Kutxen geroa hauteskundeen ondoren

Vital Kutxaren egoitza nagusia Gasteizen.
Vital Kutxaren egoitza nagusia Gasteizen.

Maiatzaren 22ko hauteskundeetan udal eta aldundien ordezkariak hautatuko dira eta erakunde hauen norabide politikoa zehaztuko da, baina norabide hori ez da bakarrik horretara mugatuko, baita beste zenbait erakundeetara ere, nahiz hauetan hautaketa zuzena ez burutu, bai ordea zeharkakoa. Izan ere, bai udalek eta baita aldundiek ere beraien ordezkariak izendatuko dituzte beren menpe dauden edo ordezkaritza izateko eskubidea duten enpresa publiko eta sasi publikoetan. Enpresa hauen artean kutxak daude, hain zuzen.

Kutxen sorrera, bere garaian, udalek eta aldundiek babestu zuten eta indarrean jartzeko diru kopuru esanguratsuak esleitu zituzten finantza erakunde gisa funtzionatu ahal izateko. Hori dela eta, normala denez, aginte organoetan ordezkaritza izateko eskubidea eskuratu zuten eta gaur egun ere horretan jarraitzen dute. Haatik, udalak eta aldundiak eskuz aldatzen badira, aurrezki kutxen organoen osaketa ere aldatu egingo da.

Kutxak gizarte ekonomia osatzen duten finantza erakundeen artean kokatzen dira eta horregatik pertsonek kapitalari aurre hartzen diotela esango dugu, sozietate anonimoetan ezagutzen dugun kapital sozialik ez baita existitzen eta ondorioz ezta saritu ere: ez dira dibidenduak banatzen.

Kutxetan kapital sozialaren ordezkaritzarik ez dagoenez, beren aginte organoak honela osatuko dira: 1) Foru Aldundiek eta hiriburuko udalek 20 ordezkari izango dituzte; 2) diru-jartzaileek (bezeroek) 43; 3) kutxaren bulegoak dauden udalek 30 eta 4) kutxaren enplegatuek 7 ordezkari. Orotara 100 kontseilari orokor izango dituzte, lau urtetarako izendatuak eta hautatuak.

Beste organoetan, hau da administrazio kontseiluan eta kontrol batzordean, lau estamentuak ordezkatuak egongo dira eta asanblada orokorrak aukeratuko ditu, estamentu bakoitzak dagozkion hautagaiak proposatu ostean. Beraz, alderdi politiko edo koalizio bat agintean baldin badago foru aldundian eta hiriburuko udalean, ziurtasun osoz 20 boto izango ditu eta beste 30 inguru ere izateko aukera handia izango du; eta gainontzeko 50etik ez du batere zaila izango hurbileko kontseilari orokorrak izatea. Beraz, alderdi nagusiak (EAJ, Bizkaian) edo balizko gobernu koalizioak (PP-PSE, Gipuzkoan eta Araban) erraz izango lukete kutxetako aginte organoak eskuratzea eta ondorioz kutxen norabide ekonomikoa gehiago hurbilduko litzateke Espainiakora. Horregatik dira hain garrantzitsuak datozen hauteskundeak.

Urteak dira hiru euskal kutxen bategitea eskatzen zela, baina irizpide politikoek galarazi zuten helburu hori erdiestea. Hobekiago egongo ginen une honetan eta ohiko finantza erakunde izaten jarraituko zuten. Jadanik kaltea egina dago, nahiz politikariek, beti bezala, beraien erantzukizunik ez onartu. Noiz arte horrela?

Orain, ezkerretik ez bada behar adina bultzatzen, aukera handiak daude kutxen ohiko zeregina gaur egungo bankuenetara harik eta gehiago hurbiltzea. Bestela, ziurrenik jatorritik zetozkien helburuak saihestuz joango dira eta, horien artean, gizarte ekintzak. Eta hori da benetako ezkerrak ekidin behar duena.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude