamiesek dioenaren haritik, argumentaziorako baino sentsazioetarako, emozioetarako ere ematen duela ipuinak. Hemen bada horren adibide garbirik, Biaoa esaterako, laguntasunaz, heriotzaz, maitasunaz nola dabilen, ekonomiko, iradokitzaile, poema batean bezala kasik.

Ezen horiek dira bildumaren ezaugarri nagusietako bi, narrazioak bai baitira laburrak, kolpe batekoak, gantzik ez dute, ez soberakinik, neurtuak dira tamainan, neurtuak baliabideen erabileran, hizkuntzan, hizkera maisu-maitasunez darabilte uneoro. Beste ezaugarri nagusi bat gatazkaren presentzia litzateke, gatazka modu orokorrean ulertua, sozialak, ekonomikoak, politikoak dute lekua hemen, euskal gatazka deiturikoak, egungoak, atzeragokoak ere bai, 36kora joaten baita ipuin batean baino gehiagotan. Ez da, haatik, geure zerari buruzko kontakizun bilduma bat, ez bederen zentzu hertsian. Aitzakia baino testuingurua ematen dio idazleari, nola esan, jaisteko plano pertsonalera, moralera, giza-emeak erretratatzen ditu beren minean. Hagina antologatuak, kasurako, gatazka politikoa du atzean, biolentzia politikoa nahiago bada, baina era berean ari da haur izateari utzi dion haur batez, arrebarekin, aitarekin, lagunarekin dituenez, han eta hemen antzera diren kontuez. Bada esportatzeko nagusiki euskal gatazkaren gaia dugula defendatzen duenik. Eta, segur aski, arrazoirik ez zaio falta. Baina geure buruei ere zor diegu geure gai labainari, geure gai labainei buruz hitz egiten duten ipuinak idaztea, ipuin finean unibertsalak, Otamendik Euri kontuak honetan egin legetxe.

Elkarrizketa batean irakurri nion behin poesian jarduten zuela erosoen. Narraziogintzara jauzi txikia egin duenean, ordea, airoso aritu da oso. Eta eskuartean zer duen jakin gabe, errepikatzeko modukoa iruditu zait esperientzia narratibo hau. Lehen bezala orain, herri-saminaren poeta finak behar baititugu behar, baita prosan ere.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza