Astekaria

 Azkena 

Azkena

Presazkoak eta garrantzitsuak

Mikel Irizar

Mikel Irizar


2280. alea
2011-06-10
alde 0    kontra 0

Lerro hauek idazten ari naizela hastekoak dira –formalki bederen– alderdien arteko harremanak erakundeetako gobernuak osatzeko. Ekainaren 11n eratuko dira udalak eta horrek azkartu egingo ditu gauzak Aldundiei begira, nahiz hauek eratze-data jakinik ez izan. Edonola ere, presazkoak ez luke garrantzitsua oztopatu behar.

Ezker abertzalea. Batasuna ohiak sari bikaina jaso du –ohi bezala, ohi baino handiagoa– borroka armatuaren amaiera usaintzen den neurrian. Ardura handien aurrean dago eta, oraingoan bai, badirudi horiei heltzekotan dela. Dena den Bildu ez da koalizio bat besterik, Sortu behar da behingoz mugimenduari gorputz organikoa emateko. Eta Arnaldo kalean, Rufi eta Rafarekin egitura berria gidatzen.

Aralarrek bere ahulezia erakutsi du EAEn eta bere indarra Nafarroan. Ezker abertzalearen antolaketa berrian indar txikiagoa izango luke, baina tresna bat oso garrantzitsua litzateke: Hegoaldea artikulatzeko giltza.

Udalak. Parlamentuak bailiran kudeatzen dira, gobernu eta oposizio jokoarekin, baina hau akats larria iruditzen zait. Oso inefizientea da zinegotzien erdia gehi bat lanean jardutea eta erdia ken bat traban. Udaletan beharko litzateke protokolo sinple bat: zerrendarik bozkatuenak alkatea; alderdi guztiak gobernu batzordean, bakoitza dagokion pisuarekin; osoko bilkuretan, gehiengo ezberdinak gaiaren arabera; eta zinegotzi guztiak lanean.

"Adin bat badugunok ezagutu ditugu hainbat alderdiz osatutako gobernuak Aldundietan, ez da derrigorrezkoa gehiengo juxtuko itun bat egitea. Hemen ere posible behar luke izan lanerako prest dauden alderdien arteko lankidetza"

Batzar Nagusiak. Lurralde historikoen legeak zatitu zuen EAJ eta horrek ondo adierazten du zenbateraino gai hau erraiekin jorratzen den areago buruarekin baino. Eta presazkoa ez bada ere, garrantzitsua da eredua berrikustea. Nire ustez eskualdeak bihurtu behar dira hautes- eta kudeaketa-esparru, eta eskualdeen ordezkariek osa dezakete lurraldeko ganbera geografikoa, Aldundiaren kontrolerako. Batzar Nagusien eskumen batzuk eskualdeetara hurbildu behar lirateke eta beste batzuk Jaurlaritzaren esku utzi.

Aldundiak. Adin bat badugunok ezagutu ditugu hainbat alderdiz osatutako gobernuak Aldundietan, ez da derrigorrezkoa gehiengo juxtuko itun bat egitea. Hemen ere posible behar luke izan lanerako prest dauden alderdien arteko lankidetza. Arriskua? Alderdi-lehiak gaina hartzea herritarron interesei. Nola saihestu? Herritarron zaintza zorrotzarekin, eta bozka ematerakoan sari/zigor aldagaia leialtasunaren gainetik jarrita. Ez da kontu berria, hau demokraziaren oinarria besterik ez da.

Ituna. Aurrekoak esanda, argi dago ez naizela oso itun egonkorren zalea erakunde hurbilak kudeatzeko. Gobernagarritasuna puztutako balioa da, nahierara gobernatzeko edo gobernatzen-ez-uzteko asmatu den trikimailua. Ituna landuko nuke nik ohitura txarrak gainditzeko, oinarri hauekin:

1. Zerrendarik bozkatuenak Alkatea edo Diputatu Nagusia. Eta lasaitu daitezela alarmistak: Gipuzkoan kargu hauek hartuta ere, Bilduk ezingo luke bere kabuz nahi duena egin, ez badu bidelagunik aurkitzen.

2. Korapilo handietan esparru komunak bilatu. AHT honezkero atzeraezina da, baina hobetu daiteke. Pasaiako kanpo portua oraindik ez dago batere argi. Zubietako errauskailuak merezi du moratoria bat, Gipuzkoako Udalak eta Mankomunitateak berrantzolatzen diren bitartean. Hondarribiko aireportuaz zergatik ez erreferendum bat?

3. Hausnarketa bultzatu patxadaz. Gizarte zibilean badira erakundeak epe ertainerako  hausnarketa –hau da, legealdiz gaindikoa– bultza dezaketenak: Eusko Ikaskuntzak historia oparoa du honetan, Jakiunde abiatzen ari da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza