Astekaria

 Azkena 

Hitz handiak txikiekin gizenduz

Aurrekariak aurrekari bestelako egoera politikoan gara, gerokoan Euskal Herrian izan daitekeen egoeraren argigarri. Ezkerreko subiranisten talaiatik ikusita, M-22an Bildu luze irauteko eta aldaketak eragiteko asmoz sartu zen politikaren arlo instituzionalera. Noiz arte iraunen du  indarren koalizio modura? Prozesuaren abiadak argituko du, baina nago, tamaina honetako prozesu politiko guztiek berez eskatzen duten trantsizio luzea gogoan, denbora dezenterako koalizioa dela Bildu; izanaz nago, ez izenaz.

Iñaki Antiguedad

Iñaki Antiguedad


2289. alea
2011-09-11
alde 1    kontra 0

Are gehiago, beste kide batzuk bildu beharko ditu, indarmetaketaren bidez euskal eremu politikoan ezkerretik eraginkor aritzeko, Euskal Herria subjektu politikoa izateko bide ber-berean. Beste kontu bat da nola uztartu koalizioko kideen jarduera komuna dena eta ez dena, azken batez funtsezko ardatzek behar duten gutxienezko mamiaz gain bestelako mamiak ere izan badirelako.

Hortaz, sakontze ideologikoa inoiz baino funtsezkoagoa dugu, ez baita geroko utzi daitekeena. Hots, gaur eta hemen, era askotako krisien aldian, ezkerra izatea zer den. Hitz gutxi eta handietatik hitz asko eta txikietara pasatzeko garaian gara. Mezuak birpentsatu, gaurkotu, mamitzekoa. Are gehiago, sakontze horretatik etorriko da aldaketen bide-orria, espazioan zein denboran gizena, gauzatzen joateko mugimendu sozio-politiko eraginkorrak behar duen sinesgarritasuna. Pertzepzio sozialaz nago; ezinbesteko faktore politikoa dena, instituzioetan luze irautekoa ere, nahikoa ez izan arren. Gainera, pertzepzio hori ezin mugatu Bilduren esparru sozialera, harago zabaldu behar da, apustuak ondo bidean. Aldaketak eragiteko heldu da Bildu, eta hori instituzioetako ateak zabaldu eta herritarren esku hartzea bultzatzea baino gehiago da; proposamen zehatzak behar dira, landuak, honetaz eta hartaz, aldaketen bidean urratsak emateko modukoak.

"Gernikako Akordioak dioenerako bidean urratsak eman behar dira, aldebakarrean bada ere, letra handiari letra txikia gehituz, jarrera politiko berrituaren perspektiba serioaren seinale. Noiz edo noiz iraganaren irakurketa konpartitua izango da; ordurako gaurkoaren irakurketa ere konpartitua beharko, geroaren bidean"

Baina zer esanik ez, kontestuak ere baldintzatzen du norberaren bide-orria. Horra hauteskunde orokorretarako deia. Ezkerreko, adiera zabalean hartuta, indar subiranisten elkarlana beharrezko ikusten dut, hemen bezala harako ere. Baina neure dudak agertzen ditut aliantza abertzaleen artekoa izatera pasatzean, subjektu politikoarena ezin baitut gizarte-ereduarenetik bereizi. Hezurra eta mamia. Dudak ere hango instituzioetan egin beharreko jardueraz, subjektu politikoaren alde egiteaz gain; hango marasma-sarean endredatu ez gaitezen. Hortaz, asko estimatuko nuke horren gaineko debatea, argitze garaian garenez.  

Kontestuak baldintzatu, bai. Dakartenari ezin izkin egin, berez serioak diren gaiak oso modu interesatu eta desitxuratuan ekartzen badituzte ere. Horra biktimena, irabazleak eta galtzaileak ikuspegitik iraganaren aldebakarreko irakurketarako bidean ezarri nahi duten sasi-mugarria. Tranpa, baina hor dago. Gernikako Akordioak dioenerako bidean urratsak eman behar dira, aldebakarrean bada ere, letra handiari letra txikia gehituz, jarrera politiko berrituaren perspektiba serioaren seinale. Noiz edo noiz iraganaren irakurketa konpartitua izango da; ordurako gaurkoaren irakurketa ere konpartitua beharko, geroaren bidean. Irakurketa guztiak trazarik handienetan, behintzat, konpartituak; muinetan nork bereak. Baina horra ailegatzeko pertzepzio soziala funtsezkoa da. Helbide politiko horretan denborak ez du geologian duen balio bera; kontuan izan bezate batzuek fosil bihurtu baino lehen.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza