"Terrorismo hitzak erabat preso gauzka"

  • “Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal…”.

Emmanuel-Pierre Guittet
Emmanuel-Pierre GuittetDani Blanco

GAL-en aurretik hasi zen gerra zikina.

Gerra zikina demokratikoa ez den erregimen baten pean hasten da, frankismopean. Inor ez da harritzen erregimen autoritario bat legez kanpoko jardueretan hasten denean, baina bere burua demokratikotzat duen sistema batek hala jokatzea nahi eta nahi ez da problematikoa. Gerra zikina GAL-en aurretik hasi zela azpimarratzeak genealogia bat erakusten du. Herentzian jasotako jokamolde bat dago, kontramatxinadak sortutako savoirfaire klasiko bat, eta pertsona zenbait prest daude horri zukua ateratzeko. Trantsizio demokratikoak denbora eskatzen du, eta agintari espainolek kontrakoa ozen eta sendo esan arren, oso nekeza izan da. Erakunde polizial, militar eta informazio institutuak arras gutxi aldatu dira trantsizioan. Poliziari erreparatzen badiogu, 1994an baizik ez da egin ordena mantentzeari buruzko legearen erreforma. Zer esan nahi duen horrek? Ordura arte, Espainiako polizia zerbitzuek lege frankistekin funtzionatu dutela. Garbi dago, erregimena aldatu arren, frankismopeko eragileek ez zutela zertan pentsaera aldatu. Nolatan? Trantsizioak krisi uneak direlako, ondorio ziurrik gabeko garai lausoak, eta funtsean, GAL testuinguru orokor horren produktu baizik ez da.

Frankismorik gabe GALik ez litzatekeela sortuko diozu?

Ez baitezpada, edozein informazio zerbitzu edo poliziarentzat beti delako tentagarria legez kanpo ibiltzea. Kriminalitatearen edo terrorismoaren aurka ari den edozein zerbitzuk dauka “guk ere hala jokatu bageneza” pentsatzeko joera mimetikoa: “Guk zergatik errespetatu behar ditugu legeak eta beraiek ez?”. Hori gaur egun ere existitzen da. Nazioarteko eskalan, terrorismoaren aurkako borrokan, garbi ikusten da legeak traba egiten duenean gainetik salto egiten dela inolako lotsa eta eskrupulurik gabe. Hori hala, erregimen frankistak asko lagundu du ETAren aurkako borrokan ETAren metodo berak erabili zitezkeen ustea sendotu eta errotzen. Dena zen odolkiak ordainetan, begia begi truk, bonba bonbaren kontra, erailketa erailketaren aurka, “beraiek egin badezakete, guk ere bai”. Azkenerako, demokraziaren izaera terrorismoaren aurkako borrokaren bidez frogatzen duen sofismo modukoa sortzen da, guztiz antidemokratikoa, baina orduan funtzionatzeaz gain, oraindik ere Europan eta munduan funtzionatzen duena.

Dena haize-alde, dena eskura, eta hala ere perfekziotik urrun ibili den erakundea da GAL. Zergatik?

GALen aurpegi batzuk antiterrorismoaren txapuza gorenak dira. GALen zenbait ekintzailek komikietako hiltzaile dorpeen antza daukate. Baina GAL hori baino gehiago da, gorago gordean dauden egitura informatibo eta finantzarioak, eta horiek ez dute deus txapuzerotik, erregimen zaharraren herentzia zuzena dira. Horregatik, logistika eta ekintzen arteko bereizketa, norbere burua babestu beharretik dator. Estalki gisa erabiltzen den erakundea da GAL, ekintza politikoaren jatorrian dauden erakunde politikoak oihal pudikoz tapatzeko modua eskaintzen duena. Felipe Gonzalezen azken adierazpenak irakurtzen badituzu, oraindik ere dio ez daukatela errurik, “ez dugu ezer egin, ez daukagu kulparik” da argumentua. GALen funtzionamenduari buruzko amnesia orokorra gailentzen ari den honetan, “ziur zaudete?” galdetuko nieke nik.

Felipe Gonzalezek berak erantzungo dizu: “ETAren kupula zartatu edo ez erabaki behar izan nuen. Ezezkoa agindu nuen. Ez dakit erabaki zuzena izan zen”.

Hori, Frantzia eta Espainiaren arteko harremanez harago, Europar Batasunaren sare politikoaren “magiaren” parte da. Pixkanaka-pixkanaka babes geruza bat eraiki dute. Berdin da terrorismo hitzak zer esan nahi duen, baina terrorismoaren aurka borrokatzen garenok gure aldarte demokratikoa erakusten dugu. Alkimia politiko bat sortzen dugu, eskema guztiak irauli, eta Felipe Gonzalez bezalako eragileei eskuak garbitzeko modua eskaintzen diegu. Okerrena esan dezake, une batean botoi bati eman eta denak hiltzeko aukera izan zuela, eta ez da ezer gertatzen. Ez zuelako egin txalotzea nahi du? Ez dakit non dagoen elokuentzia politikoa. Miserablekeria iruditzen zait, ez argumentu demokratiko bat.

Europar Batasunaren “magia” aspalditik dator. 1985ean sartu zen Espainia Europar Batasunean, GALen aro odoltsuenean.

Dena dago lotuta eta denak egiten du bat. GAL ulertzeko batetik etapa, eragile, ekintza eta aro bakoitza bereizi behar da, baina bestetik dena osotasun bat dela ulertu. Ez da soilik espainiar eta frantsesen arteko arazoa, problema europarra baizik. Jakina Europak begiak itxi dituela, jakina armairuan sartutako hilotza dela. Zehatz eta zorrotz aztertuko bagenu gertatu dena, ezinbestean onartu behar genuke terrorismoaren aurkako gerra ez dela asmakuntza estatubatuarra, asmakuntza europarra baizik. Zuzenbidezko eragozpen moral eta etiko guztietatik askatu gara ikusi nahi ez genuena erreproduzitzeko.

Frantzia ez dago eskandalutik salbu.

Frantzia makurtu da, baina ez soilik GALen eraginez. Ekialde Hurbileko biolentzia politikoak Frantziaren aurka egiten du, lehen gobernu sozialista agertzen da Frantzian, eta hauteskunde kanpaina hartako diskurtso kontserbadorea gurdi sobietarrek Eliseoetako zelaiak inbaditzeko beldurrean oinarritzen da. Testuinguru horretan, gobernu sozialistak segurtasun arazoen aurrean eraginkorki jokatzen badakiela frogatu behar du, eta une batean aukera egingo du. Ez nuke esango espainiar diskurtsoarekin erabat aliatzen direnik, baina esentziarekin geratzen dira, euskal komunitateak larrutik ordainduko duen asilo politikoari buruzko legeak gogortuz. Harago joanez, ez da ahaztu behar GAL norbanakoz osatutako banda dela, erakunde eta ministerio batzuen baitako jendea, bere buruari legez kanpo jarduteko lizentzia eman diona. Frantzian argitzeke dagoen kontua da oraindik, eta argitzekotan, Pirinioetako harreman polizialen mikrokosmosari erreparatu behar zaio. Nire ustez zer gertatu zen? Polizia frantses batzuk polizia espainiar batzuen lagun egin zirela eta harreman sare horiek egonkortu zituela denborak. Ez dut uste hori baino konplikatuagoa denik hastapena, horri buruzko Frantziaren isiltasuna biziki deigarria eta mingarria zaidan arren. Hori esanik, ez nago ziur mugaz bi aldeko poliziak hain ongi konpontzen direnik. Dekoratu bat dago, Europar Batasuna izenekoa, kooperatzera derrigortzen duena, baina interakzioan ari diren pertsonei begiratuz gero apustu egingo nuke oraindik ere zalantzak daudela. Oraindik ere 80ko hamarkadako begiradarekin so egiten zaio Espainiako poliziari: “Ziur gaude benetan profesionalak direla?”.

Batasunaren ilegalizazioaz edo nazionalitate frantsesa duten biztanleen aurkako euroaginduez ari zara?

Aurore Martinen kasuan ikusten da autoritate frantsesak ez daudela oso konbentzituta, Batasuna oraindik legala da Frantziako Estatuan... Mugak oraindik funtzionatzen du. Porotsua izan daiteke zenbait ekintzentzat, baina eraginkorra da kriki-krakatsua den diplomazia mota baterako. Frantses eta espainolen arteko harreman diplomatikoek “blin-blin” efektua daukate, oso alfonbra gorri eta gailur internazional zaleak dira, baina errealitate mikrosoziologikoek garbi erakusten dute zuhurtzia dela nagusi, zalantza eta erresistentzia anitz geratzen direla oraindik.

Zalantza eta erresistentzia hainbestekoak badira, Frantziak ukatu zitzakeen euroaginduak?

Euroagindua azkartasunaren gainean eraikita dago, printzipio juridikoen muga-mugan. Euroaginduaren funtsa prozedura azkartzea da, mamiari erreparatzeko betarik izan ez dezagun. Aurore Martinek bere auzi pertsonala testuinguru zabalagoan kokatu du, eztabaida plaza publikoan jarriz, eta horrek asko moteltzen du azkartasunaren gainean oinarritutako prozedura. Horrek, ebazpen judizialez harago, ondorio diplomatiko interesgarriak sortzen ditu. Zergatik Frantziak ez duen euroagindua ukatu? 80ko hamarkadatik honako politika nazional eta internazional guztien hitz gakoa “terrorismoa” delako. Terrorismo hitzak erabat preso gauzka. Nahiz eta epaileak legea ahal bezain justuen dantzatzen saiatu, ideologia politiko mota batek baldintzatuta daude. Inork ez du “terrorista bat askatu duzu” entzun nahi. Terroristak eta bortxatzaileak izenik ez duten triskantzen irudi bihurtu dira, gizakiak ez diren pertsonatzat dauzkagu, eta ikusi nahi ez ditugunez, ukatzen ditugu, baztertzen, zokoratzen. Klima horrek informatzen du gure gizartea, eta beldur horrek blokeatzen du ausardia politiko oro.

Ausardia politikoa blokeatua, Frantziak gatazkaz desinteresatzeko duen joera... Ez dira premisarik onenak bake prozesu bati ekiteko.

Bake prozesu bat prozesu politiko bat da eta ez du informazio prozesu eta prozesu polizial eta judizialen denboretan funtzionatzen. Zoritxarrez, bake prozesu batek huts egin dezake agenda desberdin horiek bat ez datozelako. Uneotako klima konponbiderako egokia dela dirudi, baina ez da ahantzi behar Espainiako Estatuaren arsenal antiterroristak hortxe jarraitzen duela. Pentsa, lehendakaria bera harrapatu zuten lege antiterroristekin. Hori ikusita, zeintzuk izan daitezke bake prozesu bat bultzatzeko eragileak, EAEko agintari gorena ere legearen mehatxupean badago? Prozesua egongo bada, eragile klandestinoekin ere elkartu behar da, eta lege horiek sekulako traba dira. Irlanda iparraldeko kasua hartzen badugu, 20 urtez landu da prozesua, akordio sekretu eta klandestino anitzekin, eta hori bera oso arriskutsua da gatazkaren konponbiderako zer edo zer egin nahi lukeen edozein eragilerentzat. Baliteke prozesua porrotera kondenatua egotea lege arsenal horregatik soilik. Arsenal antiterrorista hori engranaje efektu bat da, erabat mekanikoa, eta behin aurrera eginda ez dago gibelera itzultzerik. Lege antiterroristak sortu baditugu, orain ezin ditugu ezabatu, derrigortuta gaude eurekin jokatzera. Atzamarra engranajean sartuko dugu, harrapatuta geratuko zaigunean min izugarria sentituko dugu, baina ezingo dugu atzera egin.

Zer gertatzen da bataila politiko militarrarekin batera garatu den gerra semantikoarekin?

Zer geratzen zaigu terrorismo hitzari buruzko liburu bat idatzi nahi badugu terrorista hitza aipatu gabe? Perifraseak dauzkagu, baina perifraseek ez dute funtzionatzen mezu argia ukan nahi duen inongo eragile politikorentzat. Zoritxarrez, ez dut uste hainbeste hitz dauzkagunik terrorista berba saihesteko, ez baita kontzeptu bat, politikoki oso indartsua den labeldun hitza baizik. Oso zaila da hitz horretatik erabat askatzen, behin eransten dizutenean zure parte bihurtzen da, eta hitz horri aurre egiteko ere eragile politiko oso ausartak beharko dira. Irlanda iparraldean gertatu dena aztertuz gero, terrorismo hitzaren mugatzea jokoan egon den auzia izan da alde bietako eragileentzat, baina dagoeneko ezinezkoa da hitza batere ez erabiltzea.

Hainbeste aldatu dute mundua 2001eko irailaren 11ko atentatuek?

Politika egiteko modu bare guztiak erabat hipotekatu dituzte. Errotik aldatu da politikarekiko genuen harremana, Europar Batasunean terrorismoaren aurkako borroka itsuak lehendik existitzen ziren arren. Ondorio dramatikoak izan ditu politika egiteak eta pentsatzeak esan nahi duenaren gainean, eragile politiko izateak esan nahi duenaren gainean, eta batez ere, demokraziaren esanahiaren gainean. Zer esan nahi du orain demokraziak? Gure buruari ez diogu galdetu ere egiten. Gizarteak nola funtzionatzen duen ulertu nahi badugu ez ditugu alfonbra gorriak aztertu behar, zakarrontziak arakatu behar dira: zer botatzen dugun, zeren beldur garen. Eta egun, terrorismoa deitzen dutenak gaitu ikaratzen. Horrek asko esaten du etorkizunaz espero dezakegunari buruz, bisatuen politikari buruz, mugikortasunari buruz, hiritarra izatearen esangurari buruz. Izuarekiko aferrismo ideologikoa mantentzen jakin duten beldur saltzaile eraginkor asko dauzkagu bazterretan. Horri sarraskien irudiak gehitzen badizkiegu, pilaketa bat gertatzen da, eta hiritar mesfidatienak ere bitan pentsatu behar du diskurtso horri iskin egiteko. Txitean-pitean, aireportuak lege antiterroristen ikur goren bihurtu dituzte, eta gaur egun, herritar izateak aurrez susmagarri izatea esan nahi du.

Funtsean, GALen existentzia justifikatzen zuen diskurtsoak justifikatzen du egungo munduaren martxa.

Bai, eta hori da agintari espainiarren benetako garaipena. Ez dakit beren beregi bilatutako zerbait den, baina horri esker ETAren aurkako borrokaren urte luzeetako etekinak onartzen zaizkie. Hastapenean, espainolei ez zitzaien terrorismoa interesatzen, terrorismo hitza ETAri eransteak zituen onurez jabetu ziren arte. Lotura horrek ahalbidetu du “ETAren aurka denak balio du” diskurtsoaren garaipena. Alde horretatik, espainiarrek irabazi dute, baina segur aski okerrerako, beraiek ere lege antiterroristen beldur pilaketa horrekin bizi beharko dutelako, eta horrek gizarteari arnasa hartzea eragozten diolako. Ez dakigu oraindik zehazki zeintzuk diren ondorio horiek, ez dakigu zer esan nahi duten. Dakiguna da horiekin bizi beharko dugula, preso.

Nortasun agiria

1976ko ekainaren 19an sortu zen Angers-en (Frantzia). Zientzia Politikoetan doktore, konferentzia maisua da Manchester-eko unibertsitatean (Ingalaterra). Biolentzia politikoa, antiterrorismoa, eta Europako segurtasun politikak dira bere ikerketa gaiak. Hori hala, Euskal Herriarekin lotura zuzen-zuzena duen Antiterrorisme clandestin, antiterrorisme officiel (Athéna éditions, 2010) liburua kaleratu du.

Azken Hitza
Zintzotasun intelektuala

“Aktiboa naiz, ez aktibista. Hitza libre eta zehatz darabilt, eta horrek arazoak dakartza hain gai arantzatsu, konplexu eta arriskutsuen inguruan lan eginez gero. Nire ikasleek begi biak arranpalo begiratzen didate elkarrizketa klandestinoak aldarrikatzen ditudanean, baina beti esaten diet errazagoa dela IRAko edo ETAko kide batekin elkarrizketa lortzea Ingalaterrako erreginarekin hitzordua lotzea baino. Gainera, ez da erraztasun kontua soilik, zintzotasun intelektuala ere bada. Zerbait ulertu eta horri buruz idatzi nahi baduzu, eragileak entzun eta ezagutu behar dituzu”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude