AEB

Wal-Marten beti merke eta ona, orain iraunkorra

  • Xehekako komertzioan munduko enpresa handiena den Wal-Mart irudia hobetzeko ahaleginean ari da azken aldian. Langileak bezala hornitzaileak zukutuz preziorik onenak eskaintzeaz gain, orain iraunkortasuna eta gizalegea saldu nahi lituzke. AEBetako hiri nagusiak konkistatu nahi lituzke, ipini dizkioten hesiak gaindituta.

Irudian ageri dena da inguruan Wal-Marten saltoki erraldoirik nahi ez duten herritarren manifestazioa,dagoenekoz eraiki duten baten aurrean.
Irudian ageri dena da inguruan Wal-Marten saltoki erraldoirik nahi ez duten herritarren manifestazioa,dagoenekoz eraiki duten baten aurrean. "Wal-Martik ez nire auzunean" diote afitxeetan. Ezkerrean horiz jantzita doan gizonak hiperrean ez erosteko eskatzen du. Munduko saltzailerik handienak eragin du konkurrentzia dituen konpainiak ere hein handi batean haren ereduaren arabera funtzionatzea. Esku batekin hornitzaileei prezioak izugarri estutuz. Bestearekin langileen soldata eta gainerako eskubideak apalduz. Baina hiper kate guztietan langileentzako okerrena Wal-Mart da, Lichtensteinen aburuz. Honetan behargin batek urteekin ezin du ofizioan ibilbide txukun bat egin: saltokietako arduradunek ekipoak astintzen dituzte, soldata pixkanaka hobetzea lortu dutenak kanporatu eta eten gabe langile hasiberri merkeagoak ekartzeko.

Nelson Lichtensteinek idatzia da munduko hipermerkatu konpainiarik handienari buruzko klasikoa: “Xehekako salmentaren iraultza: Wal-Martek nola eraiki zuen negozioen mundu berri bikaina”. Jatorrizko ingelesean Brave New World of Business ipini zuen, lotura eginez Aldous Huxleyren obra famatuarekin. Leon Trostkyren mireslea dela aitortzen duen Lichtenstein sozialdemokrata langile mugimenduaren historian dago berezitua.

Wal-Mart izango da munduan langile gehien duen konpainia, bi milioitik gora planetan barrena, 1,4 milioi AEBetan. 2010ean 421.849 milioi dolarreko salmentak egin ditu, kendu beharreko guztiak kenduta garbi-garbi 16.993 milioi dolar irabazteko.

Askorentzako, Wal-Martek hezur-mamitzen ditu korporazio amerikarren oker guztiak. Zientzia bihurtu ditu kosteak merketzeko teknikak: saltoki erraldoiak eraikitzea, hornitzaileak zukutzea, langileei jornalak eta eskubideak moztea. Wal-Marteko ugazabek beti erantzun dute ahalegin horiei esker prezio merkeak eskaintzen dizkiotela kristo guztiari, horri esker herritar denen eroste ahalmena igoz.

Etsaiak edonon sortuarazi dizkio politika horrek Wal-Marti. Aspalditik dauzka aurrez aurre sindikatuak. Baina azken urteotan bestelako aktibistak ere oldartu zaizkio, ingurumenaz eta merkataritzaren iraunkortasunaz kezkatuta dabiltzanak. Berrikitan Nelson Lichtensteinek Alter Net gunean aztertu ditu etsai horiek eraikitako hesiak gainditu nahian erraldoiak abiarazitako taktika berriak artikulu honetan: “Wal-Marten inbasioa: nola saiatzen den munstroa zure hirian muturra sartzen”.

1962an sortu zuen Sam Waltonek konpainia eta 1972an sartu zen burtsan. Arkansas, Missouri, Oklahoma eta Texasetik abiatuta, 1980 eta 1990eko hamarkadetan AEBetako geografia osoan hedatzen joan zen. Wal-Martek maite zuen erakustea estatuko mapa tanta beltzez betea, tanta bakoitza saltoki bat. Baina mendea bukatu zen eta erraldoiak sartu ezinik segitzen zuen Chicagon, New Yorken, Los Angelesen, San Franciscon, Bostonen eta beste zenbait hiri handitan.

“Wal-Marti –idatzi du Lichtensteinek– bidea itxi zitzaion ezetz esan zuelako koalizio zabal batek: sindikatuek, liberalek eta ekologistek, gehi komunitate afroamerikarraren eta latinoaren ordezkariek. Hala ere, azken aldian berriro dator ate joka Wal-Mart, saldu nahian ingurumenarekiko sentibera dela eta AEBetako hiri handiek duten lanpostu beharrarentzako panazea”. Los Angelesen 2002an hartutako muturrekoak zerbait erakutsi dio erraldoiari.

Gogor hasi zen Los Angelesko gudua. Wal-Martek 40 hiper berri eraikitzeko asmoa azaltze hutsarekin, haren lehiakide Safeway eta Kroger kateek beren langileei soldatak eta gainerako eskubideak murriztu nahi izan zizkieten. Greba etorri zen gero eta patronalak lortu zuen komertzioetako 70.000 langile biltzen dituen UFCW sindikatuak sekulako porrota jasatea.

Iraunkortasun jasangaitza

Galera horren kontrako erreakzio bezala sortu zen sindikatuek, zenbait gizarte erakunde liberalek eta latinoen elkarteek osatu koalizioa. Hauen ahaleginez, Los Angelesko udalak ordenantza berri bat onartu zuen 2004an, zeinaren arabera edozein hipermerkatu berri eraikitzeko baimena eman aurretik eskatuko baitzen erakustea ez zuela eragin kaltegarririk izango inguruko biztanleen ez ekonomian eta ez ingurumenean

Ordenantza berriaren arabera, analisian kontutan eduki beharko ziren lanpostuetan eta zergetan edukiko zituen eraginak, baina baita zeharkakoak ere: trafikoa, segurtasuna, inguruko lanpostuen soldaten gaineko eragina, udalari ekarriko zizkion kostu gehiketak, eta abar. Adibide argigarri bat esaterako, soldata baxuko lanpostuak sortzeak automatikoki handitzen ditu udalak behargin horien umeei zor dizkien zerbitzu eta dirulaguntzak.

Hiri handien betoaz gain, 2007an lehertutako krisiak behartu du Wal-Mart  aldaketa egitera. Izan ere, urteotan asko handitu zaio konkurrentzia; alegia, gutxien irabazten duten herritarrak erakartzen dituzten hiperrena. Mundu mailako hedatze asmoak ere ez zaizkio borobilegi atera, ez bada Kanadan, Mexikon eta herrialde gutxi batzuetan.

Chicago, New York, Los Angeles, San Francisco, Boston eta Washington hirietan sartzeko premia dauka, beraz, horietan bizi delako AEBetako eroste ahalmenaren %20a, balizko 80.000-100.000 milioi dolarreko salmentak. Horiei haginka egiteko, ordea, aurretik izen ona berreskuratu behar.

Hasteko, Wal-Martek zuzendari-tzara Leslie Dach erakarri du, ekologista izana, Edward Kennedy eta Michael Dukakisen ekipoetan aritua. Ezkertiar ohiek askotan ematen diete jokoa hipermerkatuei, Europan ere bai. Irudi berriaren ardatzetako bat iraunkortasuna da, sustainability. Karbono isuria eta lorratz ekologikoa txikiagotu, dendetan, garraioan, urrundik ekarritako produktu bakoitzaren katean.

Sustainability hitzak kosteak dakartzala? Hornitzaileek pagatuko dituzte, espezialista da horretan Wal-Mart. Energi kontsumoan, hondakin sorreran, negutegi eragina duten gasen isurietan, ur xahuketan eta abarretan estandarra gainditzen duten langile eta hornitzaileak aurrera; gainerakoak, fuera!.

Garai berrien bigarren ardatza sindikatuekiko harremanak hobetzea izan da. Hedabideetan nabarmendu nahian, korporazio erraldoiko presidentea argazkian atera zen sindikalista ezagunekin bilduta. Azaletik ikusita, Wal-Martek daukan langileen xurgatzaile sona goxatzeko. Sakonago begiratuz gero, langileen arteko zatiketak areagotzeko. Bere saltokietan sindikaturik onartzen ez duen konpainiak tratua egin du eraikuntzako sindikalistekin, Chicagon eta New Yorken eraiki nahi dituen 21 hiperrak haien afiliatuek egin ditzaten.

Mundu zabaleko hiper guztiek nola, Wal-Martek ere lanpostu berriak agintzen ditu, milaka. Chicagon aipatu ditu 2.000 eraikuntzarako, 10.000 saltokietarako, milioika dolar zergetan udalarentzako. Zer esanik ez, herritarrei milaka dolar aurreztea omen dakarkie: Wal-Martek familia bakoitzari 3.100 dolar urtean. Zertan zaude zu, inozoa, oraindik denda txikietan erosiz?

Obamak martxan jarri nahi duen osasun sistemaren erreforma ere primeran datorkio erraldoi zekenari. “Lege honek  –idatzi du Lichtensteinek– subsidio handi bat damaie Wal-Marteko langile gaizki pagatuei. Medicaid zerbitzua txirotasun mailaren %133rainoko langileei zabaltzeak ekarriko du Wal-Marten langileen erdia gobernuaren laguntzek babestuta egotea”. Horri esaten zaio harkaitzari ere dirua errunaraztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Eguneraketa berriak daude