Astekaria

 Deabruaren abokatua 

Ainhoa Etxaide

"Instituzioetako agintariak txotxongilo hutsak dira"

Maiatzaren 1a igandea tokatzen da, eta zer?

Sustrai Colina

Sustrai Colina


2274. alea
2011-04-24
alde 31    kontra 0
Ainhoa Etxaide.
Ainhoa Etxaide. (Iñigo Azkona)

Sindikatuko lan baldintzak primerakoak izango dira, ezta?

Eskaini ditzakegun onenak izan arren, txarrak dira. Ez duzu nahiko gure lan-baldintzak sindikatuak langileei eskaini beharreko zerbitzuen aurretik jartzea, ezta?

Hara, XXI. mendeko lider sindikal handi bat!

Lasterketa luze honetan ezinbestekoa da urratsak besteek zein nik neuk nekatu gabe ematea. Horregatik, okerrena ez da erantzun borobilena aurkitu arteko isiltasuna, erantzunik eza baizik.

Egun bateko grebari “erantzun borobilena” deitzea ere...

Egun bateko grebak indar erakustaldiak dira, alternatiba aldarrikatzeko egunak, bidean urrats berriak ematekoak, baina ez dute tutik balio biharamunean “eta orain zer?” galderari erantzuteko gai ez bazara.

“Eta orain zer?“. Zuek beti kontra, ezta?

Eredu berriak eraikitzeko sistema zaharrak krisian hondoratu behar dira, aldaketa beharra nabarmentzeko. Gu ez gaude guztiaren kontra, egiten ari direnaren aurka baizik.

Ai zuek, mundu justu baten aldeko idealistak...

Horren alde borrokatzeko prest daudenei aukerak eta tresnak ematea da gure lana, borrokatzeko prest ez daudenentzat ere gure alternatiba baliagarria izango dela jakinik. Sistemaren prozesu eraldatzaile bat nahi dugu, ez gizarte haustura bat.  

Intereconomíakoentzat dena da Zapateroren errua. Zuentzat dena sistemarena.

Boterea gizartearen baliabideetatik kanpo dago, esku gutxitan, inork ezagutzen ez dituen guneetan, eta gizartearen bitartekoak boterearen bitarteko bihurtu dira. Instituzioetako agintariak txotxongilo hutsak dira.

Medio askorentzat, txotxongiloak lan-istripuetan hildakoak dira, ordea.

Lan-istripuak ez dira gizarte albiste bat, sistema ekonomiko baten ondorioa baizik. Noiz azalduko dute istripuak nola gertatu diren? Noiz esango dute gehienak ekidin zitezkeela? Alarma soziala piztu beharrean tragedietara ohitu nahi gaituztela dirudi.  

Utzidazu ezohiko albiste bat pentsatzen... Erabateko batasun sindikala, adibidez?

Erabateko batasun sindikala aldaketak bultzatzen dituen sindikalgintzaren kontrakoa litzateke. Zergatik eskatzen zaigu gehiengo sindikalari bi sindikaturekin bat egitea, eta ez CCOO eta UGTri gehiengo sindikalarekin elkartzea?

Denborak dena sendatzen omen du, baina...

Ez dut sinesten mendetan luzatzen diren arduretan, baina eraldaketa eta borroka nortasun ikur bihurtzen direnez, hemen ez bada, beste nonbaiten kapitalari adarra jotzen ibiliko naiz.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza