Astekaria

 Ekonomia 

Hondamendi nuklearra: egia jakitea

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2270. alea
2011-03-27
alde 0    kontra 0

Martxoaren 11ko seismoak eta ondorengo tsunamiak kalteturiko Fukushimako zentral nuklearren egoera bizkor ari da aldatzen. Egunero harritzen gaituzte albiste berriekin, eta horien benetako eragina zein den ez dakigu, ezta hondamendi nuklear horren sorburua eta ondorioak zein diren ere. Nahikoa da esatea, 2 eta 4 erreaktoreetan izandako leherketek material erradioaktiboa isuri zutela kanpora, eta laino hori ez dela soilik Tokion nabaritu, baita kontinente asiarretik urrunagoko lekuetan ere. Gertakariaren larritasuna lainoa sakabanatu –eta erradioaktibitatea murriztu– ala horrela mantentzearen baitan dago. Azkeneko aukerak herritarren osasunari gehiago eragingo lioke, osasunarentzako arriskuak bistakoak dira: azaleko erredura eta alterazioak, kataratak eta agian itsutasuna, hezur muinean lesioak, abortuak eta malformazioak izateko aukera, globulu zurien eta plaketen linfomak, minbizia, eta abar.

Beharrezkoa da autoritateek, ez soilik japoniarrek, baita munduko erakundeek eta batez ere aditu independenteek ere, egia esatea gertatu denari buruz, eta azaltzea zein izango diren hondamendiaren –nuklearra izan edo bestela izan– ondorio zehatzak japoniarrentzat eta gizateriarentzat, bai berehalakoak, eta baita epe motzekoak, erdikoak eta luzera begirakoak ere. Nuklearren aldeko lobbyek negozioa egiten segitu nahi dute, hala nola beren terminal mediatikoek eta gobernuek ere, eta jadanik ari dira ezbeharrari garrantzia kentzen eta soluzioa mugatzen zentral nuklearren segurtasuna handitzera. Zer nahi dugu, seguruagoa baina gaur egun garestiagoa den energia berriztagarria, edo merkeagoa baina arriskutsuagoa den energia nuklearra? Herrialde bakoitzak, Euskal Herriak ere bai, erreferendumean erabaki beharko luke.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza