"Kirola goi errendimendura baino ez bada bideratzen, gaizki goaz"

  • Heziketa Fisikoan doktorea eta eskola kirolaren sustatzaileetako bat da Zulaika zarauztarra. Egungo eredua ondo ezagutzen du, alderdi onak eta gabeziak.

Juan Mari Zulaika
Juan Mari ZulaikaAitor Manterola

Eskola kirolaren eredu berria duela hiru urte ezarri zen, aurrekoa hobetzeko. Zer zegoen aldatu beharra urte luzez iraun zuen eredu hartatik?

Eredu berria ezarri baino gehiago, aurrekoa egokitu egin zela esango nuke. Gauza jakina da, oro har boluntario kopurua jaisten ari dela. Ondorioz, gero eta zailtasun handiagoak zeuden eskoletan prestatutako monitore taldea osatzeko. Kirol elkarteekin elkarlana sustatu beharra zegoen. Finantzaketa handitzea eskatzen du horrek, baina haur guztientzat irekia eta eskuragarria izaten jarraitzea bermatuz. Trebetasun maila eskasagatik ere, ez dadila umerik baztertu. Inguruko lurraldeetan antolaketa desberdina zuten, eta bere burua errendimendura bideratu nahi zuen zenbaitek kanpora irteteko aukera jorratzen zuen. Hainbat komunikabidek errendimenduaren aldeko presio nabaria egin du. Oro har, eskolei ardura arindu egin zaiela esan daiteke, eskumen eta protagonismo handiagoa kirol elkarteen eskuetara pasaz: kirol eskolak beraiek kudeatzea baimenduz, haurrak federatzeko adina jaitsiz eta errendimenduko lehiaketak antolatzea ahalbidetuz.

Zein dira eredu berriaren helburuak?

Eskola ume guztiengana heltzea, batetik, eta lortzen ari gara. Zenbat eta lagin handiagora iritsi, jende gehiagok izango du aukera gero kirola egiteko. Hortik batzuk onak aterako dira, eta errendimendurako aukera izango dute. Beste helburua da ume denengan kirola egiteko zaletasuna sustatzea, ikusita helduen artean sedentarismo handia dagoela. Bi helburuen arteko oreka lortu behar dugu: ateak ez ixtea ume batzuei gora egiteko, eta beste batzuei ez ixtea kirola egiteko. Orain arteko ereduarekin ikusi zen partaidetza izugarria bermatzen zela, hemendik kanpo ez bezalakoa. Oraingo egokitzapenekin talentua dutenen errendimendu maila hobetu nahi da.

Lehiakortasun gehitxo ez al dago eskola kirolean ere?

Lehia berez ez da demonizatu behar, berezkoa du kirolak. Kontua da nola kudeatzen den, zer garrantzia ematen zaion. Lehiari hainbesteko garrantzia ez emateko eskola kirolean, benjaminetan (txikienak) ez da sailkapenik egiten. Araudia egokitu egiten da haur guztien parte-hartzea bermatzeko. Emaitzaren aurretik beste balio batzuk jarri behar dira. Lehentasunak ez dira berdinak errendimenduzko kirolean eta eskola kirolean, baina irabazten ere saiatu behar da.

Eskualde guztietan irizpide bera erabiltzen al da lehiaketak arautzerakoan?

Ez. Oñatin, esaterako, benjamin denak nahasi egiten dituzte, taldeak osatuz, eta ez dira eskolak eskolen kontra aritzen. Arrasaten sailkapena egiteko, kiroltasuna eta euskararen erabilera ere hartzen dira kontuan.

Eta kirol berdinak lantzen al dira leku guztietan?

Eskualdeen araberakoa da. Hiru kirol kolektibo eta bi banakako egin behar dira nahita ez. Baina eskualderen batean kirol jakin batek indar gehiago badu, horren arabera aukeratzen da. Zarautzen eta Ordizian, esaterako, errugbiak indar handia dauka, eta errugbia egiten da.

Eredu honekin, ahalik eta kirol gehienei egiten zaie lekua. Askatasuna emanez gero, futbolak izango al luke nagusitasuna?

Futbolean dabilen pertsona batek esana da ondorengoa: “Zer nahi duzue, guk beste kirolei laguntzea?”. Nik kirol bat aukeratu beharko banu arrauna hartuko nuke, baina nire asmoa ez da ume denek arrauna bakarrik egitea. Antolaketa honek kirol guztietan hastapena bermatzen du. Gerora, bakoitzak bere gustuko kirola hartuko du. Probatu dezatela denetik, eta trebetasunetan oinarri zabala eta garapen orokorra eskura dezatela. Kontua da gero zubi lana egiten asmatzea nerabezaroan jarraitu ahal izateko eskola kirolean hasitako bidea. Hor dago lana.

EAEn, hiru herrialde eta hiru eredu daude. Zer iritzi duzu horretaz?

Lege orokorra bera da denentzat, baina gero aldundi bakoitzak dekretuen bidez programa garatu egin behar du xehetasunak zehaztuz. Zenbaitek errendimenduzko irizpideei –klub indartsuekin elkarlanean– ematen diete lehentasuna; beste batzuek berriz, ikuspegi hezitzailea eta denen parte-hartzea gehiago indartzen dute. Azken aldaketak ildo horretatik joan dira, EAEko antolaketa neurri batean berdintze aldera.

Oreka lortzea ez da erraza…

Lehentasuna zeri eman, hori da kontua. Administrazioak dio biak orekatzea dela asmoa. Eta bere lana da federazio batzuen eta eskola kirolaren arteko oreka lortzea; saskibaloian eta futbolean, klub batzuk indartsu ari dira eskola kirolaren kontra. Nik ez daukat ezer inolako espezialitateren kontra. Goi errendimendura baino ez bada bideratzen kirola, gaizki goaz. Haur bati uzten badiozu kirol bakarra egiten, hori uzten duenean nola esango diozu beste batean hasteko, ezagutzen ez badu? Eskola kiroleko gure ereduan, hastapenean kirol batean baino gehiagotan aritzen dira, eta gero prest dauka gorputza kirol horietako edozeinetan aritzeko; oinarrizko trebetasun guztiak eta koordinazioa landuta dauzka.

Eredu hau gabe kirol batzuk arriskuan egongo lirateke?

Libre utziz gero, kirol batzuek egundoko jokalari pila izango lituzkete, eta beste batzuek alerik ez. Orain ere arazoak dituzte oso sakrifikatuak diren kirolek eta bakarkako zenbaitek. Hainbat kiroletan, hiru herri elkartzen ari dira taldea ateratzeko. Kirol federatua ere krisian dago. Lehen, kirol federatua egiten zen 26 urtera arte-edo. Orain, mantentze-kirola egiten dutenak nerabeak dira, kirol federatuan parte hartu gabe, ez daudelako prest astean bi-hiru entrenamendu besteek lotutako ordutegian egiteko, eta asteburua beteta edukitzeko. Eta hor zenbait kirol besteak baino gehiago ari dira sufritzen. Batzuek etorkizun beltza dute.

Nola ikusten duzu geroa?

Uste dut erdibidea bilatzera jo behar dugula. Komunikabide batzuek interes handia dute bide baten alde egiteko, eta eragin handia dute umeengan. Baina administrazioak herritar guztien interesak bermatu behar ditu. Askotan entzun dugu aldundiak muturra asko sartzen duela. Enpatia behar dugu besteekin, besteengan pentsatu, dena ez da zuria edo beltza. Ahalik eta jende gehiena inplikatzea lortu behar da eskola kirolean, eta gero, federatuan, jarrai dezatela kirola egiten.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude