Blogari umoretsuak probokatzen

  • Asteburu batean Euskal Herria euskalduntzeko intentziorik ez daukate Tolosaldeko Euskararen Semaforoa (TES) blogaren sortzaileek. Aldarrikapena eta umorea ardatz, euskaldunok zirikatu nahi gaituzte, gure hizkuntz eskubideak beti present izateko.

Blogaren sorreraren berri emateko Tolosaldeko semaforoak horrelako afixekin bete zituzten.Tolosaldeko Euskararen Semaforoa

Aurtengo udaberrian, blogean, Herri Urratserako deialdia egin zuten. Hala zuen albisteak izenburua: “Ertzain hauek ere Herri Urratsera joan beharko lukete”. Albiste (audioa zintzilikatu zuten) bisitatuenetakoa izan zen. Herri Urrats gertu zela, ertzainak kamioilari atzerritarrekin komunikatu ahal izateko hizkuntza askotarako telefono itzultzailearen berri eman zuten hedabideek. Besteak beste, katalana eta galegoa itzultzeko aukera zeukan tresnak, euskara ez. Herri Urratserako deialdia egiteko, ondoko istorioa prestatu zuten TESeko blogariek: Azkaineko kamioilaria Andoaingo kontrolean geratu du ertzainak. Garraiolaria euskaraz ari zaio eta ertzainak frantsesez esaten dio ez diola ulertzen.

Euskararen aldeko aldarrikapena fresko eta labur egin nahi dute blogaren sortzaileek.

Euskalgintzan ari dira lanean 2009an bloga sortu zuten lagunak. Ofizioz beraz, euskararen aldeko jardunean ari dira etengabe, eta afizioz ere, eremu horretan zerbait egitea pentsatu zuten. Oso bestelako dinamikak erabilita ordea: blog informatiboa, eztabaidarako, formaziorako eta elkar ezagutzeko gunea egin nahi zuten, batik bat Tolosaldeko (Gipuzkoa) edozein euskalduni interesa dakiokeena, baina “euskararen aldeko jardunean askotan eraikitzen den diskurtso zamatsutik aldendu nahi genuen”.

Asmo horrekin semaforoaren kontua asmatu zuten. Alegia, bai beraien albisteak, bai beste edonondik hartutakoak, baita edozein erabiltzailek bidalitakoak kolore gorriarekin, horiarekin eta berdearekin izendatzen hasi ziren. Semaforoa gorrian jartzen bada esan nahi du albiste horrek ez diola batere onik egiten euskarari. Berdea jartzen bada onuragarria da eta horian geratuko da ez badakigu nola baloratu berria, edo eztabaidarako parada ematen badu.

Euskaldunak zirikatzea da blogaren helburua, semaforoarena horretarako baliabide bat baino ez da. Euskaldunek euskara tarteko izan dituzten bizipenak jaso nahi dituzte, gertaera zehatzak. Galdera hauexek egin nahi dizkie euskaldunei: Zer gertatu zaizu? Ona ala txarra izan da zuretzako? Gertatutakoa ona bada blogaren bidez zabalduko dute. Txarra bada eskubide urraketa konpontzen saiatuko dira, nahiz eta badakiten, lehen esan bezala, asteburu batean Euskal Herria ez dela euskaldunduko.

Telefono konpainien aferak ederki azaltzen du blogariek zer duten helburu. Euskaldunek telefono etxeekin izandako hizkuntza gatazkei buruzko post-a gai izarra izan zen, hau da, orain arteko bisitatuena. Blogariek ez dute uste haien ahaleginari esker telefono konpainiek euskaldunari euskaraz zerbitzua normal-normal ematea lortuko dutenik. Batetik, Eusko Jaurlaritza berak ere emaitza borobilik lortu ez duelako, hitzarmenak egin eta gero horiek gauzatzerik lortu ez duelako, eta bestetik, blogarien ustez euskaldunen masa kritiko digitalik ez dagoelako telefono konpainiei presio egiteko. “Horrek ez du esan nahi mundu hori eragin esparrutik kanpo utzi behar dugunik, baina gure xede taldea ez da Movistar, herritar xumea baizik. Alegia, herritarra hizkuntz eskubideen urraketaz ohartaraztea eta nolabait egoera horien aurka aktibatzea.    

Irratsaioa eta kalea

Bloga abian jarri zuten 2009ko garai hartan Tolosako Txolarre Irratian saioa ere egiten zuten. Irrati horrek etena egin du eta aurki berriro irratsaioarekin hastea espero dute. Tolosaldeko Euskararen Semaforoan argitaratutako albisteen errepasoa egingo dute astero, taldekoen arteko tertulia ere bai, eta Tolosaldean euskararen alorrean ari direnei elkarrizketak egiteko asmotan dira.

Herritarra zirikatzea helburu, blogaz eta irratsaioaz harago joan nahi dute, kalea ukitzea nahiko lukete. Ekimen zehatzik ez dute diseinatu, baina ekintza ludikoak, originalak, animaziozkoak dituzte buruan, “ekintza erakargarriak egin nahi ditugu, alaitasuna oinarri eta era berean aldarrikatuz”.

Kalera nola ailegatu pentsatzen ari diren bitartean, uda ondoren bloga nola elikatu pentsatua dute. Mugistar telefono konpainia sortuko dute, bezeroari harrera euskaraz baino egiten ez dion enpresa. Erdaldunak deituko du konpainiara, moldatu ezinik ibiliko da langileak euskara hutsean egingo baitio. Gaztelaniaz hitz egiten duen norbaitekin jartzeko eskatuko du bezero gizajoak, baina euskaldunak euskara dakien norbaitekin jartzeko eskatzen duenean gertatzen den bezalaxe, aitzakia piloa jasoko du.

Tolosaldeko Euskararen Semaforoko blogariek hizkuntza eskubideak umorez aldarrikatzen segiko dute.

Zein dira blogariak?

Blogaren sortzaileek ez dituzte haien buruak aurkeztu. Diote ez dabiltzala ezkutuan, baina identifikazio argia egiteak ez diola blogari mesederik egingo. Bloga sortzeko ideia izan duenak hala esan digu: “Euskalgintzan ari gara lanean eta ez dugu nahi erabiltzaileek gure ekimena inolako erakunderekin lotzerik, pentsa dezakete ‘a, betikoak betikoa egiten...’. Gainera, horrelakoetan gertatzen da iniziatiba kudeatzen duenaren arabera bestea ez datorrela. Elkarlanerako garaia iritsi da, ez diogu blogari inolako erakunderen izenik jarri nahi, lagun taldea euskararen aldeko ekinean ari gara, eta kito”.

Kanpotik jasotako ekarpenak ere ez dira izen-abizen errealez sinatuak egoten, erabiltzaileek hala eskatu dutelako. Blogaren kudeatzaile baten hausnarketa ondokoa izan da: “Zer pentsatua ematen du Movistarrek hizkuntza eskubideak errespetatu ez dituelako kexatu den euskaldunak salaketa bere izen-abizenez agertu nahi ez izateak. Euskalduna geldiarazita dago, izena jartzea ere kosta egiten zaio lotsagatik, beldurragatik, jasandako zapalketagatik...”.
 

Blogeko gai izarrak

- Telefono konpainiak eta euskara: denak ez dira berdin (1.303 bisita)

- Osakidetza eta euskara: zer gertatzen ari den ulertzeko “pista” batzuk (1.000 bisita inguru)

- Horrela erdalduntzen dira euskaldunen eta erdaldunen arteko elkarrizketak (784 bisita)

- Elebide: “Deitu ezazu bihar” (587 bisita)

- Semaforoak urtebete egin du (587 bisita)

- Semaforoak esana: "Ertzain hauek Herri Urratsera joan beharko lukete" (510 bisita)

- Noentiendotarron dekalogoa (500 bisita)

- Zer egin euskaraz gaizki idatzitako kartelekin? Negar ala barre? (427 bisita)
 


ASTEKARIA
2011ko irailaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude