Astekaria

 Denboraren makina 

Gilda

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2290. alea
2011-09-18
alde 3    kontra 0

Donostia, 1942. Blas Valles Erriberriko ardogileak lokal bat alokatu zuen Gipuzkoako hiriburuko Errege-erregina Katolikoen kalean, egun Valles taberna dagoen toki berean. Nafarroan ardoaren prezioa asko jaisten ari zen garaian hartan, eta ardo nafarra Donostian, Errioxako ardoa nagusi zen merkatuan, saltzeko ahalegina egitea erabaki zuen Vallesek, ardoa upeletan Erriberritik ekarrita.

Berehala Norteko geltokiko maletazainak otorduak ardo biltegian egiten hasi ziren, Vallesek etxetik ekarritako janaria sukaldean berotzen uzten baitzien, otordua basoerdi batekin bustiz gero. Auzokoak ere biltegira joaten hasi ziren ardo porroiak edatera, eta, hala, 1946an nafar ardogileak taberna lizentzia lortu zuen udalean, upeleko ardoa saltzen jarraitu arren.

Urte berean, 1946an, Charles Vidor zuzendariaren Gilda filma estreinatu zen, Rita Hayworth eta Glenn Ford aktoreak protagonista zituena. Put the blame on Mame kantaren eszena edo Fordek Hayworthi ematen dion masailekoa zinemaren klasiko bihurtuko ziren berehala. Eta, bitartean, Valles tabernan, beste klasiko bat sortzen ari zen. Ardoari laguntzeko, Vallesek piperminak, olibak edo antxoak atera ohi zizkien bezeroei. Haietako bati, Joakin Aranbururi –auzoan Txepetxa esaten zioten– pipermina, oliba eta antxoa txotx batez biltzea bururatu zitzaion. Asmakizunak arrakasta izan zuen lagunartean eta Txepetxak Gilda izenez bataiatzea erabaki zuen, Rita Hayworthen pertsonaia bezala, pintxoa berdea, gatzduna eta mina omen zelako. 

1987ko Zinemaldian Donostia saria Glenn Ford aktoreari ematea erabaki zuten. Aktoreak bere ibilbide oparoko lan bat aukeratu behar zuen omenaldirako, eta Vidorren Gilda hautatu zuen. Ordurako, Donostiako nahiz Donostiaz kanpoko ehunka tabernetan bezeroek Txepetxaren Gilda aukeratzen zuten.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza