Jendaurrean aritzeko trebatzen

  • Jendaurrean hitz egiten ikasi egiten dela diote adituek. Komunikazioaren puzzlea osatzeko zatiak ahuspez ditugula edo horietako baten faltan egotea, ez da harritzekoa. Zerbaitegatik eskaintzen dira gero eta ikastaro gehiago, ahoz komunikatzeko gaitasuna lantzeko.
     

Nagusiki kazetaritza eta ikus-entzunezkoen alorreko gazteek egin dute ikastaroa, Villabonan egoitza duen Mintzola Fundazioan.
Nagusiki kazetaritza eta ikus-entzunezkoen alorreko gazteek egin dute ikastaroa, Villabonan egoitza duen Mintzola Fundazioan.Donostiako Euskararen Udal Patronatua

Kirol eta aisialdi ekitaldietan euskaraz arituko diren aurkezleentzako edo alor horietan lan egin nahi dutenentzako, trebakuntza ikastaroa antolatu dute Donostiako Euskararen Udal Patronatuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, hirugarren urtez. Urtarriletik martxora bitartean, hamahiru gazte bildu dira Mintzola Fundazioaren egoitzan, jendaurrean egoki eta eraginkor hitz egiteko teknika eta baliabideak barneratzen. Manu Marañon, Julia Marin, Jon Alegria eta Haizea Muñoz izan dira trebakuntza saioko irakasleak.  

Antolatzaileek mota horietako ekitaldietan aurkezle euskaldunen premia dagoela ikusi dute. Batez ere, kirol eta aisialdi ekitaldi xumeetan nabaritu dute hutsunea. Ekitaldi ezagun eta handietan, berriz, errazagoa izaten da irrati-telebistan dabiltzan aurkezle ezagunak topatzea. Hori dela eta, aurkezleak trebatzea da helburu nagusia. Era berean, aurkezle horiek ezagutzera emateko beharra ere ikusi dute antolatzaileek. Izan ere, askotan, kirol eta aisialdi elkarteek ez dituzte aurkezle euskaldunak behar bezain erraz aurkitzen eta nora jo ez dakitela geratzen omen dira. Gabezia horri aurre egin nahian, www.euskaraz.net eta www.kirolaeuskaraz.net webguneetan lan egiteko prest dauden aurkezleen zerrendak jarri dituzte. 

Konfiantza abiapuntu

Hainbat komunikazio egoerari aurre egiten abila izatea garrantzitsua da gaur egungo gizartean. Prestakuntza, lana eta praktika: hiru zutarrietatik saltoka ibiltzearen ondorioz lortzen da jendaurrean hitz egiteko trebetasuna. Antolaketa, berriz, komunikazio eraginkorraren iturburua da. Behatzaile izatea, ikasten jarraitzeko aukera bat ere bada. Manu Marañon irakasleak ikasleen autoestimua, konfiantza eta segurtasuna indartzea helburu izan zituen bere saioetan. Ahozko komunikazioa eta jendaurrean hitz egiteko tekniken inguruko ikastaroak ematen ditu erakunde eta elkarteetan. “Oro har, jendeak nahiko ondo hitz egiten du jendaurrean. Baina euren ustea bestelakoa da; normalean ez dago loturarik egiten dutenaren eta pentsatzen dutenaren artean. Elementu negatiboetan arreta jartzeko joera da nagusi eta zaila da pentsamendu hori aldatzea”.

Praktika ezinbestekoa

Helburuak, mezua eta entzuleak, arnasketa, abiadura eta isiluneak, gorputz mintzaira eta ahotsa, aurkezpenaren prestaketa, autoestimua eta konfiantza, jarrera eta motibazioa, urduritasuna, gidoia, lagungarri bisualak... gisa honetako ikasgaiak eman zituen Manu Marañonek. Teoriatik praktikarako jauzia ezinbestekoa denez, ariketa eta praktika asko egin zituzten. Egindako lanak grabatu, eta ikasleek euren burua ikusteko eta aztertzeko aukera izan zuten. “Ikasleen jardunen alderdi onak azpimarratzen saiatu gara beti, euren segurtasuna indartzeko. Ikasle gazteak eta ikasteko gogo handia dutenak izan ditugu. Nagusiki, kazetaritza eta ikus-entzunezkoen arlotik etorritakoak. Proposatu zaizkien praktikak asko landu dituzte eta hobetzeko prest agertu dira beti. Uste dut etekina atera diotela ikastaroari, euren jarrera eta motibazioari esker”, adierazi digu Marañonek.

Euskararen doinuaz

Ahoskera eta hizkuntzaren doinua landu zituzten, beste aldetik, Julia Marin irakaslearekin. Ahoz goran irakurtzeko testuen ezaugarriak aztertu zituzten lehenik; pentsamendua nola antolatu, ideien lotura nola egin eta aurkezpenaren haria nola bideratu ere bai, ondotik. Euskararen prosodiari dagokionez, irizpide argien faltan, gaztelaniaren zantzuak nabarmenak direla aipatu zigun Julia Marinek. “Alor askotako jendearekin ibiltzen naiz ahoskera lantzen, eta zer irizpide jarraitzen dituzten galdetzean, intuizioa eta sena erabiltzen dituztela erantzuten didate. Antzezleak, irakasleak, idazleak… nahiko galduta daudela esango nuke euskararen alor honetan, eta normala da. Zentzu honetan, dena daukagu egiteko”. Hizkuntzaren zuzentasuna eta testuaren interpretazioa ere landu zituzten, besteak beste. Ildo horretatik, ahotsaren inguruko azalpen orokorrak ere jaso zituzten ikasleek Haizea Muñoz irakaslearen eskoletan.

Ekitaldietara egokitzea

Jon Alegria kirol esatariaren eskutik, berriz, kirol ekitaldi motak eta horien aurkezpenen ezaugarriak aztertu zituzten. Kirol esatarien berezitasunak nabarmendu zituzten; kirola ezagutu beharra, animazioa sortzeko gaitasuna eta elebiduna izatea. Aurkezpenen erakargarritasuna, kirolari eta ikuslearen arteko lokarria eta animazioa sortzea lirateke, aurkezle orok landu beharreko gaitasunak, besteak beste. Esatarien jokaerak kirolaren arabera nolakoa izan behar duen ere izan zuten mintzagai.

Aitor Abaroa eta Idoia Gereñu
"Irakasle oso jantziak izan ditugu eta antzeman da"

Ikastaroa egin duten bi lagunekin hitz egin dugu euren esperientzia biltzeko. Abaroa lekeitiarrak Itzulpengintza eta Kazetaritza ikasi ditu eta Gereñu debarra Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko langilea da.

Zergatik ikastaro hau?

A. Abaroa: Herri mailan antolatzen diren ekitaldiak edo jardunaldiak direla, beti jende beharra egoten da gauzak egiteko eta hainbat ekintza aurkezteko. Bestalde, zenbait hedabidetan egin dut lan orain artean, eta aurrera begira ere, nork daki komunikabideetan lan egitea egokituko zaidan. Jendaurrean hitz egiten ikastea eta hobeto moldatzea, beti ondo etorriko den kontua da.

I. Gereñu: Gaur egun, jendaurrean hitz egin behar izaten dut noizean behin, eta oinarri teoriko batzuk jasotzeko, nire burua nola moldatzen den ikusteko eta kanpotik kritika bat jasotzeko helburuz eman nuen izena ikastaroan. Praktikatzeko, nire burua gehiago ezagutzeko eta esperientzia hartzeko, azkenean.

Nolako esperientzia izan da?

A. Abaroa: Oso gustura egon gara ikastaroan. Talde txikia bildu gara eta oso pertsonalizatua izan da trebakuntza. Bakoitzak egin ditugun ariketa eta praktika guztiak, modu pertsonalizatuan aztertu dira. Mintzolan izan ditugu saioak, eta azpimarratzekoa da bertan eskueran izan ditugun baliabideak. Ariketa gisa egin genituen aurkezpenak grabatu egin genituen, eta momentuan bertan geure burua ikusteko aukera izan genuen. Ondo egindakoak eta zer hobetuak momentuan aztertu ahal izan genituen.

I. Gereñu: Niretzat ikastaroa oso baliogarria izan da. Ikastaroan landu diren alderdi teoriko batzuk ezagutzen nituen antzerki mundutik natorrelako, baina praktikak egin ditugun momentu horiek oso interesgarriak iruditu zaizkit. Irakasleak oso jantziak izan ditugu eta antzeman da. Ez da azaleko ikastaroa izan. Praktikan jarri behar da orain ikasitako guztia, eta nire lana dela eta, aukera izango dudanez, saiatuko naiz horri eusten.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude