Astekaria

 Bestelakoak 

Eskola munduaren beharrean

Arantxa Urbe

Arantxa Urbe


2278. alea
2011-05-29
alde 3    kontra 0

Jada inork gutxik ipiniko du zalantzan euskararen ezagutzan eta erabileran inguruak duen eragina. Askotan, eskolak mikrokosmos txikiak bilakatu ditugu, blindatu, euskara arloan erdiesten ditugun lorpenak haren ateetatik kanpo urtu ez daitezen.

Eskolak euskara-erreserba bilakatu behar izan ditugu. Eta beharrezkoa izan da, akaso, hainbat garai eta egoerari aurre egiteko, bizirauteko. Euskararen ezagutzari dagokionean emaitzak eman ditu horrek; ez hainbeste erabilerari begira.

Gaur badakigu hizkuntza bat erabilia izan dadin, baliagarria eta funtzionala gertatu behar zaiola hizlariari. Eta hori, eskolaz kanpo zabaltzen den mundu aberatsean sentitu behar da, batez ere: benetako bizitza garatzen den lekuan. Han haserretzen, maitemintzen, kezkatzen eta dibertitzen baikara, besteen ondoan pertsona gisa errealizatzen garen bitartean.

Azken urte luzeetako eskarmentuak erakutsi digu euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko ez dela nahikoa eskolan euskaraz bizitzea; noski, funtsezkoa da eta beharrezkoa, baina ez nahikoa. Eskolaz kanpoko munduaren beharra dugu.

"Determinazioz eutsi behar diogu euskaraz bizitzeari, eskola barruan eta eskolaz kanpo. Bestela, nekez ikusiko ditugu eskolan egindako ahaleginen fruituak mundu zabalean"

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskararen normalizazio prozesua areagotzeko eginkizunean, 2.000.000 herritarri eragiten dieten 66 udalerriren Udal hizkuntza-politikak neurtu zituen iaz bigarrenez.

Emaitzek argitara ekarri dute 1.427.504 biztanleengan eragina duten 34 udalek hizkuntza-politika eskasa dutela. Beste aldean, gainditu duten udalak ez dira iristen aztertutako biztanleen laurdenera ere.

Hauteskunde kanpainan izan berri gara, eta alderdien jardunari begiratu diogu. Ikusi dugu ez dutela hizkuntza-politika homogeneorik egiten, ezagutza mailari erantzun diote gehienek. Ondorioz, politika eraldatzaileak baino errealitateari erantzuten dioten politikak dira. Ez da, bada, politika egokiena harago urratsak emateko!

Horien ondoan guk, eskola barruan bizi garenok, gainerako herritarrekin eragile bihurtu behar dugu tokiko administrazioetan hizkuntza-politika aldarazteko. Izan ere, administrazioekhizkuntza-politika aski eskasak aplikatzen dituzten bitartean, herritarren euskaraz bizitzeko nahia indartuz doa.

Determinazioz eutsi behar diogu euskaraz bizitzeari, eskola barruan eta eskolaz kanpo. Batak bestearen beharra du. Bestela, nekez ikusiko ditugu eskolan egindako ahaleginen fruituak mundu zabalean. 

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza