Nuklearrak? Bai mesedez!

Arrazoi duzu, José Luis, iritzi emaile publiko izatea ez dago ongi ikusia. Ez dutelako galdetzen CIS, Eusko Pacometro, eta halako inkestetan, zeren galdetuko balute apustu egingo nuke politikariekin egongo ginatekeela borrokan gutxien baloratuak dauden ofizioen (hitz egiteko modu bat da) zuloan egoteko. Hori bai, egia da orobat iritzi emaileen artean ezberdintasunak egon badaudela. Neronen ibilbidea gainbeheraren erakusgarri aparta da, urrutira joan gabe. Azken boladan jendeak egunkarietako kritika saila kontaktu sailarekin nahasten badu ere, oraindik halako pedigria mantentzen du literatur kritikagintzak, eta iritzi emaileen artean errespetagarrienetakoa izaten jarraitzen du. Ustez irizpideak dituzu, gaian espezialista-edo zara, ikasia, irakurria, eta abar. Bada, hortik zutabegintzara igaro naiz, nahiz eta zutabegintza molde ohoregarri batera igaro naizen, hori bai –ez al zaizkit Mikel Asurmendi eta enparauak haserretuko–. Nolanahi dela, neure buruari galdetzen diot hurrengoa zer izango ote den: tertuliano politiko edo think tank horietako bateko kide? Ez dut pentsatu ere egin nahi.


Dena den, iruditzen zait askotan jendeak gehiegi eskatzen diola iritzi emaileari. Izan ere, ikusten duzu balizko adituak nola ibiltzen diren, eta esango nuke gai bati buruz ezer ez jakin eta ezer ez ulertzea dela iritzi batekin asmatzeko modurik probableena. Ikus ezazue bestela Rodrigo Rato Espainiako ekonomiaren salbatzaile handia, estadista bikaina, ideologiak gaindituz kudeatzaile eraginkorretan eraginkorrena. Berrikitan, bere azkeneko enpresak, Nazioarteko Diru Funtsak, itzulinguruka ibili gabe, ezgai huts gisa izendatu du. Espezialisten aldean hobe bertsolariaren eredua; gaiak jartzen dizkiote bata bestearen atzetik eta denetarako du erantzuna, eta ez hori bakarrik, denetarako du erantzun bat eta bakarra: Gora Euskadi Askatuta! (bis)


Azkeneko komentario honekin eta artikuluaren izenburuarekin desatsegitak esponentzialki biderkatuko zaizkidala susmatzen dudanez, argitu dezadan azken honen zergatia bederen.


Kontua da duela gutxi ezker abertzaleko militante beterano bati entzun niola ez zegoela nuklearren aurka; alde ez, zehazten zuen, baina kontra-kontra ezta ere. Hasieran azken aurreko batasunarequisitos horietako bat izango zela pentsatu nuen; ez zela nahikoa indarkeria baztertzearekin, ez zela aski ETAren indarkeria baztertzearekin, ezta ere bortxa babesten duten militanteak purgatu eta Siberiara bidaltzearekin, keinu gehiago behar zirela. Inork pentsa zezakeen, hortaz, integrazioaren aldeko aldaketa zela nuklearrak begi onez-edo ikustearen hau. Baina orduan ohartu nintzen ez zuela horrekin zerikusirik. Kontua ez dela energia nuklearra sortzea, gauza horiek bigarren mailako txikikeriak direla, baizik eta bonba atomikoa eraikitzea. Independentziaren aldeko bidea ez dela ez borroka armatu eragingabea, ezta bide demokratiko belaxka eta xaloa, potentzia nuklear bilakatzea baino. Euskal Herriak bonba atomikoa lortzen duenean izango dela benetan aintzat hartua: nu-klearra-da-bide-ba-karra!


Eta abertzaleen zatiketaz kezkatuta zaudeten lasaitasunerako, ez nuke berehalakoan esango EAJ ideiaren kontra egongo litzatekeenik. Nazio handiak egitasmo handiek egiten dituztela defendatu izan baitute beti jeltzaleek: Euskoak, Ertzaintza, Athletic Club, Petronor, Euskaltel, Euskal Air... Zer egitasmo handi eta nazioanalago bonba nuklearra baino?


Post Scriptum: A. A., I. R. eta L. L. Z-ri zor. n


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Petronor
Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


Petronorrek erraustegietako hondakinak jaso eta eraldatzeko proiektua aurkeztu du

Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak. Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak eraldatu eta hormigoi eta baldosen bidez, besteak beste, eraikinetan eta obra publikoetan sartu nahi ditu.


Petronorren obra batzuk geldiarazi ditu Muskizeko Udalak

Lizentzia-eskaeran “hainbat artxibo osatu gabe zeudelako” obrak geldiarazteko dekretua sinatu du Muskizko alkate Edu Brionesek.


2023-07-10 | Jon Torner Zabala
"Petronorrek kirola zikintzen du" mezua zabaldu du Greenpeacek Zierbenako estropadan

"Petronor eta Repsol dira Euskadin eta Espainiako Estatuan hurrenez-hurren CO2 gehien isurtzen duten konpainiak", salatu du Greenpeacek. "Gisa honetako ekitaldiak baliatzen dituzte haien irudia garbitzeko".

 


Eguneraketa berriak daude