“Antzerkia plazan ikusten dut, bizi-bizi eta jendearekin “puching ball”-ean”

  • Bizitza ez baita antzerki hutsa.

Mattin Irigoien
Mattin IrigoienDani Blanco

Museoko pieza zara, Mattin: antzerkia idazten duzu, eta euskaraz!

Anti-museo ari gara ustez. Nik antzerkia plazan ikusten dut, bizi-bizi eta jendearekin pu-ching ball-ean. Hilzorian delako hizkuntza honen komunikazio funtzioa agian, are gehiago, bizi mugimenduari txertaturik ikusten dut gure antzerkiaren funtzioa.

Euskarazko antzerkiaren egoera, ordea, dramatikoa da oso.

Gutxiengoan gara euskaldunak, eta hori onartuz geroz, bizitzea balio duten anitz esperientzia izateko bidea ematen du. Hau ez da drama, bizi behar den zerbait baizik. Hil artean, bizi.

Ez da izango bankuen interes faltagatik: BBK eta Kutxa daude bi antzerki sari nagusiren atzean.

Berek jakinen dute zendako egiten duten. Eni, sariak ongi etorri zaizkit lan honetan jarraitzeko etxekoei sobera gosta gabe, dirutan erran nahi dut. Lehenarekin hamabost urtez iraun nuen, bigarren honekin, agian beste hogeiz iraunen dut...

Hori da: umorea oroz gain, zure antzerki lanetan bezala.

Erraten da komiko onak drama duela oinarrian. Pentsatzen dut baietz, baina drama hutsean patetikoak izateko beldurrez edo, beti umorea hautatu izan dut. Egia erran ez dut hautatu, hola jin zait.

Iparraldean dugu antzerki kultura handiagoa; zer irakurketa egin hortik?

Denboran, apezek gazteria kontrolatzeko tresna gisa baliatu dute asko antzerkia, abertzaleek gero, beren ideien hedatzeko... Gaur, ni bezalako sinesgabe ez-lerrokatu batzuek egiten dugu, nehork ez daki zendako.

Antzerki obra idatzi eta tiraderan gordetzeko!

Idazterakoan, taularatzeko idatzi dut ia beti. Bat edo beste izanen ditut kutxetan, erretzeko atxikiak, arrunt txarrak direlako. Bestela, egia da hemen antzerkia idaztea ez dela aski, taularatzen lagundu behar da ere.

Nola, zure euskara ez bada ulertzen?

Denek badugu bide bat egiteko bestea ulertzeko, eta ez bakarrik periferiako euskaldunek. Nitarik zutara edo zutarik nitara, naski, ber distantzia da.

Anaiak egin du: antzerkian hasi eta Euskadiko telebistan egun!

Gillome betiko gure antzerki maisua izanen da. Hain maisu handia non, nehor ohartu gabe, beti ari den. Pentsa, minutu batek orena balio duelako ilusioa saltzen digu egunero.

Eguneroko teatroa, noski.

Ezin gara beti zinean, finean eta minean ibili. Burmuinak deskonektatzen daki, eta biziko antzezpena burua ez galtzeko defentsa hesia dugu. Aldiz, antzezpena beti ihesean ibiltzeko bada, gaitz doble. 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude