Astekaria

 Ekonomia 

Politikarien indemnizazioak

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2283. alea
2011-07-03
alde 0    kontra 0

Jada ari dira aldatzen euskal aldundietako eta udaletako kudeatzaile politikoak. Berriz ere azaleratu da badoazen politikarien indemnizazioaren kontua, bereziki udal handi eta foru aldundietan. Egoera ezagutzeko, hauxe da Gipuzkoako Foru Aldundiaren adibidea: ahaldun nagusiak 88.136 euro jasotzen ditu urtean. Kargua uztean, indemnizazio moduan 7.344,67 euro jasotzen ditu. Langabezian geratzen bada (12 hilabetez gehienez ere), 2.937,87 euro jasoko lituzke hilabetean; beraz, jasoko lukeen diru kopuru maximoa 42.599,11 euro izango litzateke. Batzarkideek eta zuzendari orokorrek, 79.769 eta 72.245 euro kobratzen dute urtean, hurrenez hurren, eta 6.647,42 eta 6.020,42 euroko indemnizazioa jasoko dute, kasuaren arabera. Langabezian dauden bitartean (hauek ere 12 hilabetez gehienez ere), 2.658,97 eta 2.408,17 euro jasoko dituzte hilean; beraz, osotara 38.555,06 eta 34.918,46 euro lirateke. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak indemnizazioetan 254.431,47 euro gastatuko ditu. Horiek guztiak langabezian geratuko balira, zifra 891.394 eurora igoko litzateke.
Egoera hori gainerako aldundietara eta udal handietara eramanez gero, bai eta EAEko eta Nafarroako gobernu eta parlamentuetara ere, kalkula liteke zein alimaleko xahuketa egiten zaion altxor publikoari. Aldiz, erakunde horietako langileek, Gipuzkoako Aldundikoek adibidez, haien lan kontratua amaitzen denean ez dute indemnizaziorako eskubiderik, eta hilean 1.087 eta 1.297 euro arteko langabeziagatiko prestazioa baino ez dute kobratzen.

Lotsagarria eta eskandalagarria da horrelako lan diskriminazioa egotea politikarien alde; langileei eskubide laboral eta sozialak murrizten zaizkie. Kudeatzaile politiko berriek, Donostiakoek eta Gipuzkoako Aldundikoek kasu, hasieratik ezarri beharko lukete, eredu izan nahi badute, politikoei ematen zaien prebenda eskandaluzkoak aldatuko dituen arau berri bat. Nahikoa da!
 

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza