Astekaria

 Liburuak 

Kartzelako denbora

Igor Estankona

Igor Estankona


2271. alea
2011-04-03
alde 1    kontra 0
Zu zara oain txoria
Zu zara oain txoria

Mikel Etxaburu ::Zu zara orain txoria

Elkar

orrialdeak ::108

prezioa ::14€

Espetxea, maitasuna eta utopia. Mikel Etxabururen (Ondarroa, 1969) lehen lan honetan Joseba Sarrionandiaren armiarmak ikusi ditut berriro, sabaitik zintzilik, eta Ho Chi Minh-en bizimodu arrunta kartzelaren errealitate paraleloan, eta maitasuna barroteak baino harago:

 “Akrobatak harietan bizi dira,
armiarmen moduan.
Nagoen ziegan ere badago hari bat
errekuentoa eta gero hantxe loak hartzeko.
(…)
Nagoen ziegan ere badago eguzki bat
errekuentoa eta gero hantxe biok musu emateko”.

Etxaburu independentziaren ideiek eroan zuten bi urtez Soto del Realera, Alcalá-Mecora, eta ideien independentziarekin ondu du poesia fin bat, ordenarik gabekoa eta intuiziozkoa, ostera ere frogatuz Harkaitz Canok dioena hitzaurre labur ederrean: “Askatasuna ahoa betetzen digun hitz maiztu horietakoa da”. Gaiak ez du enpalagurik sortzen, ordea, Etxabururen liburuan. Denbora geldo leun batek bustitzen du dena, itsaso baten antzekoa da itxaronaldia: aktiboa. Pentsatu egiten du presoak, hitzak hautatu egiten ditu, irakurri egiten du, hartu eta utzi dabil papera. Ez dauka presarik.

Mendez mende maiztu dira euskaldunen giltzapeko literaturak, geldoak baina arinak: Juan Ignazio Iztueta XX. mende hasieran, gerra ostean Lauaxeta, Gurseko kontzentrazio esparrutik Orixe, Mario Onaindia Burgosko prozesuan, Xabier Amurizak Zamoratik… Jokin Urainen errotarria bueltaka ari da oraindik, pisutsu eta tai gabe, herri baten pazientzia neurtuz.

Zu zara orain txoria poema liburuan ere denbora ez da iragankorra, beste zeozer da. Denborak forma desberdinak hartzen ditu –txoriarenak, ametsenak, desertuarenak–, baina zain bezala dago dena, poetaren diskurtsoa soilik entzuten da, barruko gelditasunean. Goian aipatu dugun “eguzkian emandako musua” horixe da, hain zuzen: denbora sustantzia dinamikoa da, lodi doa kartzelan, arin kanpoan. Denbora subjektua da, poesiaren lanabesa, eta erritmoa, bada, jagon beharreko lehen aldagaia. Poemek tempo lasaia dute: pasatu egiten dira, baina ez alferrik, ez geldian, ez negarrez.

Erreka bezala doa irakurketa, eta Ez-lekuak, Leku pribatuak eta Leku posibleak atalak bisitatzen ditu espetxetik maitasunera eta maitasunetik utopiara, azkenean iturburura itzuliz, “herrira”, zentzu zabalean: “Belak egin ditut izarekin/ (…) herrira bueltatzeko geldi-geldi”. Poesian ur geldia bada heriotza, bizitzari kantatzen dio Etxaburuk, korronteari. Mila aldiz eroango gaituzte kartzelara, baina ezin gaituzte bajatu bi aldiz erreka berberera.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza