Astekaria

 Bertso berriak 

Ligatzeko jarriak

Xabier Paya

Xabier Paya


2289. alea
2011-09-07
alde 1    kontra 0

I
Uda giroko festa garaian
izaten den oztopo bat
izan daiteke ez jakitea
lore bat, berba-joko bat.
Txosnako barran ikusiz gero
nonbait zure gogoko bat,
hurbildu eta kanta e(g)iozu
segidako piropo bat.

 

IV
Epa, barkatu, zer moduz zaude?
Lasai, ez nator eskean,
zu ikusita bukaera hau
oroitu dut tupustean:
“Tori hamaika larrosa gorri
 zuretzako ezustean,
 dozenarako falta den hori
 zerorri zaren ustean”.
 

  II
Hau dunk gauaren zoragarria!
Zerua izarren almazen!
Gainerakoak hor goian zeudenk,
hi baino ez haiz faltatzen!
Ez badunk lehen ikustaldiko
amodiorik onartzen,
esan noiz arte segi behar dudan
hire aurretik pasatzen.

 

V
Iep, polit hori, zer moduz gaua?
Orain arte beste bat zen,
baina agertu zaren unetik
dena hasi da aldatzen.
Pentsa ikusi zaitudanetik
zer hasi naizen sentitzen:
duela hogeita hamar segundo
“beste espaloikoa” nintzen!

 

III
“Zertara dator orain beste hau”
nahiz pentsatuko duzun zuk
–nire aurretik ziur etorri
zaizkizula beste batzuk– ,
nik ez dizut nahi latarik eman,
lasai, ez nator “musu-truk”,
mesedetxo bat baino ez dut nahi:
zurekin gosaldu nahi dut.
 

VI
Belarri txarrez jaio nintzen ni,
hobe duzu azkar jakin,
Jaunak hornitu ninduelako
beste dohain batzuekin.
Bertsotan segi nezakeen arren
txosnak itxi arte fin-fin,
isilduko naiz trago bat hartzen
baldin baduzu nirekin.


Doinua:  Andre txarren bentajak.


Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza