Astekaria

 Deabruaren abokatua 

Antonio Álvarez Solís

“Espainia ulertzea oso zaila da”

Maria Teresa Camposen programan zein Bilduren zerrendetan agertu litekeen bakarrenetakoa.

Sustrai Colina

Sustrai Colina


2286. alea
2011-07-24
alde 44    kontra 0
Antonio Álvarez Solís
Antonio Álvarez Solís (Judit Fernandez)

Esplikatuko didazu nola izan daitekeen kristaua komunista izanda?

Ezinezkoa da kristaua izatea komunista izan gabe.

Batzuentzat, Mieres-en sortu, Madrilen bizi eta euskal abertzalea izatea ere ezinezkoa da, baina...

Ni euskal abertzalea naiz, abertzale katalana, bretoia, korsikarra edo eskoziarra naizen bezalaxe. Sistema burgesaren heriotzaren ikurrak diren estatuen aurka nago. Politikoki, sozialki, ekonomikoki, zein kulturalki, estatu polizialak dira.

Hara espainiarra izateaz lotsatzen den bat!

Nola sentituko naiz ukazio eta agresio sistema honen parte? Ez naiz espainiarra, ez daukat etsai bat asmatu beharrik nire bizitza justifikatzeko.

Bildukoa izan zintezkeela sumatzen zutelako bota zintuzten EITBtik, ala EITBtik bota zintuztelako sartu zinen Bildun?

Behinolako lan klandestinoetatik egungo obra agerikoetara beti egon naiz horizonte ideologiko berean. PPkoek bota ninduten estatu mailako uhinetatik eta sozialistek lurperatu ninduten. Zer nahi duzu, oso gobernu ahulak dauzkagu.

Gobernu ahulak?!

Ahularen erantzuna beti da bortitza. Ez dago ahula baino krudelagorik. Ideiarik gabe, kudeatzeko oso tresna nekeza da boterea. Horregatik egiten dituzte egiten dituzten sarraskiak.

Ez naiz harritzen medio batzuentzat Madril komandokoa izateaz.

Oso isolatuta bizi naiz Madrilen, nire zuloa den nire etxean. Zer egingo zaio. Espainia ulertzea oso zaila da, ez dauka inolako kultura demokratikorik. Beti izan da caudillo-en herri bat, joko intelektuala ulertzeko orduan aski motza.

Zu maiatzaren 15a baino lehenago indignatu zinen, ezta?

Fitsik egin gabe dirua pilatzean oinarritzen den sisteman eraikitako gizarte bati begira gelditzea nahi zenuen, ala? Ados, pentsioa 1.000 eurora iristen zaidalako pribilegiatua naiz, baina...

Bainak ortuan, 82 urterekin lan egiten segituz gobernuari arrazoi ematen zabiltza!

Bokazioak ezin direnez jubilatu, ez daukat erremediorik. 82 urterekin ezin da ametsik egin, nire geroa biharamuna da, etengabeko orainaldian bizi naiz.

Bokaziozko kazetarien mitoa behin betiko iragana ez ote den...

Kazetaritzak sustantzia galdu du, enpresen menpe dago, egitura finantzarioen parte da. Hedabideak merkantilizatu direnetik, zuzendariak administrazio kontseiluen txotxongiloak dira, eta arlo ekonomikoak erabakitzen du.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | idoitxu | 2011-07-26 16:17:31

    Horrelako gehiago izango bagenitu, bestelakoak lirateke herri honetako arazoak

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza