Naturaz, ikusi eta ikasi

  • Berde koloreko Araban gaude. Antzina laku bat zegoen haran zabal honetan. Zuiako Koadrila Gorbeia mendiaren magalean dago, herri txikiz osatuta. Mendian gora ibili, urtegi alboan lasai egon, artisau lanez ikasi... Esperientzia ugarigaz bueltatu daiteke norbera bertatik.

Zuiako Koadrilaren ikuspegi zabala.
Zuiako Koadrilaren ikuspegi zabala. Amaia Ugalde

Gorbeiaren altzoan daude Zuiako hainbat herri. Tontorrera igotzeko hainbat bide daude; Zarate eta Murua herrietatik igo daiteke, baita Gorbeiako Parke Naturaleko Parketxetik ere. Parketxea Murgiatik gertu dagoen Sarria herrixkan dago. Interpretazio zentro ondoan aparkaleku handia, mahaiak eta umeentzako olgeta-gunea daude. Parketxe barruan, Gorbeiaren inguruko informazio ugari, parkeko animalien bizimoduari buruzko datuak eta umeentzako jolasak aurki ditzakegu.

Parketxetik abiatuta, Baias ibaiaren alboko bidea jarraitu daiteke Gorbeiara igotzeko. Bide hori Bizkaia aldera, Orozkora joateko erabiltzen zuten antzina. Baias albotik joanda hiru ordu pasatxoan helduko gara Gorbeia tontorrera. Harrizko hainbat zubi eta aterpe aurkituko ditugu bidean.

Baias erreka ondoko bidezidorretik Arlobi ingurura ere joan daiteke; ikuspegi ederrak eta Arlobiko menhirra daude han. Ibili ahala bidea estutzen joango da eta harrizko zubi txiki batera helduko gara. Ibaia gurutzatu eta Arlobi gainerantz joko dugu. Bertatik menhirra ikusiko dugu; bost metroko garaiera dauka, eta 4.250 kiloko pisua. 2004an aurkitu zuten, hiru zatitan puskatuta lurrean. Jausita egon arren kontserbazio egoera onean zeuden zatiak, eta monolitoa burdinazko hagaxkaz eta porlanez konpondu zuten. Garabi baten laguntzagaz, berriro kokatu zuten orain dela 4.000 urte Brontze Aroan eraiki zuten lekuan.

Ezti Museoa eta Buztingintza Museoa
Murgian bertan eskualdeko ezti egileen elkarteak egoitza dauka, eta bertan Ezti Museoa dago. Iraila izaten da eztigintzarako sasoi onena, eta orduan egiten dute lan gehien ezti egileek. Museoan bertan eztia egiteko gela bat dago, eta elkarteko kideak txandakatu egiten dira lan egiteko. Lan hori bertatik bertara ikusteko, ideia ona izan daiteke museora gerturatu aurretik bertara deitzea eta eztia egiten noiz egongo diren galdetzea. Museoan erleen artisau-lan horren inguruko informazioa dago, eta hainbat produktu erosteko aukera ere bai.
Murgia eta Gorbeia atzean utzita Legutiorako bidea hartuta, herrixka ederretatik igaro eta Urrunagako urtegira helduko gara. Legutioko Elosun, Ollerias auzoan Euskal Buztingintzaren Museoa dago. Buztingintza tailer zaharra 1711. urtetik zegoen Elosun, baina 1958an Urrunagako urtegiko lanak egin zituztenean, buztingileen lehengaia ur azpian geratu zen, eta ezin izan zuten zeramika lantzen jarraitu. Bertan galduta zegoen buztingintza tailerra berreskuratu zuen orain dela urte batzuk Blanca Gomez de Segurak. Berak buztingintzan zelan lan egiten ikusi eta norbera tornoan jarduteko aukera ere badago (ikus ARGIAren 2.206. zenbakian Gomez de Segurari egindako elkarrizketa).

Urtegien inguruan
Urrunaga eta Ullibarri-Ganboako urtegien inguruak aproposak dira udako egun beroetan freskotasunaren bila dabilenarentzat. Ullibarri-Ganboakoa da bietan handiena, eta bere inguru guztian bidegorria dago, oinez zein bizikletaz aldapa bako txangoa egiteko egoki-egokia. Guztira 45 kilometroko perimetroa dauka urtegiak, eta buelta osoko ibilbide bi egin daitezke; 33 kilometrokoa bata eta hamabikoa bestea. Zati txikiagotan ibilita ere gozatu daiteke paisaiaz, Ullibarri-Ganboa herri-gunetik Landara joanda, adibidez. Bainua hartzeko aukera dago urtegian, eta Landan bertan, dutxa eta sorosleak egoten dira uda garaian.
Txoko hauek eta, oro har, Zuia hobeto ezagutzeko, bisitaldi gidatuak eskaintzen ditu Koadrilak. Xehetasun guztiak, www.cuadrillazuia.com webgunean. 

Gorbeia ezagutu eta bizi

Artzainekin mendian ardiak zaindu eta gero gazta egiteko prozesua ikusi, izarrei begira afaldu, Oroko santutegi alboan eskalatu, gauean animalien hotsak entzunaz ibilaldia egin... Horrelako esperientziak bizitzeko Gorbeia Central Park izeneko ekimena antolatu dute Gorbeia inguruko herriek.

Inguru honetara bertaratzen direnak bizipen bereziarekin bueltatzeko asmoz sortu dute ekimena. Aukeran hemeretzi ekintza ipini dituzte. Mendiaren bi magaletako udalerriek, Gorbeialde Landa Garapeneko Elkarteak eta Zuiako Koadrilak, antolatu dute, elkarlanean, Gorbeia Central Park.


ASTEKARIA
2011ko uztailaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude