Break On Stage: kalearen hamaika aurpegi agertokian

  • Kale kultura oholtzara eroatea dauka helburu hamar urte bete berriak dituen Break on Stage jaialdiak. Pasa den apirilaren 9an, Bilboko La Casilla kiroldegiak hartu du hiru orduko ikuskizuna. Mundu osoko laurogei artistak ekarri dituzte gurera breakdancea oinarri duten hamaika adierazpen artistiko.

Hego Koreako Jinjo Crew munduko breakdance talderik onenetarikoa da; beraiek izan dira Break On Stage jaialdiko hamargarren edizioko izar nagusiak.
Hego Koreako Jinjo Crew munduko breakdance talderik onenetarikoa da; beraiek izan dira Break On Stage jaialdiko hamargarren edizioko izar nagusiak.

Elorrio izan zen, orain dela hamar urte, Break On Stage jaialdiaren lehenengo eszenatokia. Herri horretako Arriola Kultur Elkarteak sortu zuen kale kultura ikur duen ikuskizuna, breakdancearen inguruan jaiotako espresioak aretoan batzeko helburuarekin. Kultur errealitate hurbilenak islatuz hasi zen Break On Stage, baina laster, zirkulu kontzentrikoei segituz, Europako zein mundu osoko artistak hartu zituen. Gero eta arrakastatsuagoa izanik, txiki geratu zen Elorrioko aretoa: jaialdia Bilboko Euskalduna jauregira lehenbizi, eta gero La Casilla kiroldegira pasako da. Egun, Europako jaialdi inportanteenetakoa da eta penintsulan ez du parekorik.

“Portugalen eta Espainian badira breakdance jaialdi zenbait, baina irizpide ezberdinez eginak dira. Gurean kale kultura taularatzea da garrantzitsuena”, azaldu digu antolatzaileetako batek, Ander Garaizabalek. “Kalean jaiotako kultura, breakdancea, aretora eramateak, argien eta soinuen erabilpena dakar esaterako, kultur espresio guztien ezaugarri esanguratsuenak nabarmenduz. Emaitzak beti izan dira oso ikusgarriak, erakargarriak. Badiotsut, erronka handia da azken 30 urteotan hirietako kaleetan garatutako artea aretoan sartzea”. Ikuskizunak lau atal izan ditu: Munduko azken breakdance lehiaketako irabazleen erakustaldia, aretoko breakdance lehiaketa, Foreign Beggars hip hop taldeak eskainitako kontzertua eta kale kulturen erakustaldia. Frantzian egindako 2010eko Munduko Breakdance Lehiaketan Jinjo Crew (Hego Korea) atera zen garaile. Hogei herrialdetako taldeek hartu zuten parte. “Jinjo Crew mundu mailako talderik berritzaileena da. Mugimendu akrobatiko bikainak eta sinkronizazio maila altua erakusten dituzte koreografietan”, dio Garaizabalek. Bilboko jaialdian, beren azken lana estreinatu dute.

Ia arnasarik hartu gabe, aretoko breakdance lehiaketak eutsi dio lekukoari: hiru orduko ikuskizuna izanik, erritmo bizia da Break On Stageren nahitaezko ezaugarrietako bat; elkarren segidan, sei minutuko agerraldietan, parte hartu dute edizio honetarako antolatzaileek aukeratutako bost taldeek. Erakustaldi bakoitzean lauzpabost minutuko tartea izan dute beren emanaldietarako. Jinjo Crew taldearekin batera, De Klan (Italia), La Smala (Frantzia), Rugged Solutions (Herbehereak) –hau da, Frantziako eta Herbehereetako txapeldun handiak– eta Bilboko Crazy Hospital aritu dira. Azken hauek ez dira baina euskal ordezkari bakarrak izan, beste euskal talde bi ere izan ditugu: batetik, Iruñeko bost dantzarik osatzen duten Breathless street dance taldea, Sylvia Palacios zuzendari; bestetik, Marijose Bayon eta Eva Vallejo dantzari eta koreografo bilbotarrek osatutako Sevemji. Dantzan eta antzerkian eskarmentu handiko bikotea dugu hau. “Elorrion, 2009an, hasi ginen Arriola Kultur Aretoa AKA Dantz, jaialdia egiten. Urtarrilean, hogei taldek hartu zuten parte hiru estilotan (breakdancea, Funky-jazza eta street-dancea). Gure ustez onenak izan zirenek Bilboko Break On Stagen parte hartzeko gonbitea jaso zuten. Crazy Horse lehiaketan izan dugu. Beste biak, ordea, erakustaldian egon dira”, dio Ander Garaizabalek.

Dantza... eta gehiago

“Kale Kulturen erakustaldian breakdancea oinarri duten beste kultur adierazpenak ere baditugu ikusgai. Ez dakit hamar urte hauetan zenbat gauza ezberdin izan ditugun; guztiak bitxi-bitxiak izan dira. Bizikletaz akrobaziak egin dituztenak, patinetez jauziak egin dituztenak, hainbat tresna erabiliz erritmoak lantzen dituztenak, irudiak, graffitiak, musika eta dantza nahasten dituztenak... Gero eta zailagoa egiten zaigu ezer berririk aurkitzea eta ekartzea. Aurtengo honetan, dantzari eta musikari eman diegu lehentasuna”. Breathless taldea irabazle atera zen AKA Dantzen lehenengo edizioan baita aurtengoan ere, mugimendu errobotikoetan oinarritutako street dance estiloan. Ikuskizunak umorea, erritmo afrikarrak eta poppinga batzen zituen. Ikusleriaren ustetan, kemenez beteriko lana. Sevemji taldeak, berriz, hip-hopa, housea eta poppinga baliatu zituen bere agerraldietan. Alemaniako 4 x Sampler Beatbox Crewek ere oso emanaldi bitxiak egiten ditu: ahoarekin instrumentuak eta makina bat efektu sortzen dituzte. Beatboxaren arduraduna, Mando, birritan izan da munduko txapeldun. Rae & Flockey (Alemania) taldea maisua dugu locking estiloan: artikulazioak blokeatzen dituzte, une labur batez, ondoren dantzan azkar jarraitzeko.

Musikaren arloan berriz, platerei harramazka 30 urte daramatzan DJ Renegade (Ingalaterra) nabarmendu behar da. Iaz, Violadores del Verso izan ziren kontzertua emateko arduradunak eta hamargarren edizio honetan, Londrestik abiatuta Europako hip-hoparen erreferente bihurtu den Foreign Beggars egon da. Elorrioko VJ Logela Multimediak osatu du jaialdiko euskal presentzia. Bi artista grafikok eta bi musikarik sortutako taldeak Break On Stageren publizitate kanpaina eta eszenografia egin dituzte.
Jaialdiak erakundeen zein hainbat enpresa pribaturen diru laguntza izaten du: “Inportantea da jasotzen dugun sostengua, besteak beste, mundu mailako izarrak ikusteko sarrera hamar eurokoa izatea errazten duelako. Nahi dugu gazteak joatea eta, oro har, kultura mota guztiek hedapen zabala izan dezatela. Laguntzei esker, posiblea da hori egitea”, adierazi du Ander Garaizabalek. Aurten ere jendez betetako La Casilla kiroldegia da gauzak ondo egiten ari diren erakusgarri handiena.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude