Astekaria

 Bestelakoak 

Ez, ez gara primeran bizi

Joxemari Carrere Zabala

Joxemari Carrere Zabala


2279. alea
2011-06-05
alde 0    kontra 0

Gutxienez bitan ikusi dut El viaje a ninguna parte filma. Eta beti, pelikula zoragarri batekin gozatzeaz gain, gogoetarako bidea eman izan dit. Fernando Fernan Gomezek idatzi, zuzendu eta interpretatutako pelikula honek Espainiako gerraosteko antzerki konpainia bateko gorabeherak azaltzen dizkigu. Gaztelako herrixketan euren lanak eskaintzen dituen konpainiak bizimodu gogorra darama, miseria gorrian, garai bateko antzerki ohitura eta jokamoldeetan iltzatua, egunen batean hiri handi batean antzezteko eta ospetsu bihurtzeko ametsarekin. Leku apartatu eta pobre horietan antzerkia ikusteko aukera bakarra izanik, nolabaiteko funtzio soziala ere beteko dute, urte gogor haietan komikoen ailegatzeak une gozoa ekartzen baitzuen.

"Segur aski geronek gure partea jarri dugu irudi horretan, baina glamourrez gainezka dagoen ofizioaren irudia errealitatetik urrun dago orokorrean"

Garai bateko pasadizoak ote ordea? Gaur egun antzerki konpainiek eta kontalariok, esaterako, perspektiba hobeak al ditugu? Jakina, egoera sozio-politikoa ez da berdina; beste jendarte batean bizi gara, txuri-beltzeko jendarte batetik koloreztatu batera pasa gara. Oraindik ere, dena dela, Inongorako bidaian sartuak gaudela dirudi. Arte eszenikoen gaineko iritzia zeharo baldintzatuta dago hedabideetan eskaintzen den irudiarekin, baita instituzioetatik ematen denarekin ere. Inoiz baino azpiegitura hobeak ditugu; inoiz baino diru gehiago; inoizko zabalkunderik handiena. Hau ikusirik, ez dirudi kexatzeko aitzakia handirik dugunik: “Hori suerte, nahi duzuna egiten duzu, eta gainera kobratuz” izaten da askotan entzuten dugun leloa; edo “hi primeran bizi haiz, ordutegirik gabe, beti alde batetik bestera, lekuak eta jendeak ezagutzen, ez haiz kexatuko, hartuko nikek nik halakorik”.

Segur aski geronek gure partea jarri dugu irudi horretan, baina glamourrez gainezka dagoen ofizioaren irudia errealitatetik urrun dago orokorrean. Gehienetan errealitatea bestelakoa izan ohi da: prekarietate izugarria, estualdi ekonomiko larriak, programatzaile eta kultur arduradun askoren gutxiespena; eta ofizio hau inongorako bidaian jartzen duten hainbat baldintza. Eta jakina, askok galdetuko dute ea zergatik jarraitzen dugun bidaia horretan, Caronteren txalupan, itxuraz. Beharbada erantzun zaila izango da, baina oinarrian dago maite dugula mundu imajinarioak herriz herri eramatea, maite dugula errealitatea istorio liluragarrien bidez azaltzea. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Eta agian, ez dakigulako, dagoeneko, beste ezer egiten.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza