Astekaria

 Deabruaren abokatua 

Goizalde Landabaso

“Eskatu izan didate Sarrionandia elkarrizketatzeko telefonoa”

Inork ez zigun esan irratiko euskaldun izatea zein nekeza den.

Aritz Galarraga

Aritz Galarraga


2283. alea
2011-07-03
alde 14    kontra 4
Goizalde Landabaso
Goizalde Landabaso (Iñigo Azkona)

Azkenean, aurkitu dut: hemen Bilboko euskalduna!

Zorionez asko gara euskaldunak Bilbon. Luzatzen dizut hiria bisitatzeko gonbitea, zizerone bikaina naiz gero! Eta koaderno handia ekar ezazu aurkitzen ditugun euskaldunak apuntatzeko, harrituko zaitu.

Beste hau izan zitekeen hasiera: hemen Radio Euskadiko euskalduna!

Hemen ere esan behar dizut euskaldun bakarra ez naizela, zorionez. Egia da gero airean beharbada ez dela igartzen, euskarak leku gehiago izan beharko lukeela, bai; baina nik barruko harremana euskaraz egiten dut askorekin.

Bietan ere itsasoa goldatzen, noski.

Euskaldun harroa sentitzen naiz, ez arraroa. Euskaldun militante izatera eraman nau bizitzak, eta ametitzen dut. Ez dut erraz amore ematen. Batzuetan gogorra da, milimetroko garaipenak lortzen dira. Garaipenak edozelan ere, eta hori da garrantzitsuena.

Ezizena aspaldi jarriko zizuten: La vasca.

La vasca inoiz esan didate, baina gutxitan. Garai batean “aborigen” hitza erabiltzen nuen, umorez.

La vasca que ríe, beraz.

Bai, nik umore handia daukat. Denborarekin uste dut apur bat garraztu zaidala, baina munduari barre egiten diot askotan, eta horrek salbatzen nau. Umore barik hau, eta mundua oro har, eramanezina litzateke.

Idatzi izan duzu irratirako euskaraz aritzearen zailtasunez.

Hau istorio amaibakoa izan liteke: prentsaurrekoetan borrokatu behar duzu euskaraz adierazpenak lortu, euskaldunak aurkitu, informazioa profesionaltasunez jasotzeko, gutxienez, beste hizkuntzetan lan egiten duten kazetariek adina.

Liburu aurkezleen artean Sarri nor den galdetzera iritsi zaizkizu...

Bai, eta bera elkarrizketatzeko telefonoa eskatu izan didate. Erdal munduarentzat euskarazko mundua Jupiter da, eta okerrena da, maiz, Burundiko kultura hurbilago sentitzen dutela. Unibertso oso bat galtzen dute eta oraindik ez dira jabetu.

Euskarazko mundua Jupiter eta euskaldunok estralurtar.

Estralurtar izateak ere badauka bere xarma. Gustatuko litzaidake euskalduna estralurtar ezaguna balitz, hori ondo legoke.

Ikusiko ote dugu guk Radio Euskadirik beharko ez dugun eguna!

Nahiago nuke hainbeste euskaltegi eta barnetegi beharrezkoak ez diren eguna ailegatuko balitz. Horrek izugarri poztuko ninduke. Eta denborarekin ikusiko dugu, seguru nago.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza