Astekaria

 Diskoak 

Muturreko egoerak neurtzen jakitea

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2290. alea
2011-09-18
alde 1    kontra 0

Hotzikara ::Hotzikara

autoekoizpena

iraupena ::32´04´´

prezioa ::5 €

Gaiaz gehiago

Jakina da Euskal Herriko metal eszena emankorra dela: talde gogorragoak, heavyagoak, melodikoagoak, ilunagoak… askotarikoak aurki daitezke, baina behin baino gehiagotan 1990eko hamarkadako thrash-core taldeen hutsunea igarri dut. Usurbilgo gazte hauek, baina, jakin dute haien espiritua berreskuratzen –seguruenik izango du eraginik Mikel Kazalisekin grabatu izanak ere– eta horri, gainera, bestelako keinuak eta estiloak gehitu dizkiote. Hala, aipatutako amorrazio estiloaz gain, rap metaleroa, rock dezente, metal pisutsua, heavya, flamenko tantak eta beste aurki daitezke tarteka ahots guturalak gidatzen duen bidaia honetan. Oreka bilatzen dute, eta horrek emaitza aberasten du. Euskaraz abesten diete hotzikara eragiten dieten gauza askori: espetxeei, politikariei, justiziari, kontrolari...

"Disko honekin borobiltasuna nahi genuen, geruza ezberdinak, gozotasuna"

Hotzikara aldaketa uneetan ematen da, on eta txarretan. Txar batzuk ezagutu ditut, baina zer aldaketa on nahiko zenukete?

Normalean esperientzia txarrekin lotzen dugu. Baina gozamenarekin ere lotu daiteke. Adibidez, kanta eder batek ere sor lezake. Eta gu gustura, kontzertura gerturatutako lau katuei gozamenezko hotzikara eragitea lortzen badugu.

Anestesiaren eta batez ere Ibonen ahotsaren eragina antzematen da. Zarauzko taldeak askori zabaldu dizkigu ateak?

Bai, Anestesiaren dosi handiak sartutakoak gara. Gainera, ahots guturalak Euskal Herrira zabaltzen asko lagundu duen taldea da, jendearen belarria egina dago. Hala ere, oraindik “musika oso ona, baina ahotsa…” bezalako komentarioak entzuten ditugu!

Zeren bila jo zenuten Fideleneara?

Musika estilo hauetan Mikel Kazalisek besteko esperientzia gutxik izango dute Euskal Herrian. Ez genekien gure kantek nolako indarra eduki zezaketen diskoan, eta harrituta gelditu ginen. Aupa Mikel!

S.O.S kanta existentziala da. Aje egun txar baten idatzia da?

Ez dakigu biharamuna geneukan edo lo hartu ezineko gaua zen, baina betiko zalantzak eta ezinegonak dira. Asko kosta zitzaigun letrari norabide bat ematea, oso gai zabala baita. Baita musika egokia bilatzea ere, baina gustura geratu gara.

Sepulturaren posterrak paretara itsatsita daude oraindik Usurbilgo lokalean? Badirudi 1990eko hamarkadako taldeak dituzuela gustukoen…

Sepultura bezalako taldeen eragina nabarmena da, haiek bultzatu gintuztelako musika ildo honetara, baina egia da azken urteotan irrati eta telebistatik iristen zaigun musikak ez gaituela guztiz betetzen; eta betiko talde eta estiloetatik irten nahi izanez gero, asko bilatu behar duzula zure kabuz. Hala ere, ez gaude 1990eko hamarkadan estankatuta, badira talde potente ugari ondorengoak ere. Adibidez, Willis Drummond.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza