Astekaria

 Bestelakoak 

Requiem II

Xipri Arbelbide

Xipri Arbelbide


2289. alea
2011-09-11
alde 0    kontra 0

Berri txarrak! Berri txarrak! Alde guztietatik! Aro aldaketaz zenbaitek ziotena gero eta seguragoa da. Bi edo hiru graduz goitituko da berotasuna mende hondarrerako. Omen! Somalia, Kenia eta Etiopian egundainokotan idortea. Eta idorteari dagokiola, gosetea. Hemen berean jadanik horrenbeste mila milioi euro emanak, eta beste andana bat eman beharko Greziari: 19.000 milioi Frantziari doakionaz. Orain arte dirua xuhur eta hori, zauriaren gaineko pikoa! Espainia eta Italian ere zerbait beharko ote den... Frantziak berak espantu guti. Requiem liburuaren edizio berri bat, emendatua, osatua, agertu beharko du Xiprik.

Horiek denak ez ote dira beti zinkurinka ari direnen negarrak? Nahi duzuna, nahi bezain ongi eginik ere, beti zerbait makur. Zer munta zaigu mende hondarra? Hilak izanen gara!

Itsasoa goratuko? Baionan, Aturri bazterreko etxeak urpean litezkeela marea handi egunetan? Eta gero? Gaurko zientzia modernoarenekin hori ez da arazorik: uraren bi bazterretan metro bat gorako hormak eraiki eta ura ez da hedatuko. Gauza bera Urumea, Orio, Deba, Ibaizabal eta bestetan. Konturatzen zara zenbat mila lan ordu sortuko duen horrek? Zer garapena ekonomiarentzat!

Egon lasai eta joan larruaren belztera, zabal-zabala emanik hondartzan. Larrua erretzearen bortxaz, minbizia biltzen baduzu, lana emanen diezu medikuei. Garatuko den ekonomia sail bat gehiago!

Airea berotuko? Ez ote dituzu ezagutzen aire-egokizaleak? Salduko dira orain arte berogailuak bezala, eta horra beste punpa bat goiti gure ekonomiarentzat.

Afrikako idortea? Hilak milaka? Eta zer? Beltzak gehiegi dira. Honara etorri behar bizitzeko, ez baitira gai hango jendetzearen garapena mugatzeko. Ez daukate ez begiragailurik, ez pilularik gaixoek. Ez eta dirurik horien erosteko. Guk beharko genizkieke pagatu? Badugu premiagorik. Idorte eta goseteari esker, naturalki mugatuko da haien hazkundea eta ez dute emigratzerik izanen, itsasoan itotzeko arriskuarekin.

Gure diru arazoak? Beti izan dira. Beti izanen. Eta beti atera gara. Zergatik ez oraingoan? Ahantzi zaizu ala? Duela hiru urte ekonomia mundializatua kili-kolo egon zen eta zulotik atera gara. Zalukara! Zuloan sartu eta atera gaituzten haiek berek dauzkate eskuetan munduko giderrak. Zinez bihurria izan behar da ez sinesteko oraingoan ez dutela orduan bezain ongi eginen.

Egon lasai eta joan larruaren belztera, zabal-zabala emanik hondartzan. Tahitira joateko doia ez baduzu, Andaluziara bederen. Larrua erretzearen bortxaz, minbizia biltzen baduzu, lana emanen diezu medikuei. Garatuko den ekonomia sail bat gehiago!

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza