"Gaddafik interbentzio militarra gogortzea nahi du"

  • Donostia, 1955. Nazioarteko politikan analista aditua. Informazioaren Zientziak ikasi zuen Iruñean. Eginen hasi zen kazetaritzan. Golkoko lehen gerraz geroztik –1990-91n Irakek Kuwait inbaditu zuenean– bere kasa dihardu. Egun, EITBrako lanean ari da eta konferentziak ematen ditu.

"Gaddafik esan duenez, irabazten badu, txinatar, brasildar edota indiar petrolio konpainiak sartuko dira Libian. 'Kasualitatez' herrialde hauek Segurtasun Kontseiluan abstenitu egin dira".Dani Blanco

Golkoko gerraz geroztik (1990-91) hasi zen jendea arduratzen nazioarteko politikaz mendebaldean, bere iritziz. Espainiako Estatuan –Aznarren gobernu garaian, 2003an– interesa areagotu zen Irakeko inbasioaren zioz: “Irakeko gerra espainiarra ere bihurtu zen. Eztabaida soziala azkartu zen harrezkero. Nik ere, nire lanarekiko interesa gehiago nabari dut ” diosku Jesus Torquemada nazioarteko analistak.

Herritarrok zer ideia edo ezagutza dugu nazioarteko politikaz?

Satelite bidezko telebista edota Internet direla medio informazio asko dago, baina paradoxikoki ez gaude hobeto informatuak. Gehiegizko informazioa dago, asko hautatu behar da. Adibidez, Twitter edota bitarteko berrien atzean ez dakigu nor ari den informazioa ematen. Manipulazio tarte handia dago. Gure gizarteak munduan gertatzen denaz jakiteko bitarteko gehiago dauka, baina horrek ez du egia bermatzen. Bestalde, berehalakotasunak gertakariaren larritasuna eragiten du jendearengan. Japoniako tsunamia zuzenenean bizi izan dugu. Duela 40 urte jendeak irratiak zioena zekien eta duela 500 urte itsasikararen notizia bost urte geroago jakiten zuten. Berehalakotasunak eta “hurbiltasuna”k mundua eta informazioa aldatu ditu.

Fukushiman gertatutakoaz irakaspenik atera al duzu?

Bizitzen ari garen notiziaren konbertsioa ulertzeko adibide ona da. Notizia espektakulua da. Hedabide handiek, telebistek bereziki, notizia espektakulu bihurtzeko joera dute. Denak esklusibo izan behar du: “Mendeko gertakaria eta ikusgarria”. Adibidez, elur egin du eta “mendekoa” dela diote. Hara, orain gutxi antzekoa bota du, eta horrelako zenbat izango dira mendean oraindik ere? Japoniako katastrofearen lehen egunetan Europako Batasuneko energia komisarioak apokalipsia aipatzen zuen, baita hainbat hedabidek munduaren bukaera ere. Denbora eta distantzia behar dira informazioa eman aurretik, adjektibo erabatekoak eman baino lehen itxaron behar da.

Mundua aldatu da azken 40 urteotan.

Mundua duela 40 urte baino askoz konplexuago da. Orduan bi aktore zeuden: AEBak eta Sobietar Batasuna, eta haien ondoan Ekialde komunista (ez asiarra) eta Mendebaldea. Munduaren gainerakoak ez zuen deus esaterik. Xake taula bat zen eta bi jokalari horiek beren partidak jokatzen zituzten. Errazagoa zen Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko munduen lehia interpretatzea. Orain konplikatu da zeharo: beste jokalariak sartu dira jokoan, indartsuak, Brasil eta Txina, besteak beste. Hauek ere aberatsen mahaian bilatzen dute lekua, bizi nahi dute gu bizi izan garen bezala. Honi guztiari immigrazioa, globalizazioa eta populazioa ugaritzearen fenomenoak gehitu behar zaizkio. Datu bat: duela 30 urte baino ia 2.000 milioi bizilagun gehiago gaude munduan.

Zergatik izan dira erreboltak arabiar herrialdetan orain?

Faktore anitz dago hau guztia azaltzeko. Duela 30 urte jada arabiar munduak lehertuko zuela genion. Orain izan da, belaunaldi gazte eta berri bat dagoelako; duela 30 urtekoarekin ezerikusik ez duena. Populazio arabiarraren erdiak 30 urte baino gutxiago dauka. Erdiek ez dute Sei Eguneko Gerra [arabiar herrialde zenbaiten eta Israelen artekoa] ezagutu, adineko arabiarren mentalitatea forjatu zuena. Gazteak beste roilo batean dabiltza. Ikasi dute eta lan egonkor eta duina nahi dute, modernitatearen parte izan nahi dute: Internet... Haatik, antzinako diktadurek gobernatuta daude, praktikan erregimen arabiar guztiak hala dira. Beraz, lehen ez zegoen oinarri gazte informatizatu horrek –exageratu gabe, analfabeto asko baitago– esplikatzen du, esaterako, azken manifestazioetan Israelen eta AEBen aurkako oihurik ez izatea. Duela 30 urte hori zen lehen oihua. Orain aldiz, lehenik barne arazoak nahi dituzte konpondu, diktadoreak kendu eta bakean utz ditzaten.

Libia hizpide: NATOren interbentzioa populazioa defendatzeko da, edo bestelako interesak daude?

Interbentzio hauek borondate onenarekin eginda ere, alegia, populazioa babestea, Mendebaldearen zinismoa ageri-agerikoa da. Zergatik interbenitzen da hor eta ez populazioa lur jota dagoen beste herrialdetan? Begibistakoa da, Libiak petrolioa dauka. Alabaina, petrolioa honezkero lortuta zegoen. Libiako petrolioaren %85 Italia, Frantzia, Britainia Handia, Alemania eta Espainiara dator. Libiako petrolioa ustiatzen ari diren konpainia ia guztiak europarrak dira. Repsolen negozioen %5 Libian dago. EMI italiarra ere bekainetaraino sartuta dago. Herrialde hauek ez dira petrolio bila gerran ari, petrolioa bazuten-eta. Izatekotan, galtzeko arriskua hartu dute. Gaddafik esan duenez, irabazten badu, txinatar, brasildar edota indiar petrolio-konpainiak sartuko dira Libian. “Kasualitatez” herrialde hauek Segurtasun Kontseiluan abstenitu egin dira. Esan nahi dut: europarrak al gara beti gaiztoak? Enpresak ditugun bakarrak? Gainerakoak espiritu puruak al dira? Ez dute jaten ez edaten, ez doaz komunera, ez dute petroliorik behar? Hara, herrialde horiek populazio zibila babesteko ebazpenean abstenitu egin dira. Badirudi beraiei ez zaiela jendearen babesa axola. Mendebaldeak hanka sartzen badu, beraiek hartuko dute petrolioa eta inork ez du deus esango?

Zergatik sartu da orduan Mendebaldea gerran, NATOren bidez, oro har?

Bada, modu batean, buruko kakao itzela duelako, munduan giza eskubideen defendatzaile bakarra bera dela uste duelako. Horrek kontraesan pilo batean sartzera behartzen du. Izan ere, zergatik defendatzen ditugu interbentzio militarraren bidez giza eskubideak Libian, eta ez Gazan edo Saharan? Kontzientzia txarraren ondorioz buru-nahaste izugarria dago Mendebaldean. Gaddafiren agintaldia azken zazpi urteetan sostengatu izanak –ez agintaldi osoa, ez ahaztu Gaddafi isolatua izan zela 30 urtez– kontzientzia gaiztoa eragin du.

Zer aukera du Gaddafik eusteko?

Egoerari eusteko ahalmenik badauka, hasteko, errebeldeek armamentu txarra dutelako, metrailadore pare bat eta mortero batzuk besterik ez. Errebeldeak gaizki antolatuta daude. Gaddafik, gutxienez, presidentziako goardia –bere goardia pretoriarra– ondo armatuta eta trebatuta dauka. Horrelako 4.000 soldadurekin, azkenera arte borrokatzeko prest direnak, Gaddafi ez du inork Tripolitik botako. Bere ahulezia izan daiteke bere zirkulu hurbileko jendeak traizioa egitea.

Saddam Hussein eta Irak heldu zaizkit gogora.

Saddam Husseinen kasua misterio handia da niretzat. Zergatik desafiatu zituen AEBak beharrik gabe? Suntsitze masiboko armak ez bazituen, zergatik ez zituen utzi sartzen NBEko ikuskatzaileak Iraken?

Libiakoa ez al da egoera bera?

Ez. Baina Gaddafi harro-harro dago. Eta, kontuz, historia ondo irakurtzen ari da. Bush-ek Iraken egin zuen hanka-sartzea hain handia izan zenez, nazioarteko harremanak hankaz gora jarri zituenez, “giza interbentzioa” delakoa horrenbeste desprestigiatu zuenez, Libiako interbentzioa Irakekoa bihurtzeak ezinezkoa dirudi. NBEko Seguritate Kontseiluak ez du Irak inbaditzeko eman zuen baimena eman. Gaddafik “kontuak blokeatzen dizkidatela, tira...” pentsatu du. Ez ahaztu 30 urtez kontuak eta armak blokeatuak izan zituela. Gaddafik interbentzio militarra gogortzea nahi du.

Nola ulertzen da Mendebaldeko herrialde boteretsuek Gaddafirekin orain gutxi arte izandako harremana?

Gaddafik Libiako boterea hartu zuenean entrenatzeko zelaiak eta dirua eman zizkien hainbat talderi, talde terrorista deituei. Askotariko talde hauek dirua eta armak jaso dituztela frogatuta dago. IRAren kasua libiarrek ez dute ukatzen dagoeneko. Garai hartan hainbat atentatu izan ziren eta Libiari leporatu zioten atzean egotea. Horrek ekarri zuen NBEk (1980ko urteetan) neurriak eta zigorrak ezartzea Libiari. Libia isolatuta geratu zen mundutik –nahiz eta merkataritza tratuak izan, eta Europan petrolioa saltzen segitzen zuen–. Blokeoa 2003an bukatu zen, Gaddafik mea culpa moduko bat egin zuenean. Suntsitze masiboko armak egitea pentsatua zuela, baina asmoari uko egin ziola esan zuen. Eskoziako Lockerbien (1988an) erori zen Pan Ameko hegazkinean hil ziren 259 biktimen konpentsazioak –nahiz ez duen Libiaren egiletasuna onartzen– milaka euroz ordaindu zituen. Gaddafik “ona” izan nahi zuela adierazi zuen. Orduan, petrolioa daukan herrialde batekin negozioak egitea biziki laketgarria egin zitzaien herrialde europarrei berriz ere. Repsol eta EMI burubelarri aritu dira. Ondoren, episodio xelebreak heldu dira, Berlusconirekin lagun mina egin da, putetxetara elkarrekin ere joan direla pentsa daiteke. Gaddafiren txisteei irri egin diete, nazioarteko ekitaldietan parte-hartzea baimendu zaio, eta logikoki negozioak –nazionalak nola pertsonalak– egin ditu. Noski, orain Mendebaldeko herrialdeek diote “Gaddafik ona izan nahi zuen”. Dirudienez, “goazen poliki-poliki, eman diezaiogun bigarren aukera” pentsatu dute berriz ere.

Mendebaldeak Al Kaeda erabili ahal izan du Gaddafiren aurka?

Ez. Errebolta hasi zenean, Gaddafik Al Kaeda akusatu nahi izan zuen Libian gertatzen ari zenaz. Zur eta lur utzi gintuen denok. Gaddafik bere herrialdean zeuden talde islamisten aurkako bere-berezko gerra eraman du, bere botererako mehatxua zirelako. 1980ko hamarkadan ekin zion horri jada, Mendebaldearekin adiskidetu baino lehenago gainera. Gaddafi mendebaldarren aliatu da Al Kaedaren aurka, berari ere ez baitzaio islamisten garaipena interesatzen.

Iraken gertatua bestelakoa izan zen.

Saddam Hussein eta Iraken arteko auzia ezberdina izan zen. Hussein Iranen aurkako gerran sartu zenean (1980-88 urteetan), mendebaldarren orduko irakurketa nagusiaren arabera Aiatolak gaiztoak ziren. Mendebaldeak aiatola guztiak suntsitzeko baimena eman zion Husseini, eta, ordainetan, nahi zuena eska zezakeela hitzeman ere bai.

Aldatu da zerbait ordutik hona?

Ez. Ben Ali, Mubarak edota Gaddafiren erregimenak laikoak dira. Herrialde musulmanak dira, populazioa musulmana da. Hala ere, agintari hauei interesatzen zaienean Ala deitzen dute. Eta batzuetan, behar dutenean, banderan Koran-aren bersetak jartzen dituzte. Erregimen militarrak dira batez ere, Iran salbuespena da. Turkian ere, nahiz herrialde arabiar ez izan, musulmana da, armada eta apaiz islamiarrek ezin dute elkar ikusi, proiektu diferenteak ordezkatzen dituzte, batak besteari boterea kendu nahi dio. Iranen armada apaiztu egin dela konturatu dira, aiatolek agintzen dutela nolabait. Gainerako herrialdeek estatua eta erlijioa ondo bereizten dituzte, militarrek boterean egon nahi dute aiatolek muturra sartu gabe.

Nazio Batuen Erakundeaz

Nolakoa da NBEren antolakuntza?

NBEk abiaburuan dauka akatsa. NBEren barruan Batzar Nagusia dago. Bertan herrialde guztiak daude, denak dira berdinak, eta denek hitz egin eta boto eman dezakete, demokrazia osoa dago. Adibidez, Batzar Nagusiak Israel arrazista delako gaitzetsi du beti, baina erabaki duenak ez du indarrik. Aitzitik, NBEko agiriak dioenez, NBEko Seguritate Kontseilua da potestatea duena eta neurri hertsatzaileak har ditzakeena. Hau da, herrialde bat behartzeko neurriak har ditzakeena. Seguritate Kontseilua hamabost kidek osatuta dago. Hauetako bost iraunkorrak dira, eta beste hamarrak txandakakoak dira bi urtez. Kontseilu horretan erabaki bat hartzeko bederatzi boto behar dira 15en artean. Horregatik inoiz ez zen Iraken aurkako gerraren aldeko ebazpena izan. Israelen aurkako gaitzespen ebazpenak hartu ditu, baina gainerakorik ez. Seguritate Kontseiluan agindu bat aurrera ateratzeko bederatzi boto behar dira, baina gainera, bost iraunkorretako inork ezin du ebazpena betatu. Alegia, AEBek, Errusia, Txina, Frantzia eta Bretainia Handiak (II. Mundu Gerraren irabazleak) beto eskubidea daukate. Eta hauetako batek ez badu nahi, ez dago ebazpenik. Hori da Kontseilu honen abiapuntuaren akatsa. Seguritate Kontseiluan bost herrialde besteak baino berdinagoak eta ahaltsuagoak dira.

Beste bederatziek ezin dute ezer egin...

Ez. Bosteko horretako batek beto jartzearekin ez dago aurrera egiterik. Nahiz eta hamalau ados izan, bostetako batek eragotzi dezake ebazpena, besteek ez. NEBko Seguritate Kontseilua ez da organismo arras demokratikoa.

Hori aldatuko al da inoiz?

Ez. Beto eskubide daukatenek ez dute inoiz amore emango, ez dut uste. Beste herrialde iraunkorrak sartzea aipatu da, munduaren osaketa berria islatzeko. Adibidez, besteak beste, India, Brasil, Mexiko, Hego Afrika, Japonia, Alemania... Iraunkorrak bai, baina beto eskubiderik gabe. Bost handiek beto hori eurentzat bakarrik gorde nahi dute.

Irakeko inbasioa nola baimendu zen orduan?

Kontua ez da betoa bakarrik, erabaki bat hartzeko bederatzi boto behar dira, eta gainera, beste seiak abstenitu, eta aipatutako bosteko batek betoa ez ezartzea. George Bush-ek ez zuen bederatzikoen botoa inoiz izan, hori izan zen harrigarriena eta izugarriena, ez zuen bost boto baino gehiago bildu gainera. NBEri muzin egin zion, besterik gabe, eta munduan dagoen nahaste-borrastea sortu zuen. Bushek baimenik gabe inbaditu zuen Irak, eta hor konpon! Berak bereari heldu zion eta kito. Nazioen arteko harremanek itxurarik ere ez dute ematen. NBEan sinesten ez dutenek diotenez “NBEk ez du ezertarako balio”. Badakigu. Horrela da. NBEren demokrazia itxurazkoa da, nolabait.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude