"Baikorrago naiz euskararekin, fedearekin baino"

  • Apeza, Herria astekariaren zuzendari izana, euskaltzaina, idazlea… Hamaika lan eta bat gehiago egina da Emile Larre. Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Teodoro Hernandorena… Mundu bat, mende bat kasik, bizi izana da. Historia bizia Euskal Herrian.

Emile Larre
Emile LarreDani Blanco

“Itzaleko langilea izan da Emile Larre. Bere izena ez da lehen planokoa izan inoiz, baina lan gaitza egin du bere bizian, eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren aberasten anitz parte hartu du”. Eneko Bidegainek zutaz egina duen Bidegileak liburuxkan dioena. Horrek ekarri gaitu zugana.

Ene mundua da hori, bai, kultura eta hizkuntza. Euskalduna izana naiz beti, euskal giroan hazia. Seminario ttipira joan nintzen 11 urtetan, eta etxera igortzen nituen gutunak beti euskaraz egiten genituen bai amak eta bai nik. Amak on zekien hori, eta nik ere bai. Etxean, bestalde, beti euskaraz mintzo ginen. Nekazariak ginen Baigorrin, euskaldunak, eta apezgoan hasi nintzelarik, han ere erdiak pasa euskaldunak ginen, eta bertze erdia baino gutiago, biarnesak. Euskaldunek bagenuen gure gisako kluba, pilotako, eta idazkerako. Koaderno bat bagenuen, eskuz esku pasatzen genuena, eta han bakoitzak egiten zuen artikulu bat eta besteari pasatzen zion. Beti euskaraz gu. Seminarioan, suerte ukan nuen, [Piarres] Lafitte izan baikenuen irakasle.

Uste nuen frantsesez mintzo zela Lafitte, ez euskaraz…

Frantseseko irakasle zen Lafitte, eta beste irakasle guziak bezala, frantsesez ari zen hura eskola guzietan, eta ikastetxe guzietan. Ordea, Lafittek bere baitarik asmatu zituen bazter-eskola batzuk, euskara irakasteko. Baina bere lanez kanpo. Ordurako, Herria aldizkariaren zuzendari zen, hori ere lanez gainera, eta beste irakasle guziek bezainbat edo gehiago lan bazuen jadaneko! Horien gainera, euskarazkoa egiten zuen. Gero, bikario ezarri nautenean, herri euskaldunetan beti, han nik Lafittek bezala egin dut, euskara maiteago nuen, euskaraz aiseago ari nintzen. Beti izan dut hori. Gero, abantzu 40 urte nituela, galdatu ninduen Herria zuzentzeko. Ez dut nik euskararendako postu bat ukan sekula, Lafittek bezala. Lan hura egin dut, beti ordaindu gabea.

Lafittek galdatu zintuelarik Herria zuzentzeko, baldintza ezarri zenion zuk.

Hori bazenekien? Diru kontuetan gaizki zebilen Herria, banekien hori. Gauzak arras gaizki ziren, “ez da segitzen ahalko!” erran nion Lafitteri. Arrats hartan ilun-ilun gelditu ginen biak. Labegerieren andrearen hileta eguna zen. Hartu nuen Lafitte Uztaritzen eta eraman nuen Kanbora, eta gero itzuli Uztaritzera. Lafittek hau erran zidan: “Eginen dugu ahal duguna, eta ahal duguno!”. Etxera heldu eta pentsatu nuen: “Lafittek ez duk uzten ahal horrela!”, eta telefonatu nion. “Saiatuko naiz”.

Ama aipatu duzu arestian, aitarik ez. Non zen zuen aita?

Aita ere han zen, bistan da! Baina amak ditu letrak egiten, gutunak. Aitak aski bazuen etxeko lanean. Langile ona zen aita, etxaldea ongi erabiltzen zuen. Emazteen lana zen idaztea! Emazteen lana zen joatea enkarguak egitera, komisioneak egitera, behar zirenak erostera… Aita joaten zen merkatura, zerbait baldin bazen edo paperak zuzentzeko… Baratzea ere amak, salbu behar zela lurra itzuli edo zerbait. Gizonek egiten zuten lur itzultzea, behien azpiak ateratzea, hondarrak landara edo alorrera eramatea… Emazteen lanak, eta gizon lanak!

Orain ere horrela dira?

Ez, ez, ez. Ez dira batere horrela. Jadanik ene anaia ikusi nuen lehen aldikoz emazteari laguntzen. Emazteak baxerak bazituelarik egiteko, ikusi dut ene anaia, hartu xukadera eta baxera xukatzen. Gure aita ez. Aitaren denboran ez zen hori egiten. Aitaren denboran badakizu nork xukatzen zituen baxerak?... Nik. Apezgaia nintzen, eta lanetik lanera ibiltzen nintzen etxean.

Maite zenuen laborantza…
Bai, bai, bai. 25 urtera arte, udan lan egin dut etxekoekin. Uztailaren lehenean etorriko ziren bakazioak, eta urriaren lehen arte, hiru hilabete banituen, etxean lanean, beti. Baziren udako koloniak ere orduan, baina ni ez nintzen libre, nik etxean behar nuen, langile eskasa zelako, eta maite nuelako! Bakazio guziak etxeko lanean pasatuak ditut. Horrela dut laborari munduarekin harremana izan.

Apez izan zinen, dena den.

Eta aitak eta amak ez naute trabatu sekula! Begi onez ikusi dute ene saila, baina ez naute egundaino pusatu, ez didate bururik berotu apez egiteko. Nire baitarik bildua nuen gogo hori, katekesietarik eta ez dakit batere nondik. Aitak erran zidan: “Bankako erretore bat eginen duk behi pare batekin edo hola!”. Behi pare batekin, hala ere! Apez eta laborari, biak berdin maite ukan ditut.

Uztaritzeko seminario ttipia lehenik, Baionakoa ondotik. Abertzaletasunaren lehen hazia erne zen…

Pazkoko bakazioetan, izan zen gazteen mugimendu bat, gure artekoa, 15-16 urte guk, eta Uztaritzeko seminariora bildu ginen, euskaraz mintzatzeko. Han izan dira Baionako St. Bernard kolegiokoak, eta lizeoko zenbait. Eta han ezagutu ditut Ximun Haran, beharbada Monleon medikua, Intxauspetarrak –Mixel eta Nikola–… Haiek ez ziren apez eskoletan, ez ziren kristau eskoletan ere, horiekin guziekin izan gara hor, Euskal Herriaz mintzatzen ginen, euskaraz… Oroitzen naiz, kalapita izigarria erabili genuen Intxausperekin, ez Mixel, baina Nikolarekin. “On peut etre basque sans savoir le basque!” (euskaldun izan liteke euskara jakin gabe!). Erraztasun handiko zen Nikola, pindarra zerion… hain zen dohatsua, xutik ez zegokeen ideia bat ere atxikiko baitzigun guri!

Oraino ere bada galdera hori: izan liteke inor euskaldun, euskara jakin gabe?

Bizi da beti kalapita. Menturaz, ez da posible teorian, baina errealitatean bai. Nola esplikatzen didazu zuk zertako dugun kezka handia: “Euskara plazaratu!”. Zertako? Konturaturik ikastolan ibiliak, euskara ikasiak eskolan, jakinki euskara… eta berak erdaraz! Ez da oraingo gaitza, hala ere. Irauten duen gaitza da, aspaldikoa! Gazte mugimendu hartan, beste bat pilotariena izan zen. Sarako De Oiartzabal Piztia, Fagoagatarrak –medikua eta Paul–, Larronde –istripuz hil zen 40 urtetan–… pilotari handiak ziren, luzeko ekipoa –errebotekoa, nahi baduzu–, muntatu zuten Ximun Haranekin, 19-20 urtetan, eta txapeldun atera ziren orduko onenen kontra. Denbora berean horiek abiatu zuten abertzaletasuna. Ximun Haran-eta ziren.

1951n apeztu zinen, eta bikario joan zinen Hazparnera. Piarres Larzabalen lekua hartu zenuen.

Suerte ikaragarriak ukan ditut. Piarres Larzabalekin ibili naiz. Ez nuen haren gaia, baina behar nuen segitu harekin, haren postua hartu. Larzabal joan da Hazparnetik erretore Sokoara. Eta ni, ondotik, Urruñara bikario. Bost kilometrotan ginen, eta astelehen guziz ateraldiak egin ditugu –Hegoaldera, bistan da–, nik motoa banuen, Larzabalek ez. Lafitterekin ibilia, Larzabalekin ibilia, urte bat Zuberoan egina eta gain hura ezagutu… suerte ikaragarriak. Gero, euskara maite nuelakoz eta Lafitterekin pixka bat hasia nintzelakoz, Herria zuzendu dut eta harekin Euskal Herri guzia ere ibili. Hemen, misiolari izan naiz, baina barnekoa, ez Afrikako, Amerikako eta horrela, eta prediku egiten Ipar Euskal Herriko herri guzietan ibili naiz. Horiek lagundu naute anitz denekin ibiltzen.

Zertako ez misiolari atzerrian?

Ez nuen bokazio hori erakutsia egundaino, baina izaten ahal zen. Ezin izan da. Urteak zein ziren? 64-65ean edo zerbait holako, Aita Sainduak galdegin zuen. Apez eskasa bazen Afrikan, eta anitz bokazio. Galdegin zuen mundu guziko apezei hiru urte, edo sei urte, Afrikan itzuli bat egitea. Ene lagun anitzek egin dute hori. Nik zertako ez? Hiriart Urruty da hobenduna, ene adiskide mina. Hark edo nik behar genuen egin sakrifizioa. Hiriart Urruty Herriaren zuzendari sartua zen, baina lehenago irakasle zen seminarioan. Bazituen han gatazka batzuk irakasleen artean, eta han zen ere Monsinore Ouzet eta beste zenbait guti. Seminarioan izan ziren orduan Manex Pagola, Gexan Lantziri, Borda bat, Sarasola Urruñakoa… Laurak ziren abertzaletasunean sartuak, eta ukan zuten seminario handian Ariztia zuzendari. Karlista zen Ariztia –hola erraten ahal da–, gogorra, eta ez zuen izan goxotasuna, abilezia aski, gazteen konprenitzeko. Hor ziren gogortu lau apezgai horiek, eta joan ziren kanpora, eta era berean joan ziren kanpora bi irakasle, Uzet eta Hiriart Urruty. Bertze postu bat ukan zuten, baina seminariotik atera ziren. Hiriart Urrutyk ukan du postu bat, eta gero bertze bat, eta ondotik, Afrikara joateko izena eman zuen, baina bistan da, hemengo kalapita horietarik eskapatzeko izan zen. Partitu baino lehen, eta Lafittek eni erran baino lehen ere, Hiriart Urrutyk galdatu nau Herria zuzentzeko. Hura joan da Afrikara, ni hemen izan naiz beti, Herria beti hor nuelako. Hogeita hamalau urtez zuzendu dut.

Piarres Larzabalekin ezagutu duzu antzerki mundua, bertsolaritza gero.

Hura Sokoan, ni Urruñan, harengana joaten nintzen antzerkia egin behar genuelarik, edo hau eta hura. Anitz ibili gara elkarrekin, eta batak bertzea ikasten baitu, horrela ezagutu dut bertsolarien mundua ere, eta Teodoro Hernandorena. Etorri zitzaidan Urruñara eta egin genuen bertsolari txapelketa. Hirurehun leku zen lekuan, milaz goiti jende etorri zen. Urruñako ostatuak bete ziren. Hernandorenak harrotua zuen Hegoalde guzia, eta handik ekarri zuen mundua. Iparraldetik ere bai, baina anitz gehiago Hegoaldetik. Hartan naiz ni sartu bertsolarien munduan, eta haiekin ibiliz bertsotan ere bai pixka bat [paper sorta handia erakutsi digu, bertso eta kantu, berak idatziak], beti kantu egiten, eta elizako ere.

Bertsolari txapelketan epaimahaiko izana zara.

Euskaltzaindiak antolatua zuen txapelketa. Baziren hamabi lagun epaimahaiko, eta haietan behar ziren bi Iparraldekoak. Lafitte eta Labeguerie ziren. Baina Labeguerie, orduko, politikan sartzen hasia zen eta ez zitekeen joan. Lafitte, irakasle, autorik ere ez, biak etorri zitzaizkigun niri eta Mixel Itzainari. “Gure lekua behar duzue biek hartu”. Eta epaimahai haietan ibili naiz, denetan. Haiek sarrarazi gaituzte. Guk ez genuen besteen teknika; esperientzia ere ez, doitasuna ere ez… baina behar ziren bi, gutienez, Iparraldeko. Guk ikasi dugu, ibilirik, eta Fernando Artola Bordarirekin, Dionisio Amundarainekin, eta Joanito Dorronsororekin…

Apez, laborari, laguntzaile antzerkian eta bertsotan, Herriako zuzendari, idazle, hainbat jenderen izkribuak moldatu dituzuna, euskaltzaina…

Ez dut metodorik ukan sekula, baina beti mundu horretan bizi. Ene esperientzia izan da hori. Euskaltzaindian ere, denetako txarrena naiz, ez dakit teorizatzen. Idazten dudana, xuxen idatziko dut, hori bai. Bere eta haren, Iparralde guzia dena nahasi dute.

Han ere bai, Hegoaldean…

Ez, hangoek ez dakite, baina Iparraldekoak hangoak entzunez nahasi dira! Ez zuten nahasi behar, aski zuten aitaren euskara mintzatzea! Ni egon naiz ukan dudan hartan. Gauza ttiki batzuk dira, ez du horrek eroraraziko euskara. Baikor izaten hasia naiz euskararen geroari buruz. Ene adiskide Iratzederrek ere hori zuen erraten Beloken: “Euskara eta fedea”. Baionako apezpikuari ere errana diot aste honetan: “Kasu, ez ote den fedea baino hobeki salbatuko euskara, oraindik ere”. Oraingo egun latz hauetan, ikusten dut fedea arrisku handitan, euskara kasik salbatzen hasia bezala. Baikorrago naiz euskararekin, fedearekin baino. Ez naiz fededun bezala mintzo, fededun bezala ez baitut dudatu behar, baina erraten dut errealismoz. Euskal Herrian, bederen.

Ez dakit, bada. Heldu naiz Garazira, eta ez bainekien non zen zure etxe hau, Larrazkena, galdatu dut han, hor eta hemen, eta nehork ez du konprenitu nire “egunon” hitza, postaria salbu…

Emakumea? Jatsukoa da. Eman dezagun, gaizki erori ere zarela. Baina hiru herri, hiru karrika, Donibane Garazi, Ezpeleta, Donapaleu, eta laugarrena Maule, euskara galtzeko arriskuan direnak. Arestian erran dizut fedea arriskuan dela, euskara ari da itzultzen hobeki. Duela zenbait urte ez nuen sinetsiko, ene aitak edo ene anaiak onetsiko ere zutela, geroarendako ofizio bat egiteko euskara hartzea. Eta ene ilobak hartu du. Ene anaiak erraten dit: “Euskara orain ere galtzen ari duk”. Ni ez naiz arras anaiarekin bat. Ene esperientziak erakusten dit, Baionako apezpikua ere, saiatzen dela tiraka. Basque izenak badu itzal handia, nahi ala ez. Komertzialki, eta populartasunez, eta herritartasunez, badu itzal handia. Hori gauza gogorra da, eta ez da kentzen. Uste ukan dugu galduko zela, baina, ene iduriko, euskara salbatzen ari da.


ASTEKARIA
2011ko uztailaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude