Astekaria

 Politika 

Udalen zorpetzea Nafarroan

Foruaren gorringoa zuritu nahian

Patxi Larrion

Patxi Larrion


2276. alea
2011-05-15
alde 4    kontra 0
Nafarroako Foruen Monumentua,  Iruñean.
Nafarroako Foruen Monumentua, Iruñean.

Madril, 1971ko maiatza, juristak fiskalitatearen inguruan ari dira ezbaian. Estatuaren ordezkaria da galdera egin duena, arrapostua Nafarroako ordezkariarena duzu, hona galde-erantzuna:

Eman dezagun Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Diputazioak ez zutela 1969an akordiorik erdietsi, kasu horretan Estatu espainiarrak 1941eko legea edota 1969ko dekretua indargabetu ahalko lituzke, ez da hala?
Ez. Hori ez baitzen egintza juridiko bat izanen. Hori, indarkeriazko egintza zatekeen.

1931 edota 1932a da, Manuel de Irujo zena Ziraukin duzu estatutuaren aldeko kanpaina egiten. Bilkuran zenbait zinegotzi nafar, eta horiek xaxatu nahian edo, honako galdera hau egin die Irujok:

Baina, zuentzat zer dira foruak?

Txapela erantzi ez duen zinegotzia ausartu da:

On Manuel, foruak Nafarroaren barrabilak dira.

Pribilegioak, zaharkinak, autoeraketarako tresna, subiranotasun galduaren aztarnak, nahi adina adjektibo erabil daitezke foruak definitzean. Foruen esanahia baino kontzeptu lausoagorik ez da gure politikan. Hegoaldeko lau probintzien antolamendu juridiko-politikoaren zutabe nagusia dira foruak.

Nafarroaren kasuan eta bereziki 1841az geroztik gai hau akordio gisa aurkeztu da, Estatua eta Diputazioaren (egun Nafarroako Gobernua) arteko hitzarmen ekonomikoa negoziazio baten ondorengo akordioa duzue. Hala sinestarazi nahi izan digute. Baina, jakin badakigu hau guztia maiz liskarbidea izanen dela Estatua eta Nafarroako Gobernuaren artean.

 Azkeneko desadostasunak toki-entitateen finantzaketa baldintzatu du. Espainiako Kongresuak 2010eko maiatzean defizit publikoa murrizteko Errege Lege Dekretua aprobatu zuen, besteak beste, UPNren abstentzioari esker aprobatu ere. Horren arabera, toki-entitate baten, udal baten defizita ezin izanen du aurrekontuaren %75a baino gehiagokoa izan. Nafarroako Gobernuak urte bereko ekainean Foru lege bat aprobatu zuen, eta aurretik aipatu debeku hori saihestu nahian, udal horien zorpetzea ahalbidetu zuen baldin eta Toki Administrazioko Departamenduak proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa egiaztatzen bazuen. Zapateroren Gobernuak konstituzio-aurkakotasun errekurtsoa aurkeztu zuen neurri horren kontra. Orain Espainiako Konstituzio Auzitegiak Espainiako Gobernuaren errekurtsoa onartu du. Nafarroako Gobernua defentsa prestatzen hasi da hauteskundeak gainean dituen honetan.

Nafarroaren kasuan, 90 entitate publiko ukitzen ditu, dirutan 44 milioi euroko inbertsioak dira arriskuan direnak, eta gehienak, nola ez, eraikuntza alorrekoak. Nafarroako Gobernuak dioenez, neurria baliogabetuz gero, 2.200 lanpostu baino gehiago arriskuan lirateke. Foru Komunitateak 272 udal ditu, beraz, hauteskundeen atarian Nafarroako udalen heren baten finantzaketa kinka larrian da. 

Nola adierazi, nola azaldu udal horiei, UPN-PSN gobernu akordioarena?

Beste baterako utziko dugu, foruek egun duten garrantzia, herritarrok foruez dugun pertzepzioa eta beste.

Hori bai, esan dezadan irakurle, ba al dakizu nor zen, Madrilen, 1971ko eztabaida hartan, indarkeriazko egintza terminoa erabili zuena? Bai, asmatu duzu, Jaime Ignacio del Burgo. 

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza