Astekaria

 Bestelakoak 

Matemagia

Imanol Alvarez

Imanol Alvarez


2284. alea
2011-07-10
alde 1    kontra 0

"Edozein soziologok edo politologok interpretatzen jakin beharko lukeen bezala, herriaren parte gero eta handiago batek Aski da! oihukatzeko zeukan gogoaren adierazle baino ez da izan hauteskundeon emaitza"

Ondo ezagutzen dudan gay-les mugimenduan, bi hamarkadatan EHGAM izan zen ia antolakunde bakarra Euskal Herri osoan. Honek liskarrak eragiten zituen taldearen baitan, borroka ulertzeko modu diferenteak zeudelako. Bazirudien ona izango zela hainbat elkarte egotea, zeinak bere lan-eremu eta ereduarekin. Egun askotarikoak eta kontaezinak dira esparru horretan mugitzen diren taldeak (agian asko izateagatik baino, etengabe sortu eta desagertu egiten direlako, baina tira). Halere, lehen baino eraginkorragoak al gara? Nik neuk, behintzat, zalantzak ditut. Aniztasuna, duda barik, onuragarria izaten da, beti ere elkarrengandik ikasteko balio badu; elkarren errespetuan aritzen bagara, eta abar. Lgbtq… letra-zopa amaiezinak adierazi nahi duen alorra gizarteko beste edozein bezain anitza da, eta errealitate horrek isla izateak berak ona izan behar luke. Esperientziak erakutsi digu, ostera, faktore asko hartu behar direla kontuan; biderkatze hutsak ez duela bermatzen berez arrakasta. Batze hutsak bermatzen ez duen bezala. Bestelako esparru bati erreparatuz gero ere, politikarenari hain zuzen, antzera gertatuko zaigu. Euskal alderdi andana ezagutu dugu euskaldunok., eta askotxotan ikusi dugu nola bi alderdik koalizioa osaturik banaka aurkeztu balira baino emaitza txarragoak lortu dituzten. Ustez batuketa zena, nolabait kenketa bihurtu.

Matematikaren arabera, bat gehi bat bi ei dira; baina, ikusi dugunez, batzuetan ez da horrela izaten, are gutxiago politologian edota soziologian. Azken hauteskundeak ere erakusgarri: ustez batuketa zena biderketa bilakatu da.

Ikus-entzuleak magia gertatu delako irudipena izan dezan, kalkulua eta estatistika erabiliz egiten diren truku-bildumari esaten zaio matemagia. Matemagia izan al da, beraz? Ez. Hemen trukurik ez. Edozein soziologok edo politologok interpretatzen jakin beharko lukeen bezala, herriaren parte gero eta handiago batek Aski da! oihukatzeko zeukan gogoaren adierazle baino ez da izan hauteskundeon emaitza; Madrilgo botere guztiek –hemengo askoren ezinbesteko laguntzarekin– historikoki –batez ere azken hamarkadan– burutu dituzten hamaika bidegabekerien aurrean aldarri; giza-eskubide oinarrizkoenei egindako erasoen aurrean garrasi.

Beno, bai, baten batek matemagia (eta baita askoz maltzurragoak diren bestelako trukuak ere) erabili, erabili duela aitortu behar Gasteizko gobernura iristeko, populazioaren babes ñimiño batekin. Baina hori beste gai bat da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza