"Politikarien euskararekiko lidergo argia behar da"

  • 2003an izan zen. Euskaldunon Egunkaria itxi zuten. Eusko Jaurlaritzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren balorazioa egin zuen, eta III.aren atarikoak aurkeztu. Lakuako administrazioko zenbait langilek Tiraka bloga osatu zuten. Tartean, Zelai Nikolas legelaria.

"Itzulpenaren lepo utzi dute arduradun politikoek euskararen erabilera administrazioan, erabilera bizia alde batera utzita".Zaldi Ero

Euskararen egoerak kezkatzen zintuzten Tirakako lagunak. Langileen artean euskararen erabilera piztea zenuten helburu, administrazioa bera akuilatzea.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plangintzaldia abiatu berria zen, baina aurreko bi plangintzaldietako emaitzak ikusita, hots, paperean dena oso polita zela baina praktikan oso gutxi aurreratzen zela, larritzen eta gogaitzen hasita geunden langile batzuok. Antolatu eta mugitzen hastea erabaki genuen. Sasoi hartan, Egunkariaren itxiera zela-eta bildutako zenbait lagun elkartzen hasi ginen. Administrazioko euskararen erabilera urriak kezkatzen gintuen. Ikusitako gabeziak salatu bai, baina horrekin batera arduradun politikoei proposamen zehatzak egingo genizkiela erabaki genuen, elkarlanerako prestutasuna agertuko geniela. Harrezkero, edozein proposamen egin aurretik, Lakuako langile euskaltzale multzo handi batekin kontsultatu izan ditugu, euren ekarpenak eta babesa jasotzeko asmoz.

Zenbateraino bete dira zuen asmoak, edota, zertan da egoera zuen ustez?

Urte hauetan hizkuntza politikarako lau sailburuorde pasa dira Lakuatik, eta zuzendari andana, baina sailburuordea joan sailburuordea etorri, egoera ez da askorik aldatu euskararen erabilerari dagokionez… Eta hamaikagarren plangintzaldia hasiko da, eta erabilera bultzatzeko garaia heldu dela entzungo dugu, eta abar eta abar.  Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren hizkuntza politika –bai lehengoa, eta zer esanik ez oraingoa!–, oso bere zokoan ikusten dugu, administrazioaren beste ataletan eragiteko gaitasunik gabe. Gainera, PSEk ekarri dituen arduradun politiko gehienak erdaldunak dira, eta hori igarri da sailetan; euskara erabiltzeko aukerak areago murriztu dira.  

Lehena eta oraina bereizten dituzue, beraz, administrazioan.

Lehen, Administrazio honetan euskararen normalizazioa aurrera zihoan, baina oso-oso astiro. Orain, aldiz, geldialdia eta atzerapausoak ere hasi dira sumatzen. Gure asmoetatik gutxi bete dira, baina iruditzen zaigu langile euskaltzaleak mugitzen hasi direla, eta pixkanaka langile euskaldunak geure hizkuntza eskubideez kontzienteago garela. Baina aldaketak geuk nahi baino astiroago ari dira gertatzen langileon artean ere. Edonola ere, gure ekimenak emaitza batzuk eman ditu, eta horrek aurrera jarraitzeko adorea ematen digu.

Oraindik orain, funtzionarioen %97k ez duela euskara azterketa gainditu, edo gisakoren bat, irakurri dugu. Nola hartzen dituzue Administrazio bertako langileek horrelako berriak?

Prentsan kaleratu den datua Enplegu Publikorako Eskaintza bateko euskara proba bakar baten emaitza da, gainera, Administrazioko langileak nahiz libre aurkeztu direnak nahastu dira datuok ematerakoan. Horrez gain, badirudi jendea haserrarazten duena Administrazioko zenbait langile euskara ikasteko liberaturik egon izana dela, eta esan behar dugu lanorduetan ikasten duten funtzionarioak ordu batzuk aldentzen direla lanpostutik, eta ez egun osoan, askok oker ala maltzur zabaltzen duten legez. Datuak ezin dira horrela eman, emaitzak ulertzeko ezinbestekoak diren zenbait informazio gehitu barik. Manipulazio gaiztotik du horrek gehiago, beste ezertatik baino. Badirudi interes berezia dagoela sektore jakin batzuetatik zalantzan jartzeko herri-langileak euskalduntzeko erabili den dirua, beste ezertan erreparatu gabe.

Datu hotzen arabera, administrazioko langileen %60 da hizkuntza eskakizunaren jabe. Aldiz, %10era ere ez da iristen euskararen erabilera.

Planifikazioan kale egin da nabarmen, eta benetako aferari ez zaio oratu gura izan: arduradun politikoen borondate faltari. Arduradunek ez badiote euskaraz lan egiteari bide ematen, ezinezkoa da euskararen erabilera haztea. Eta horixe gertatzen da administrazioan. Lan prozedura gehien-gehienak erdara hutsez bideratzen dira, betiko inertziaren eta euskararekiko ardurarik ezaren ondorioz, eta azken urratsean baizik ez da bermatzen euskararen presentzia, itzulpenaren bidez ia beti.

Euskararen presentzia bai, erabilerarik ez…

Langileen borondate hutsaren mende utzi dute gobernu guztiek euskararen erabilera, eta gainera, euskara erabili nahi duten langileek oztopo andanari egin behar izaten diote aurre, besteak beste arduradun gehienen arduragabekeriari, edota lankide askoren aurreiritziei eta nagikeriari. Tristea da, baina horrela gaude. administrazioan euskararen erabileran eragingo bada, ezagutzaz gain, orain arte jorratu ez diren beste bi ardatz, gutxienez, landu behar dira: arduradunen eredugarritasuna eta sentsibilizazio kanpainak.

Nola ulertu EAEko administrazioa sortu zenetik 30 urte igaro diren honetan, euskara hutsez lan egiten duen atal bakarra ere ez egotea?

Euskararen normalizazioari lotutako zerbitzuetan, ia beste inon ez da euskaraz lan egiten gaur egun, hala da. Eta egoera penagarria da, izan ere, Euskal Administrazio Publikoan Jaurlaritzak euskararen normalizazioaren erreferente izan behar luke.

Baina ez da erreferente.

Administrazio publiko orokorrean euskararen erabilera hedatzeko borondate politiko nahikoa ez zuten erakutsi aurreko gobernuek, eta bistan da, egungo gobernu hau borondate gutxiago erakusten ari da. Aurrekoan baziren kontseilari eta zuzendari euskaltzaleak, gutxi-asko, sail gehienetan. Egun, ostera, nekez aurki daiteke arduradun politiko euskaltzalerik HPStik kanpo –edo ez dira nabarmentzen behintzat–, eta gainera, Lehendakariaren eta sailburu batzuen diskurtsoek ez dute mesederik egiten euskararen normalizazioaren bidean. Horra hor Euskararen Aholku Batzorderako Jon Juaristiren izendapen ulertezina, adibidez.

Langileen jarrerari dagokionez, badirudi administrazio honetan, gizartean bezala, euskaldun gehienak geldotasunaren eta etsipenaren artean bizi direla, horregatik uste dugu motibazioan eragin behar dela erabileran gehiago eragin ahal izateko.

Itzulpen lan handia egin da, egiten da eguna joan, eguna etorri. Hain handia, %1 baino ez baita sortzen euskaraz administrazioan.

Itzulpengintzaren eremuan lan handia egin da, bai. Terminologian duela 20 urte ez genuen ziurtasuna dugu, kalitatezko joskeraren erreferentzia argiak landu dira, datu-banku sendoak ditugu, administrazio-hizkera argiaren gaian gaztelaniaz egin ez den gogoeta sakona egina dugu... Baina alde iluna badu horrek ere: itzulpenaren lepo utzi dute orain arteko arduradun politikoek euskararen erabilera administrazioan, benetako erabilera bizia, euskarazko sormena eta produkzioa ia guztiz alde batera utzita.

%1, euskaraz sortua. Datu hori liburugintzara eramango bagenu, adibidez, akabua litzateke.

Arrazoi osoa duzu, itzulpena ez den euskarazko produkzioa %1 ingurukoa izateak agerian uzten du Administrazio honetan euskararen egoera zein den. Horri buelta eman behar zaio behingoz, eta horretarako ari gatzaizkio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari plangintza eraginkorra eskatzen urtez urte. Bide horretan gure lankidetza osoa eskaini die Tirakak aurreko nahiz egungo arduradun politikoei.

Non dago, hortaz, gakoa?

Hainbat gako dago gure ustez, baina den-denak nagusi den batean biltzen dira: politikarien euskararekiko konpromiso eta lidergo argia behar da. Eta horrekin batera, langile euskaltzaleen konpromisoa. Hori gabe nekez lortuko dugu administrazio jarduera euskalduntzea eta administrazioarekiko euskarazko harremanak normaltzea. Politikarien euskararekiko konpromiso horrek adierazpen ugari izan dezake eta maila ezberdinetakoa izan daiteke, baina hartzen den konpromiso mailak euskararen erabilera areagotzeko balio behar du. Hor jarri beharko genuke neurria.

Euskarari zehar lerrotasuna bermatzen dion beste kokapen instituzional bat eman behar zaio, euskararen normalizazioak sail guztietan dagokion pisua eta lehentasuna izan dezan.

Aldi berean, euskarazko zerbitzuen eskaintza antolatu eta sendotu behar da. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza-eskakizunen sistema garatzen jarraitzea eta atzerapausorik ez gertatzea eta, besteak beste, hizkuntza eskakizunak erabilerarekin lotzea. Euskara berrikuntzarekin eta teknologia berriekin lotu behar da.

Testuak euskaraz sortzen hasi behar da. Itzulpenaren garaia, beraz, gainditzen joan behar dugu, poliki-poliki, eta bide horretan idazketa elebiduneko teknikak eta bereziki, korredakzioa lagungarri gerta dakizkiguke.

Korredakzioa? Zer da hori?

Besteak beste, Kanadan eta Nazio Batuen Erakundean lege testuak hainbat hizkuntzatan idazteko erabiltzen den teknika da. Horren bidez lege testuen bertsio linguistiko ofizialak aldi berean idazten dira eta ez itzulpenetan bezala lehenengo hizkuntza batean idatzi eta amaituta dagoenean beste hizkuntzara itzuli. Korredakzioaren bidez, gaur egun euskarazko lege idazkerak gaztelaniarekiko duen mendetasuna gailendu nahi da, mezua baita bi hizkuntzetan ematea bilatzen dena eta ez horrenbeste gaztelaniazko ordaina eskaintzea. Horrela, bi bertsio linguistikoak askeagoak izan daitezke.

Nola gauzatzen da hori?

Arauaren Idazketarako lan-taldea eratzen da eta lan-talde horretan bi bertsio linguistikoak idazteko ardurak banatzen dira. Horrela, hizkuntza bakoitzeko –gure kasuan, euskara-gaztelania–, legelari bana egongo da eta legelari horiek haien artean eta zenbait hizkuntzalarirekin –hau da, itzultzaileekin, terminologoekin–, batera jardungo dute elkarlanean lege testuaren bi bertsio linguistikoak lantzen. Korredakzioak hainbat abantaila ditu: bi bertsio linguistikoren baliokidetasun juridikoa itzulpenarekin baino hobeto zaintzen da; testuaren idazkera, terminologia eta abar  hasieratik hobeto zaintzen da, talde multidiziplinarraren lankidetzaren emaitza baita. Bi bertsio linguistikoak lantzeko prozesuan hizkuntza horiek menderatzen dituzten legelariek hartzen dute parte eta legelariek hizkuntzalariekin batera lan egiten dute; Jaurlaritzak dituen baliabide pertsonalak –izan legelari euskaldun, itzultzaile, terminologo edo beste–, eta materialak –dela datu-bankuak, dela memoriak…–,  euskarazko produkzio-lanetara bideratzen ditu. Gurean ere ezartzen ari da korredakzioa, poliki-poliki bada ere, IVAP-IZOren koordinaziopean.

Unibertsitateko jakintza-arlorik gehienak ematen dira euskaraz. Ba al dute titulatu berriek administrazioan euskaraz jarduteko aukerarik?

Bai, eta horiei esker azken hamarkadan Jaurlaritzako langileen euskarazko gaitasuna aldatuz joan da eta gaur egun asko dira euskaraz normaltasunez lan egiteko gai diren teknikariak. Hala ere, aldaketa horri euskara normalizatzeko plangintzetan oraindik ere ez zaio behar bezalako atarramentua atera.

Bestalde, kontuan hartu beharra dago, euskaraz lan egiteko gaitasun handiena duten langile gehienak, maila apaleko arduretan dabiltzala lanean, adinagatik oraindik ez baita belaunaldi txandaketa gertatu eta zuzendaritza lanetan dihardutenak euskara maila hain altua ez dutenak dira edo euskaldunak ez direnak, sarri. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi belaunaldi txandaketa hori gertatu bitartean euskaraz lan egin ezin denik. Bi belaunaldien arteko uztarketa lankidetza oinarri gertatuko da, baina horretarako, berriro ere, behar bezalako planifikazioa behar da eta lidergo politiko garbia.

Eta, zeinek jarri katuari txintxarria?    

Arduradun politikoek jarri beharko liokete txintxarria katuari, baina hiru ardatzen inguruan izan beharko du, administrazioan euskararen normalizazioan aurrera egingo bada: arduradunen lidergo eta babes sendoa, herri-administrazioetako langileen euskarazko jarduna antolatzea eta saritzea, eta horiekin batera, herritarrek administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzea, hori gertatu ezean aurreko biak ezerezean geratuko baitira.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude