Bolleron oporrak

Orain aste bi, oporretan izan naiz Madrilen. Kondeszendentzia tonu batekin batek baina gehiagok galdetu dit ea “orgullo”ra joan naizen, eta nik ezetz, opor egun batzuk pasatzeko egin dudala bidaia. Orduan Chuecan ibiliko nintzela botatzen dute atzetik, eta nik ezetz, gorroto dudala Chueca, ez dudala horrelako leku despolitizaturik sekula ezagutu. Pozten zarela diozu, getthoak gorroto dituzulako, eta ea nola lortuko dugun “normaltasuna” beti gure artean biltzen bagara eta espazio normaletan ez bagara ikusten uzten. Beti izorratu izan dit horrek, badirudi bollera izatea erabaki dugunok beti zor diogula gizarteari, onarpenaren truke, lan pedagogiko bat.

Gauza da, leku normaletan ibili behar dugula esaten diguten horiek guztiek ez dutela haien denboraren segundo bakar bat ere hartu pentsatzen zein akigarria izan daitekeen zoazen lekura zoazela lekuak “irekitzen” eta lesbianak normalizatzen ibiltzea. Ulertzen dut eskapatu egiten zaiela askori, baina jakin nahiko nuke zenbat bikote heteronormalek jasango luketen dauden lekuan daudela begirada guztien jo-puntu izatea, tontakeria asko entzun behar izatea, babosoek inguratzea, batere goxoak ez diren hitzak entzun behar izatea... Ulertuko duzue niri egun, horrek bost axola didala, diot denborak ohitu egiten zaituela eta jada askotan ez naizela konturatu ere egiten. (Ez da esan beharrik ere, zelako plazera sortzen didan, demagun, familia dezente baten deserosotasuna nabaritzeak. Hor ahal izan ezkero titiak ukitzen dizkiot aurrean dudanari, badaezpada ere, argi gera dadin).

Gauza da, beste askorentzat bezala, bollerontzat ere udara iritsi dela eta guk ere, lagunekin, bikotearekin edo dena delakoarekin oporrak egin gura ditugula. Eta galdetzen didazu ea Chuecara joan naizen. Ba ez, kontatu nahi dizut, Sol inguruko ostatu batean lo egin dugula, iritsi bezain pronto langilearen susto aurpegia jasan behar izan dugula ohe berean lo egingo dugula ezin deszifratu ibili ostean, eta gero, gero baietz, leku normaletan ibili garela nazkatu arte (Euskal Herrian bezalaxe). Baina lesbianen lekuetara ere joan garela noski, eta feministen antro eta getthoetara, ze, jakin, urte osoa heteroarauaren aurka, zuen espazio eroso eta normalak subertitu eta hezten pasa ostean, guk ere oporrak behar izaten ditugula, lesbiana artean, feminista artean, inork gehiegi molestatu gabe, lasai. Zer dira oporrak ba, hori ez bada?


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude