Libia aske baten alde borrokan

  • Otsailean abiatutako matxinadan Muammar al-Gaddafiren aurkariek konkistaturiko lehen hiria izan da Benghazi, Libia ekialdean. Zutik eta borrokan dihardute bertako matxinatuek, shebab izenez ezagunak. Beraiekin izan gara, eguneroko latzari aurre nola egiten dioten eta etorkizunari nola begiratzen dioten jakin asmoz.
     

"Erlijioaren eta askatasunaren aldeko gerra" da shebabek Gaddafiren aurka abiatutakoa.Alberto Pradilla

“Emisi shabab, demeshuadad” (ez dugu gure martirien odola ahaztuko). Hori da Benghaziko Epaitegien Plazan ia egunero egiten diren hiletetan gehien entzuten den oihuetako bat. Mohammed lagunaren gorpua garraiatzen duten hamaika nerabeekin 45 minutuz egon eta gero, zaila egiten da beraien garrasiekin bat ez egitea. Matxinoen kuartel nagusitik hilerrirako bidea egiten duten gehienek ez dute 30 urte baino gehiago izango. Ez egurrezko kutxak garraiatzen dituztenek, ezta zerraldo barnean doazenek ere. Oihu eta negar artean doaz denak, eta airera tiroak botatzen dituzte. Shebab gazteek, Muammar al-Gaddafiren aurkako matxinadaren oinarria osatzen dutenek, heriotzarekin bizitzera ohitu dira otsailaren 17an kalera lehen aldiz irten zirenetik. Ez dira gerrillariak, armak dituzten manifestariak baizik. Askatasunaren alde borrokan ari direla badakite, nahiz eta inork ez dien azaldu hori zehazki zer den. Horregatik, lema erraz eta txantxa postmodernoetara jo behar dute. Gainera, euren burua garrantzitsutzat jotzeko gerran aitzakia topatu duten alprojak ere bildu dira shebaben inguruan.

Mohammeden lagunak gauza bakarra esateko gai dira: “Allahu akbar” (handia da Jainkoa). Inork ez du ingelesez tutik ere ulertzen eta ez da gutxi guri, bi atzerritarri, euren dolua adierazteko duten gune pribatuan sartzen utzi izana. “Gaddafi, donkey, Gaddafi crazy” (astoa, eroa) dira erabiltzen dituzten argudioak. Lagunaren heriotza eragin duten baldintzen gainean ez dute gehiegi pentsatu nahi. Mohammed, beste lau matxinorekin batera, Brega hiriko ateetan hil zen. Gaddafiren tropak kanporatzea lortu zuten, baina berotuta ibiliko zen shebabetako batek erabaki zuen garaipena ospatzeko abioien kontrako bateriarekin airera tiro egitea. NATOren abioiek, aurrera egiten lagundu zieten abioiek, erregimenaren aldeko talderen bat zela pentsatu zuten eta bonbak jaurti zituzten matxinoen zonaldera. Mohammedekin batera, Jumal Abdelhakim Jheili jenerala, Jaled el-Kaliki ofiziala eta Salah al-Auadi anbulantzia gidaria ere hil ziren.
“Egia esan, herri honi askatasuna eta demokrazia ekartzea da nire helburu bakarra”, dio Munir Adris-ek. 22 urteko gaztea betidanik bizi izan da Ajdabiyako Istanbul kalean, Gaddafiren aldeko tropek gainditu ezin duten ekialdeko muga bilakatu den tokian. Askok eta askok bezala, petrolioa ateratzen duten putzuetan lan egiten zuen eta ez zuen inoiz armarik hartu. Orain, ordea, borrokaren poderioz, txikitan jolasgune izan zuen kale bera Libiako Armadaren erasoetatik babesteko brigada zuzentzen du. “Hasieratik nago hemen, Gaddafik artilleria astunarekin eraso zigunetik eta bere aldekoak kanporatzea lortu genuenetik”, azaldu du. Hitzak oztoporik gabe jariatzen ditu gerrillarien aurrerapausoak kontatzen dituenean, baina zaila egiten zaio Gaddafiren osteko Libiaren gainean aritzea. Arlo militarrean, ezjakintasun hori bizitzarekin ordaintzen da, Mohammeden kasuan bezala. Erregimenaren kontrolpetik aske dauden lurraldeetan, agintea lortu duen Trantsiziorako Batzorde Nazionaleko eliteen agenda neoliberalaren balizko biktima bihurtzen ditu prestakuntza falta horrek.

“Gaddafi 42 urtez izan da agintean. Ez zegoen hedabiderik, ez askatasunik, ez justiziarik, ez lanik, ez dirurik. Dena zen Gaddafi. Dena zen diktadura”. 24 urteko Rafe Shrif-ek shebaben ideologia laburbildu digu: proposamen gutxi eta bidegabekerien aurreko kexu zerrenda luzea. Halere, lagunekin hiriko komisaria margotzen gauak pasatzen dituen Tobrukeko gazte honek matxinada “bizitza berri baten hasiera” izatea espero du. Egia da, beharbada, Batzordeko kideen interes ekonomikoak eta Shrif bezalako gazteen askatasun gogoa ez datozela bat. Baina, nork kendu nahiko lioke, lehen aldiz gauez atxilotzeko arriskua pairatu gabe, nahi duena esateko aukera?

Matxinatuen aurpegiak

Nortzuk dira matxino hauek? Hona guk ikusitako hainbat: Nareman, Benghaziko manifestazio batean parte hartzen ikusi dugun eta Gaddafiren janzkera freakya dela nabarmendu duen Estatistika ikaslea. Mustafa, Tobrukeko gaztetxoek balak xahutzea kritikatzen duen bizardun lodikotea. Ualid, hiru koloretako banderarekin apainduriko Kalaxnikov-a duen eta matxinada hasi zenean basamortuan bizi zen shebab klasikoa. Guztiek ideia berarekin egin dute bat, inozentziaz beteriko ideiarekin: 42 urtez boterean gotortutako jenerala kanporatzeko nahikoa izango zela beldurra uxatzea. Baina tankeekin eta errepresio bortitzarekin egin dute topo. Hori dela-eta, Gaddafiren kasernak hartu eta hiri barneko gerrilla ikastaro azkar batean matrikulatu behar izan dute.

Kontraesan batzuk agerikoak dira. “Erlijioaren eta askatasunaren aldeko gerra dugu hau”, nabarmendu du Yasser Mohammed doktoreak. Ajdabiyan hil zen Muntar anaia lurperatu berri du eta “Gaddafik alde egin arte” ez duela bizarra moztuko dio. Oso tradizionala da Libiako jendartea, eta gazteek Islamaren baloreak eta poligonoetako estetika uztartzen dute. Horri guztiari NATOren esku-hartzea gaineratu behar zaio. Paradoxikoki, zerura begiratzen dutenean shebabek ez dute soilik Allah-ren babesa bilatzen. Aliatuen abioien alde ere egiten dute otoitz, horiek lagun izan zituztelako agintaria Benghaziko lehen etxeetaraino heldu zenean.Tradizionalak dira, baina ez muturrekoak. Hori, ordea, zaila da AEBetako jendarteari adieraztea, bonbak eta bizarrak zaku berean sartu baitituzte urte luzez. “Ez gara Al-Kaedakoak. Askatasuna baino ez dugu nahi”, dio Benghaziko Munir Ohmanek. Ez da pertsona eskolatua, baina ez da inozoa. “NATOk bere agenda propioa du, gu ez gara haien kezka”.

Gazteen frontean dena ez da idealismo bukolikoa. Gerra aukera paregabea da gisa guztietako alprojak ikusteko. Adibidez, Jalo-tik –Benghazitik 400 kilometrora hegoaldean, basamortuan, dagoen lurraldea– datorren eta iraultzaileen mezuen margoz josita dagoen Toyota zuri bat gidatzen duen Ahmed. Inoiz ez du ikasi, inoiz ez du lanik egin eta ez du kotxea nondik atera duen azaldu nahi. Frontean izan ezik –bertan egon beharko luke– Libiako txoko guztietatik paseatzen duen metrailadorea non lortu duen ere ez digu azaldu. “Emadazu arma”, eskatu dio anaiari, Ajdabiyako auzora autoan iritsi denean. Leihoan paratu du, guztiek ongi ikus dezaten. Hiritik ateratzean gorde egin du berriro, kanoia eserlekura begira. Mohammed-ek berriz, borroka eremutik uniforme militar dotorearekin paseatzea atsegin du, Dolce & Gabanna betaurreko faltsuekin. Beretzat, frontea erakustokia da. Porroak etengabe erretzen ditu eta, esnatu eta berehala, kolonia eta gomina botatzen ditu buru gainean. Hitz jarioa eten egiten da, mozkortuta dagoenaren seinale.

Diskurtso politikorik ezean, Muamar al-Gaddafiz trufatzen diren bideoak bilakatu dira oinarri ideologikoetako bat. Esaterako, oposizioko kide guztiak “kalez kale, metroz metro” jazarriko zituela esanez koronelak eman zuen lehen diskurtsoari Shakiraren musika jarri diote atzetik gazteek eta “waka waka” gerrarako ereserki bihurtu dute. Horrekin batera, ezin ahaztu Benghaziko Epaitegien Plazan etengabe entzuten den Adel Mashatiren “Hemen jarraituko dugu” ereserki iraultzailea.

Sidi Bouziden bere buruari su eman zion Mohammed Bouazizi kaleko saltzailea du Tunisiak. Mubaraken errepresioa jasan zuen Uael Ghonim blogaria Egiptok. Libian, berriz, Abu Salim Tripoliko espetxean hil zituzten 1.200 presoen familiak ordezkatzen dituen Fathi Terbil abokatua dute. Tunisiarrek edo egiptoarrek bezala, shebabek ere askatasuna nahi dute. Baina epe motzera amaituko den itxurarik ez duen gerran sartu dituzte. Bizitza ez da jada gauza bera izango Mohammed, Munir, Rafe edo Ahmedentzat; kezka bakarra dute orain: bizirik irautea.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude